-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Azterlan batek zehaztu du erresonantzia magnetikoak gibeleko gantza antzematen eta kuantifikatzen laguntzen duela
Lana BMC Medicine aldizkarian argitaratu da
Lehenengo argitaratze data: 2014/09/09
Obesitateak eta gehiegizko pisuak pertsonen erdiari baino gehiagori eragiten diete gure erkidegoan. Gehiegizko pisuak asaldura garrantzitsuak sorrarazten ditu organismoan; horietako batek gibelaren funtzionamenduari eragiten dio. Gibelean metatzen den gantzak esteatosi hepatikoa sorrarazten du, eta zenbait kasutan horrek hantura, fibrosia eta, azkenean, zirrosia sorrarazten ditu. Unera arte, gibeleko gantza zehazteko metodo fidagarriena gibeleko biopsia zen Irudi teknikek (adibidez, sabeleko ekografia) hori antzematen dute, baina ez dira hain zehatzak, gantz kantitatea zehazteko orduan.
Dena den, UPV/EHUko Medikuntza irakaslea eta Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna den Luis Bujanda buru duen ikerketa talde batek gauzatu duen azterlanak zehaztu du erresonantzia magnetikoa metodo ona dela gibeleko gantza antzemateko eta kuantifikatzeko, gibeleko biopsia baino metodo hobea dela. Lana espezialitateko aldizkari garrantzitsuenetako bat den BMC Medicine aldizkarian argitaratu da, eta Biodonostia OIIko Jesús Bañales eta UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa Saileko Raúl Jimenez doktoreek koordinatu dute. Halaber, azterlanak UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Elikagaien Zientzien Saileko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia, Digestio-aparatu eta Anatomia Patologikoko Zerbitzuetako eta Osatekeko ikertzaileen partaidetza izan du.
Ikerketa 97 gaixo obesorekin eta, gibelaren beste patologia batzuk izanda, kirurgia izan duten 32 gaixorekin egin da. Gibeleko gantz kantitatea neurtu zen, hiru metodo ezberdin erabilita: erresonantzia magnetikoa, gibeleko biopsia eta gantzaren Folchen metodoaren bidezko zehaztapen biokimikoa. Gaixoei erresonantzia magnetikoa egin zitzaien kirurgiaren aurreko egunean, eta ebakuntza kirurgikoan gibelaren lagina hartu zitzaien.
"Erresonantzia magnetikoa teknika oso erabilgarria da, gibelean gantzik dagoen ala ez eta zein kantitate duen zehazteko eta denboran zehar aplikatutako tratamenduen eraginkortasuna baloratzeko. Baliteke etorkizunean, gantzaz gain, hantura maila eta gibeleko fibrosia zehaztu ahal izatea" adierazi du Jesús Bañales Biodonostia OIIko ikertzaileak.
Artikulua BMC Medicine aldizkarian argitaratu berri da, eta ikerketa talde berak orain dela urtebete animaliekin egindako proiektu bati buruz argitaratu zuen lana berretsi du. Lan horren bidez, erresonantzia magnetikoa eginez gibeleko gantza zehatz kuantifikatzen zela egiaztatu zen.
Aipamen bibliografikoa
Novel equation to determine the hepatic triglyceride concentration in humans by MRI: diagnosis and monitoring of NAFLD in obese patients before and after bariatric surgery. Raúl Jiménez-Agüero, José I Emparanza, Adolfo Beguiristain, Luis Bujanda, José M Alustiza, Elisabeth García, Elizabeth Hijona, Lander Gallego, Javier Sánchez-González, María J Perugorria, José I Asensio, Santiago Larburu, Maddi Garmendia, Mikel Larzabal, María P Portillo, Leixuri Aguirre and Jesús M Bañales. BMC Medicine 2014, 12:137. Doi: 10.1186/s12916-014-0137.