XIV. Zientzia Asteko ekintzetan parte hartzeko izen-emate epea zabalik
Noiz eta non
Noiztik: 2014/10/27 Noiz arte: 2014/11/25
Deskribapena
Astelehenean, urriak 27, goizeko 9:00etan, irekiko da izen-emate epea UPV/EHUren XIV. Zientzia Astea dela eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartu ahal izateko. Azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da XIV. Zientzia Astea (Donostian azaroaren 6tik 8ra bitartean burutuko da, Artzain Onaren katedralaren atzealdean, Koldo Mitxelena Kulturunearen ondoan, jarriko den karpa handian).
Izen-emateak www.zientzia-astea.org web gunearen bitartez burutu beharko dira ezinbestez.
UPV/EHUren XIV. Zientzia Astean, beste urte batez, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzarekin lotuta dauden ekimen ugari burutuko dira hiru euskal hiriburuetan. Hain zuzen ere, Bilbon, Donostian eta Gasteizen 39 stand, 23 tailer, 16 txango, 2 erakusketa, hitzaldi bat eta 3 zientzia-ikuskizun (bat hiriburu bakoitzean) eskainiko dira, helburu bezala gazte eta nagusiak zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea dutenak, gai hauek sorrarazten dituzten errezeloak eta beldurrak eraitsiz.
Aurten, Zientzia Astera hurbilduko direnek aukera izango dute, beste ekintza askoren artean, itsas-bioaniztasunak gizakion osasunean duen eragina zenbatekoa den edota mundu industrialean gaur egun erabiltzen diren errobotak zeintzuk diren deskubritzeko. Gainera, bihotz-biriketako bizkortzea behar bezala egiten ikasi ahal izango dute eta surf taula berritzaile batzuekin harrituko dira, itsuentzako moldatutako taulak, taula motorizatuak edota sentsoreen bidezko jarrera-hobekuntzarako sistemadunak ikusteko aukera izango baita. Era berean, musika automatikoa sortu ahal izango da eta, sortutako melodiekin, kontzertu bat eskainiko da egun bakoitzaren amaieran. Informazio teknologia aurrerakuntzen bidez mapak sortzeko dimentsio berria ere azalduko da eta gure bost zentzumenak (dastamena, ukimena, usaimena, entzumena eta ikusmena) noraino heldu daitezkeen ere erakutsiko da.
Informazio guztia, www.zientzia-astea.org web gunean.