Carmen Agoués, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari berria
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/02/19
Zuzenbideko doktore eta Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra den María Carmen Agoués Mendizabal UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari izendatu berri dute, 2007tik hona kargu hori izan duen José Luis de la Cuesta irakaslearen ordez.
Carmen Agoués zuzenbidean lizentziatu zen 1987an eta doktoregoa lortu zuen 1995ean, administrazio zuzenbideari buruzko tesi batekin. Irakaskuntza eta ikerketa lana UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean burutu duen emakume hau irakaslea izan da arlo juridikoari buruzko hainbat masterretan (abokatutza, Europako integrazioa eta ingurumen zuzenbidea), baita Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkariko idazkaria ere. Horrez gain, ikerketa proiektu askotan parte hartu du, eta horiek barne hartu dituzte hainbat arlo juridiko: hidrokarburoen ondoriozko itsas kutsaduraren prebentzioa eta kudeaketa; konstituzio eskubideak eta garapen jasangarria; arloko legeriaren lurralde eta hirigintza plangintzan esku hartzea; edo unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren araubide juridikoa. Hiru monografia eta hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu bere espezialitatearen arloan, hain zuzen ere, lurralde plangintzaren, hirigintza plangintzaren eta jabetzaren funtzio sozialaren arloan.
Hemendik aurrera zuzendaria izango da UPV/EHUko Uda Ikastaroetan, udako eskaintza akademikoaren barruan izen handia lortu duen eta aurten hogeita hamalaugarren edizioa beteko duen ekimenean. Uda Ikastaroen zuzendaria Ricardo Etxepare izan zen luzaroan eta 2007an José Luis de la Cuestari utzi zion lekukoa. Hemendik aurrera, Carmen Agouések hartuko du proiektuarekin jarraitzeko ardura, Vicente Gascón idazkari akademiko eta administratzailearen esperientzia eta Igor Alvarez zuzendariordearen indar berria izango dituen taldearekin.