'Pautas para un protocolo de identificación, valoración, intervención y socialización de paisajes' tesiaren egile den Ander de la Fuentek bide hau proposatzen du paisaia aztertzeko: lehenik eta behin, eremu homogeneoka sailkatu beharrean, ezaugarri bereziak dituzten inguruak identifikatzea; ondoren, adierazle konparagarrien bidez balioztatzea eta, hirugarrenik, ondarea berreskuratzeko jarraibideak proposatzea.
Oroimen kolektiboa, funtsezkoa paisaia berreskuratzeko
Ikuspegi hirukoitz bat proposatu du UPV/EHUko irakasle batek paisaia aztertzeko: oroimen, irudi eta ekosistema sozial gisara
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/24
"Guk ez diogu abizenik jartzen paisaiari", erantzun du Ander de la Fuentek bere lanean ikertu dituen paisaia-motei buruz galdetzean. "Ez dugu hitz egiten paisaia kulturalez edo naturalez, hiri-paisaiez... Edozein paisaia antropizatu aztertzeko metodo bat jorratu du tesiak", dio ikerketaren egileak (arkitektoa, lanbidez). "Gure inguruko paisaia oro jotzen dugu antropizatutzat: guztietan daude giza aztarnak eta, batzuk naturalak edo gutxi aldatuak iruditu arren, denek daukate garai bateko erabilera komertzialaren arrastorik, hainbat mendetako lurraldearen ustiapen-zantzurik", dio.
Tesi horren arabera, postal eder bat baino askoz gehiago da paisaia: "Oroimena da, oroitzapen-metaketa bat, eta sinbolismo jakin bat du herritarrentzat; irudi bat da, ikuspegi bat, erreferentzia bat ingurune bateko biztanleentzat, eta bisitariengan ere uzten du arrastorik. Horrez gain, 'soziosistema' bat ere bada, giza jarduerak egiteko eremu bat, populazio jakin baten baliabide eta, aldi berean, habitat".
Hona paisaia aztertzeko tesiak proposatzen duen metodoa: "Jarduera bereziak dituzten eremuak, guneak edo azpisistemak identifikatzen ditugu ('lurraldea egituratzen duten azpisistemak' deritzenak), hots, aztertu nahi den paisaia horren erretratua egiten duen zelulen edo neuronen interkonexioa —azaldu du De la Fuentek—. Ondoren, eremu horien balioztapena egiten da, adierazle konparagarriak erabiliz eta elkarrekin alderatuz gaiari buruzko ezagutza aditua eta gizarteak horretaz duen ikuspegia. Azkenik, ondarea berreskuratzeko eta azpisistemetan txertatzeko jarraibide batzuk proposatzen dira, haien arteko etenak 'josteko' eta lurraldearen suspertze sozioekonomikorako kudeaketa-ereduak eratzeko".
Lurraldearen antolakuntza
Horrenbestez, "harago jotzea da helburua, eta paisaia horiek berreskuratzeko oroimenaz baliatzea. Horixe da, hain juxtu ere, tesiaren ardatz nagusia. Jakina, funtsezkoa da gizarteratze-prozesua, eta hori gabe ezin dugu deusik egin; izan ere, gizartearena da ondarea", azpimarratu du tesigileak.
Tesiaren beste gai bat azpimarratu du De la Fuentek: paisaia-ondarearen alderdi-bikoiztasuna. "Alboko gaia dirudi, baina garrantzitsua da; izan ere, paisaia-ondarea ez da, bakarrik, gogoratzen edo jasotzen den irudia; irudi hori berenganatzen eta harekin bat egiten duten gizarteen garapen ekonomikorako aukera bat ere bada". Gogoratu du, alabaina, bere lanaren helburua ez dela ondarea berreskuratzea, "ondarea zer den den eta zer ez erabakitzeko nor ez baikara. Gizarteak esan behar du zer den ondare, eta zer ez".
Baina "amarru txiki bat" omen dago ondareari dagokionez: "Egokitu, eraldatu egin daiteke irudia. Ondarearen eta oroimenaren ikuspegia ere alda daiteke, ez baita ez egonkorra, ez bakarra; etengabeko bilakaeran dihardu, orainalditik iraganerantz begiratuta". De la Fuenteren iritziz, "oroimen hori 'mugitzen' bada, sistemako engranaje guztiak aldatzen dira. Eta aldez aurretik 'soziosistema' edo ekosistema soziala aztertzeak, berriz, ondarearen inguruko ekonomia eta gizarte horien kudeaketa-ardatz jakin batzuk eratzeko eta, horrenbestez, oso zera garrantzitsu bat egiteko aukera ematen du: lurraldea antolatzeko, alegia".
Informazio osagarria
Ander de la Fuenteren tesiak Pautas para un protocolo de identificación, valoración, intervención y socialización de paisajes du titulua, eta UPV/EHUko Letren Fakultateko katedradun Agustin Azkarate Garai-Olaunek zuzendu du.