euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Aitor Bergara (EHU Quantum Center): “EHUn egiten ari garen lanaren erritmoa eta irismena eralda ditzake BasQ-k plataformak”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/14

Quantum System Two ordenagailu kuantikoaren aurkezpena Donostian, EHUren Gipuzkoako Campusean | Argazkia: Irekia

Beso zabalik jaso du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Basque Quantum-eko (BasQ) ordenagailu kuantikoa. Beste eragile akademiko, ikertzaile eta industrial batzuekin batera, ekimenaren bueltan kokatzen den eragile estrategikoetako bat da Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Proiektu horren buru Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin batera. Ekimen horren baitan, BasQ aurkeztu da eta IBMrekin batera IBM Quantum System Two inauguratu dute gaur goizean. Europako ordenagailu kuantikorik aurreratuena Ikerbasque eraikin berrian kokatu da, Donostian, EHUren Gipuzkoako Campusean. EHUtik Joxerramon Bengoetxea errektorea, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizueta, Ikerketako errektoreorde Jon Umerez, eta Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreorde Gotzone Barandika izan dira inagurauzioan.

IBM-Basque Country proiektuak lurraldean izango duen inpaktuaren baitan, indartu egingo du EHU Quantum Centerrek (EHU-QC) sortu zenetik ikerketa, prestakuntza eta transferentzia teknologikoaren esparruan izan duen zeregina. Aitor Bergara EHU Quantum Centerreko zuzendariak bere garrantzia azpimarratu du: "Sinbolikoa izateaz gain, plataforma zehatz bat sortu du, EHU-QCn egiten ari garen lanaren erritmoa eta irismena eralda ditzakeena, algoritmo kuantiko errealekin esperimentatzeko dugun barne-ahalmen operatiboa handituz; kanpoko enpresekin edo taldeekin lankidetzan aritzeko proiektuetarako plataforma gisa baliatuz; eta hardware kuantikora, kalibraziora, erroreen zuzenketara eta arkitekturen optimizaziora bideratutako ikerketa aplikatuko lerro berriak irekiz, besteak beste".

EHUk ibilbide luzea egin du kuantikaren arloko ikerketan, prestakuntzan eta transferentzian. EHU Quantum Centerrek 100  ikertzaile baino gehiago ditu. Prestakuntzan, duela 15 urtetik hona Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Masterra eskaintzen dute, Estatuko lehena alor horretan urte askoan. EHU-QC-ren helburua "funtsezko alderdiak eta sortzen ari diren aplikazioak ikertzea da, eskari handiko une batean teknologia kuantikoak diseinatu, ulertu eta erabiltzeko gai diren espezialistak prestatuz. Gure beste helburuetako bat da emaitza zientifikoak enpresa- eta ekoizpen-esparrura irits daitezen sustatzea, EHU eta Euskal Herria eremu kuantikoan erreferente gisa kokatzeko, nazioko eta nazioarteko lankidetzak sustatuz kongresu, tailer eta ikerketa-sareen bidez", azaldu du Aitor Bergarak. Eskuzabalik hartu du, beraz, BASQ, bai zentroak, eta baita Euskal Herriko Unibertsitateak ere.

Bergarak iragarri du Euskal Herriko Unibertsitateko EHU Quantum Centerrek teknologia kuantikoei zuzendutako gune berritzaile bat jarriko duela martxan María Goyri eraikinean (Bizkaiko Campusa), Tecnaliarekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bizkaia Quantum Hub barruan. "Proiektuak barne hartzen du honako hauek sortzea: diamantezko nitrogeno hutsezko zentroetan (NV) oinarritutako Sentsorika Kuantikoko Laborategia — medikuntzan, biologian, industrian eta materialetan berehalako aplikazioak dituen teknologia kuantikoetako bat —, prestakuntzara eta ezagutzaren transferentziara bideratutako Unibertsitate-Enpresa Gela, dibulgaziorako eta irakaskuntza praktikorako Alfabetizazio Kuantikoko Laborategia, eta prozesu kuantikoak simulatzea eta lan esperimentala babestea ahalbidetuko duen zenbaketa-klusterra. Azpiegitura horrek Maria Goyri eraikina EHU Quantum Centerren gune esperimental bihurtuko du, EHUren eta Euskal Herriaren lidergoa indartuz bigarren iraultza kuantikoan, eta, aldi berean, zientziaren, industriaren eta gizartearen arteko lankidetza bultzatuz ", dio Bergarak.