-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
EHUren memoriaren zaindaria
Maite Goñi Indurain
Almudena Grandes eta bazterren memoria
Doktoratu aurreko ikertzailea Literatura Konparatuan eta Literatura Ikasketetan
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2021/12/07
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Almudena Grandes idazlea hil berri dela eta, “ahaztuen memoriaren kontalaria omentzen” zuten artikulu eta hilberri ugari irakurri ahal izan ditugu. Erreferentzia argia egiten dio izendapen horrek Espainiako gerra zibilari eta frankismoaren aurkako erresistentziari eskainitako eleberrien zikloari, egileak bere bizitzako azken hamarkadan landu zuen literatura proiektuari: ‘Episodios de una guerra interminable’.
Espainiako memoria erresistentea berreskuratzeko funtsezko ekarpen hori izan da Espainiako literaturako narratzaile garrantzitsuenetako bati eskainitako omenaldietan gehien aipatu eta goraipatu den alderdietako bat.
Baina ez da bakarra izan. Grandesek, bere eleberrietan, errepublikanoen porrotaren ondoren hainbat hamarkadatan aktiboki jarraitu zuen borroka antifaxista aldarrikatzeaz gain, bere literaturak gatazka belikoetan zein zaintza lanetan emakumeek izandako parte hartze aktiboa aldarrikatu du.
Azken hori ezkutatu egin da sistematikoki, atzeguardiakoa eta lan feminizatu bat zelakoan, eta, hala ere, funtsezkoa zen, borroka irekia gertatzea ahalbidetzen baitzuen. Horregatik, idazle madrildarraren legatuetako bat da gizonekin batera borrokatu ziren emakumeei dagokien lekua itzultzea.
Afiliazio memoria bat: ‘Episodios’-en proposamen historiko eta narratiboa
“Historia hilezkorrak gauza arraroak egiten ditu gorputz hilkorren maitasunarekin gurutzatzen denean”.
Hori da Grandesen ziklo memorialistikoaren lehen eleberriaren tesia. Mantra moduko bat da, eta XX. mendeko historiako pertsonaia handiek oinarriko militanteen bizitzen kaltetan hartu zituzten erabakiei, itxuraz irrazionalei, erantzun nahi die.
Hala ere, esaldi horrek Grandesen oroimen apustua ulertzeko ere balio du, eta horretan emakumeek funtsezko rol bat jokatzen dute; izan ere, emakumeek sortzen eta sostengatzen zituzten frankismoari aurre egiteko eta egoera txarrenetan ere bizitzari eusteko aukera bermatzeko funtsezko sare horiek.
Afektuen historia, memoriaren kontakizunaren konplexutzea
Emakumeak eta haien zaintza sareak protagonista gisa aukeratzean, Grandesek gerraren garapenari eta haren ondorioei modu konplexuago eta anitzago batean heltzen laguntzen diguten hainbat gai sartzen ditu.
Arreta harreman pertsonaletan jarriz, beti iruditeria belikoaren barruan ez dauden biktimak erakustea lortzen du: erbestearen atzeguardia, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak, gerraosteko miseriak eragindakoak, elizgizonek kontrolatutako erakundeetan esplotatutako neskato umezurtzak, buruko sendategietako gaixoak, hiri- eta landa-loturak dituztenak, eta abar.
Era berean, eta hautatutako ikuspegiari esker, Espainia garaituaren erretratua ez da sufrimendura eta pobreziara mugatzen, gizarte frankistaren bazterretan sortu zen babes, zaintza eta erresistentzia sare osora baizik.
Horrela, gerra fratrizidaren diskurtso tradizionala gainditzen da, eta gatazkaren ikuspegi errealagoa eta justuagoa bultzatu, gatazkaren garapenean eta azken emaitzan zerikusia izan zuten faktoreak kontuan hartuta. Azken batean, ‘Episodios de una guerra interminable’-n agertzen zaizkigun gerra eta diktadura une historiko batzuei dagozkie eta horietan ezin dira bereizi gai ekonomikoak, politikoak, genero identitatekoak, sexu orientaziokoak, klasekoak, eta abar.
Almudena Grandes: memoria, justizia eta erreparazioa
Idazle madrildarra Espainiako mugimendu memorialistarekin duen konpromisoagatik nabarmendu da, besteak beste. Hori horrela, bere eleberriak bere inplikazio pertsonalaren berri ematen du, baina, gainera, Espainiako memoria kolektiboari egiten dion ekarpen nagusia ere bada.
Sustatzen duen kontakizun motaren garrantziaz eta bere eleberriek gizartean izan duten eraginaz haratago, merezi du azpimarratzea 2010ean ‘Episodios’ moduko ziklo bat agertzeak zer ondorio izan zuen. 2000z geroztik, “memoriaren booma” deiturikoa gertatzen ari zen arren –alegia, Espainiako gerra zibilaren memoria historikoarekiko kultura eta interes eztanda bat egon zen, eta, horren emaitza eleberri, film, musika eta antzezlan ugari izan ziren–, 2008 aldera, munduko krisi ekonomikoaren eta horrek eragindako hondamenen ondorioz, une horretako muturreko egoera horretara bideratu ari zen arreta. Oroimena eta iraganeko zauriak bigarren maila batean geratu ziren.
Aldi berean, 2007an argitaratutako testu batek “memoriaren boomaren” amaiera iragartzen zuen, ezarri zen gerra kontakizun motaren konbentzionalizazioak sortzen zuen “asperraldia” zela kausa. Isaac Rosaren ‘¡Otra maldita novela sobre la Guerra Civil!’-i buruz ari gara, Cortázarren antieleberriari egindako omenaldi moduko bat. Memoriaren eleberria literarioki suntsitu zuen, eta oroimen deseroso bat aldarrikatu, irakurleak errepresioaren biktimen duintasuna berrezartzeko borrokatzen zen mugimendu memorialistikoarekin bat egitera mugiarazteko balioko zuena.
Testuinguru horretan agertu ziren Almudena Grandesen liburuak. Eleberri luze, konplexu eta koralak, gerra jorratzeko orduan biktima guztiak eta frankismoarekin amaitzeko borrokatu ziren gizon eta emakume guztiak aintzat hartzea proposatzen zutenak.
Laburbilduz, ‘Episodios de una guerra interminable’-rekin, gainbeheran zegoen joera literario bat indarberritzeaz gain, ahaztuen, bazterretako biztanleen, historia berreskuratzeko beharra eztabaidaren erdigunean jarri zen.
Bere eleberrien aurreko garai bat eta geroko garai bat daude; izan ere, Grandesen erabateko arrakastaren ondoren, gauza bat argi dago: gerraren eta erresistentziaren historia asko dago oraindik kontatzeko, eta emakumeen historia osatugabe dago oraindik.