euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Erakusketa

Artearen memoria hezkuntzan

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2026/09/08 Noiz arte: 2026/10/01

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Irailaren  8tik urriaren 1era arte, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ’Artearen memoria hezkuntzan’ izeneko erakusketa ikusgai dago. Erakusketa Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak antolatu du, EHUkultura Gipuzkoaren laguntzarekin. Sarrera librea da. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00ra.

Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak euskal memoriara eta gatazketara egindako bidaia honetan, berrikuntza pedagogiko bat aurkeztu nahi du, gizarte-gatazkak lantzeko arteak (balia)bide dituena: Memoriaren Artea eta Artearen Memoria hezkuntzan proiektua. Antolatzaileen hitzetan helburu nagusia proposamen didaktiko bat sortzea izan da, “literatura eta beste arteak oinarri eta bidetzat hartuta, Euskal Herrian XX. eta XXI. mendeetan zehar eragin sakona izan duten gizarte-gatazkak gaztetxoengana hurbiltzeko. Horretarako, hasieratik euskal hezkuntzak zer behar dituen identifikatu, eta harremanetan jarri gara memoria historikoaren arloko ikertzaile, artista eta hezkuntzaren arloko profesionalekin. Ondoren, proposamena diseinatu dugu arte munduko aholkularien laguntzaz eta, azkenik, Errenteriako Herri Arte Eskolan jarri dugu martxan. Prozesu horren guztiaren emaitza dira Erein argitaletxeak kaleratu dituen bi unitate didaktikoak: Artearen memoria. Gatazkak lantzeko proposamen didaktikoa (+8). Gerrak ez du izenik (Erein, 2025) eta Artearen memoria. Gatazkak lantzeko proposamen didaktikoa (+10). Nemo kapitainaren azken bidaia (Erein, 2025). Proposamen horiek Euskal Herriko edozein eremuko eta adineko ikasleek erabiltzeko diseinatuta daude, hezkuntza formal zein ez-formalean, nahiz eta, batik bat, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egon”.

Hiru fasetan antolatutako metodo diziplinartekoa da eta arteen bidezko ikerketa nahiz ezagutza daude metodoaren oinarrian, baita enpatia historikoaren garapena ere. “Gatazketara hurbiltzeko nahiz horien inguruan kritikoki eta sormenez, ikuspegi transformatzailetik hausnartzeko esperientzia interartistikoak proposatzen ditugu bertan. Haur eta Gazte Literatura osagai garrantzitsua da prozesu horretan guztian zehar, euskal gatazkak hizpide dituzten literatur lanen irakurketa multidimentsional bat proposatzen baitugu, irakurketa une zehatzetan eten, eta baliabide interartistikoen bitartez eta askotariko jarduerak tartekatuz, gatazkak gorputzetik eta gorputzaren bitartez ezagutzeko, besteak beste”.

Erakusketa honetan, metodoa urratsez urrats azaltzeaz gain, Errenteriako Herri Arte Eskolako ikasleek prozesuan zehar egindako lanak erakutsi dituzte. Erakusketa lau material desberdinek osatzen dute. “Batetik, azalpen paneletan egitasmoa aurkezten dugu eta sortutako material didaktikotik abiatzen diren bi ariketa proposatzen ditugu ikusleek ere erakusketan parte har dezaten. Bestetik, erakusketa honen abiapuntua Errenteriako Herri Arte Eskolako ikasleekin aurrera eramandako esperientzia denez gero, haiekin egindako bidearen berri ematen dugu; horretarako, prozesuan zehar ateratako argazkiak eta ikasleen eskulan eta artelanak erakutsiko ditugu. Azkenik, ikasleekin izandako lehen esperientzia hau jasotzen duen bi ikus-entzunezko ere osatu ditugu erakusketarako”, diote antolatzaileek.