euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHU Gertu-Gertutik: Saltillo ontzi-eskola

Saltillo, zerumuga itsasoa duen ikasgela

Ia mende bateko historiak eta EHUko eskola itsasontzi izaten emandako 58 urteek itsasontziaren ibilbidea bermatzen dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/19

Ezkerretik eskuinera: June Herrero, Nautika eta Itsas Garraioko Graduko hirugarren mailako ikaslea; Mikel Lejarza, Saltilloko kapitaina, eta Daniel Segurola, EHUko Itsas Ingeniaritzako masterreko ikaslea
Ezkerretik eskuinera: June Herrero, Nautika eta Itsas Garraioko Graduko hirugarren mailako ikaslea; Mikel Lejarza, Saltilloko kapitaina, eta Daniel Segurola, EHUko Itsas Ingeniaritzako masterreko ikaslea | Argazkia: Enetz Beaskoetxea. EHU

Bada branka eta popa bereizten jakin gabe iristen denik, baina Saltillo eskola itsasontzian ikasteak denetarik egitea esan nahi du: nabigatzea, sukaldean aritzea, antolatzea, besteekin bizitzea eta besteengan konfiantza izatea. Belaontzi historiko honetan egindako irteera bakoitza zerbait berria ikasteko aukera bat da. Mikel Lejarzak —23 urtez kapitaina— June Herrerok eta Daniel Segurolak —EHUko Nautika eta Itsas Garraioko Graduko eta Itsasketa Masterreko ikasleak, hurrenez hurren,— ondo ezagutzen dute eraldaketa hori. Saltillon topalekua duen komunitate txikiaren parte dira hirurak.

Hogei metroko luzera, bi masta, hamasei litera eta hogei laguneko tripulazioarekin nabigatzeko gaitasuna. Saltillo bi mastako goleta bat da, Queche izenez ezagutzen dena itsas hizkuntzan, eta haize oihalen konfigurazioak euskal kostaldean oso ohikoa ez den silueta bereizgarria ematen dio. Benetako neurria, ordea, ez da neurtzen ez metrotan ez haize oihaletan. Ia mende bateko biziarekin, ontziak lotura estua du Euskadiko itsas prestakuntzarekin; hain zuzen ere, eginkizun hori betetzen du hamarkada batzuetatik hona EHUko eskola itsasontzi gisa.

Historia eta etorkizun handiko itsasontzia

1932an eraiki zen Amsterdamgo G. de Vries Lentsch ontziolan. 1934an Pedro Galíndez enpresari bizkaitarrak erosi zuen eta Saltillo izena jarri zion. Aldi batean Joan Borboikoarekin lotura izan zuen eta garaiko historiako hainbat gertakizunen eszenatoki izan zen. 1968an, Portugaleten dagoen Bilboko Nautika Eskola Ofiziala ri ematea erabaki zuen Galindezek, eskola itsasontzi gisa erabil zedin. Harrezkero, itsasontziaren patua etorkizuneko itsasoko profesionalen prestakuntzarekin uztartuta geratu zen. Geroago, Bilboko Itsas Armada Zibilaren Goi Eskola izena hartu zuen eskolak eta 1994an Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zen, itsasontziarekin batera.

Saltillo

Saltilloren jarraitutasuna, ordea, ez zen ziurtatuta egon beti. Laurogeiko hamarkadaren amaieran, ontziaren kontserbazio egoera oso kezkagarria zen. 1987an, Fernando Cayuelak —Merkataritzako Ontzidiko kapitaina eta geroago eskolako zuzendaria— kroskoa berraztertzea agindu zuen eta larriki hondatuta zegoela baieztatu zen. Ontziak premiazko esku hartzea behar zuen. “Hondoratzeko zorian zegoen. Kroskoa oso egoera txarrean zegoen”, gogoratzen du Mikel Lejarzak.

1987ko azaroan, Saltilloren Lagunen Elkartea sortu zen, Cayuelak, irakasleek eta ikasleek bultzatuta, baina herritarrek ere parte har zezaten irekia. Belaontzia salbatzeko beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak lortzea zuen helburu. 1988an lurrera eraman zuten, Bilboko Portuko Agintaritza ren lankidetzarekin Axpe-Erandion lagatako instalazio batera, eta han egon zen zaharberritzeko behar izan ziren urteetan.

Eskola EHUn sartzeak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzeak zaharberritze lanak egiteko beharrezko funtsak biltzea ahalbidetu zuen. Hamar urte geroago, 1998an, Saltillo uretara itzuli zen. Jatorrizko kroskoa kontserbatu egin zen, baina barrualdeko zati handi bat erabat berritu zen eta ontzigainaren eta polipastoaren konfigurazioa berreskuratu zen.

Mikel Lejarza: «Laborategi praktikoa da guztiz. Ikasitako guztia praktikan jar dezakete»

Lejarzarentzat zaharberritze hura ontziaren historiako une erabakigarrietako bat izan zen. “Nire ustez, inflexio punturik handiena, dohaintzaz gain, Fernando Cayuela eskolan sartzea izan zen. Saltillo ontziaren kargu egin zen eta zaharberritzea lortu zuen. Cayuelari esker, gaur egun nabigatzen dabil”.

Egungo kapitainak Cayuelarekin harremanetan jarraitzen du eta hark ezarritako lan ildoari jarraitzen ahalegintzen da. “Itsasontzian egiten ditudan aldaketak oraindik ere aipatzen dizkiot. Garrantzitsua dela iruditzen zait. Izan ere, nik baino hobeto ezagutzen du Saltillo ontziaren historia eta modu biziago batean bizitu zuen garai hura”.

Laborategi bat, non dena eginez ikasten den

Gaur egun, ur gaineko ikasgela bat da Saltillo. Eskoletan jasotako ezagutzek zuzeneko aplikazioa topatzen duten gunea da eta teoriak esperientziari lekua uzten dio. “Laborategi praktikoa da guztiz. Ikasitako guztia praktikan jar dezakete. Eskolak duen osagarri bat da eta ez du preziorik”, azaltzen du Lejarzak.

Jarduera urrian hasi ohi da. Praktikak borondatezkoak dira. Ikasturte hasieran, kapitaina lehen mailako ikasleekin biltzen da ontziak nola funtzionatzen duen eta tripulazioan nola sar daitezkeen azaltzeko. Izena emateko aldia igaro ondoren, trebatzeko lehen irteerak hasten dira, seiko taldetan, inoiz nabigatu ez dutenek ontzia ezagut dezaten eta haren mugimenduetara ohitu daitezen.

Hortik aurrera, tripulazioak nahasi egiten dira: eskarmentua duten ikasleek eta ikasle hasiberriek maniobrak, guardiak eta erantzukizunak partekatzen dituzte. Irakaspena, neurri handi batean, ikaskideen artean gertatzen da.

“Nik zuzendu egiten dut, baina ikasleek egiten dute dena. Sokak askatzen dituzte, makina abiarazten dute, lema eramaten dute, haize oihalak jaisten dituzte, nabigatu egiten dute, atrakatu eta desatrakatu egiten dute. Ontzi pneumatikoa ere maneiatzen dute. Praktikarekin ikasten dute guztia”, dio Lejarzak.

Esperientzia ia hutsetik has daiteke. “Atzo ikasle batzuek ez zekiten branka eta popa zer ziren. Nabigatzen jarraitzen badute, azkenerako Saltillo heurek eramaten dute. Niretzako hori harro egoteko modukoa da”.

Daniel Segurola: «Hasiberri gisa sartu naiz hemen, ezer ere jakin gabe, eta bilakaera oso ona da, bai pertsona gisa, bai profesional gisa»

June Herrerok, Nautika eta Itsas Garraioko Gradu ko hirugarren mailako ikasleak, oso ondo gogoratzen ditu lehen urratsak. Itsasoarekiko lotura familiatik zetorkion: Juneren aitite patroia izan zen eta beti sentitu izan zuen nabigazioarekiko erakarpena. Zaletasun hura lanbide bihur zezakeela jakin zuenean, urratsa ematea erabaki zuen.

“Lehen aldian oso urduri nengoen, baina oso harrera ona egin zidaten eta izugarri ikasi nuen. Gero ez nuen ezer gogoratzen hurrengo praktika arte, baina oso ongi pasatu nuen”, gogoratzen du barre artean.

Lehen irteera hartan, goragoko mailetako eta masterreko ikasleak tripulaziokide izan zituen. Haiek irakatsi zioten ontzian moldatzen. Saltillon denbora gehiago daramatenengandik ere ikasten delako.

Daniel Segurola, Itsasketa Master reko ikaslea, bide desberdin batetik iritsi zen. Familian itsas tradiziorik izan gabe eta aurrez nabigatu gabe, desberdinak zirelako aukeratu zituen itsasketako ikasketak. “Ez nuen oso argi zer ikasi nahi nuen. Ingeniaritzaren bat nuen buruan, baina hau bitxia iruditu zitzaidan. Gutxi ginen eta zerbait desberdina zen. Eta esan nuen: aurrera”.

Saltillo

Itsasontziarekin izan zuen lehen kontaktua ere deskubrimendu bat izan zen. Dena zen berria: maniobrak, sokak, elementu bakoitzaren izena eta nabigazioko hiztegia bera.

“Hasieran oso galduta nenbilen. Ezagunak ez zaizkizun izen eta gauza asko daude. Etxean baranda esaten duzuna karela da hemen. Lehenengo egunean gauza bakoitzak nola izena duen esaten dizute eta zer ukitu ez dakizula geratzen zara”, azaltzen du.

Junek baietz esaten du buruarekin. “Esaten dizute eta pentsatzen gelditzen zara. Hurrengo praktiketan dagoeneko zerbait ezaguna zaizu, baina agian gogoratzen duzu zer egin zenuen eta ez dakizu nola deitzen zaion”.

Denborarekin, terminologia eta mugimenduak jada ez zaizkizu ezezagunak. Hain zuzen ere, errepikapena da, bereziki udako itsasaldietan, ikasitakoa barneratzeko aukera ematen duena.

“Udan izugarri ikasten duzu. Irteera bat egiten duzu, astebete igarotzen duzu nabigatzen eta egunero lan egiten duzu. Ikastaro trinko baten modukoa da”, dio Danik.

Taldean lan egitea, elkarrekin bizitzen ikastea

Saltillo itsasontziko prestakuntza ez da nabigatzera mugatzen. Ikasle bakoitzak txartel bat jasotzen du eta bertan irteeran zer postu bete behar duen esaten zaio. Maniobra arduradunak, makineriako buruak eta zeregin zehatzak dituzten marinelak izaten dira. Zereginak banatu egiten dira eta esperientzia irabazi ahala denak postu desberdinetatik igaro daitezen ahalegina egiten da.

“Mundu guztiak denetatik egin behar du”, azaltzen du Junek. “Batzuek maniobra bat zuzentzen dute eta beste batzuek zeregin zehatzak egiten dituzte. Azkenean, batzuk bagara brankan eta batek egiten du koordinazio lana, baina denek egiten dute lan”.

Erantzukizuna pixkanaka handitzen joaten da. Denbora gehien daramatenek zailtasun handiagoko zereginak har ditzakete eta hasiberriek, berriz, oinarrizko eragiketak ikasiz hasten dira.

Mikel Lejarza: «Saltillotarrak familia txiki bat gara. Mundu guztia egon da hemen eta pasadizo berak partekatzen ditu»

Danirentzat, eskoletan ikasitakoa aplikatzen hastea esan nahi du esperientzia horrek. “Ikasgelan guardiaka nabigatzen dela azal diezazukete, baina hemen zer esan nahi duen ikusten duzu. Lema eramaten, nabigatzen eta erantzukizunak zure gain hartzen ikasten duzu. Aurrera egin ahala, berdin-berdin izan zaitezke makinaren arduradun zein maniobra baten arduradun”.

Denbora antolatzen eta lan egiteko eta atseden hartzeko txandak errespetatzen ere ikasten da. Guardiak errutinaren parte dira eta puntualtasuna eta konpromisoa eskatzen dute. Dinamika horrek, Lejarzaren arabera, ikasleak prestatzen ditu merkataritzako itsasontzi batean joan behar dutenerako.

Agian ikasgai garrantzitsuenetako bat dena, ordea, ez da eskuliburu bakar batean agertzen: elkarrekin bizitzea. Itsasontzian hamar egun igaro ditzakete lurrik zapaldu gabe, espazio txikiak, otorduak, lanaldiak eta atseden orduak partekatuz. Hamasei litera daude, baina itsasaldietan tripulazioa hogei lagunek osa dezakete. Bakoitzak bere ordutegiak eta betebeharrak izaten ditu eta denek ikasi behar dute besteak errespetatzen.

Mikel Lejarza

“Kontuan izaten dugu batzuk guardia izan dutela eta lo egiteko beharra dutela, baina zuk gauzak prestatu behar dituzu. Beti izaten da mugimendua eta zarata. Kontuz ibili beharra dago, norbait deskantsatzen egon daiteke eta”, azaltzen du Junek.

Baldintza horietan sortzen diren harremanak bereziak dira. Beti ez da eskolako lagunekin nabigatzen. Batzuetan ia ezagutzen ez dituzun pertsonekin partekatzen duzu itsasontzia. Dena den, zenbait egun lanean eta elkarrekin bizitzen eman ondoren, loturak sendotu egiten dira.

“Harreman asko sortzen dira hemen, egun guztia elkarrekin pasatzen dugu eta”, dio Junek. “Danirekin, esate baterako, ez nuen inoiz topo egiten klasean ni baino nagusiagoa delako, baina hemen lagunak egin gara”.

Lejarzak ere ikusi du 23 urte hauetan komunitate hori nola eraikitzen den. Bere lanaz gehien baloratzen duen gauzetako bat da ikasleen bilakaera ikustea, lehen mailara heltzen direnetik erantzukizunak beren gain hartu eta eskarmentua duen tripulazioko kide izatera iristen diren arte. “Lehenengo mailan nola sartzen diren, nola ikasten duten, taldea nola osatzen duten eta nabigatzera nola irteten diren ikustea onena da. Itsasontziko taldea sortzen da”.

Kapitainak azpimarratu du bere lana nabigatzen irakasteaz haratago doala. “Azken aldian, asko azpimarratzen dut itsasontzian izan behar den portaera eta jokabidea. Elkarrekin bizi, lan egin eta lankidetzan aritu beharra dagoela. Ahalegina egiten dut ohart daitezen itsasontzi batera edo edozein lanpostutara iristen zarenean, lankide ona izan behar duzula, lan egiteko prest egon behar duzula eta ez dituzula besteak engainatu behar”.

June Herrero: «Nahi ala ez ikasten duzu. Bazkaria prestatzea egokitzen zaizu eta ez dituzu dilistak inoiz egin. Ikasi egingo duzu bada»

Ikasleek eskolak amaitzen dituztenean ere jarraipena duen harreman sarea da horren emaitza. Lejarzak harremanetan jarraitzen du ikasle ohiekin, haien ibilbide profesionalen jarraipena egiten du eta, zenbaitetan, harremanetan jartzen ditu dagoeneko sektorean lanean ari direnak hasiberriak direnekin.

“Azkenean familia txiki bat da. Saltilloko kamisetarekin joaten dira ontzietara eta berehala ezagutzen ditu norbaitek: “Hara, zu Saltillokoa zara!”. Komunitate sentimendua dago. Mundu guztia egon da hemen eta pasadizo berak partekatzen ditu”.

Tipula eta ilunabar artean

Itsasontziko bizitzak badu hain teknikoa ez den alderdi bat, eta ziur asko, ahazten zailagoa dena. Saltillon ez da nabigatzen bakarrik ikasten: otorduak antolatu behar dira, erosketak egin behar dira, sukaldean aritu behar da eta ontzia txukun mantendu behar da.

Menua bidaia bakoitzaren aurretik prestatzen da eta erosketak pertsona kopuruaren eta itsasaldiaren iraupenaren arabera antolatzen dira. Ondoren, lana banatu behar da.

June Herrero

Junek bereziki gogoratzen ditu une horiek. “Oroitzapen onenak denok mahaiaren inguruan janaria prestatzen dugunekoak dira. Hogeita hamar tipula, hogeita hamar piper… txikitzen ditugu eta hogei laguntzentzat edo gehiagorentzat prestatzen dugu janaria”.

Junek ez zekien sukaldean lehen aldiz ontziratu zenean. “Nahi ala ez ikasten duzu. Guardia batean otordua prestatzea egokitzen zaizu eta dilistak ez dituzu inoiz egin. Egiten ikasiko duzu bada”.

Itsasoaz gozatzeko astia ere izaten da. Danirentzat, egun gogor baten ostean itsasontziak lasai, kostaldetik urrun, nabigatzen duenean iristen da unerik berezienetako bat.

“Oso gogoko ditut lasai nabigatzen zoazen uneak. Oso ilunabar politak ikusten dira. Lurrik ikusten ez duzunean, bidaia luze batean zaudenean edo eguna gogorra izan denean, beti dago tartetxo bat bost edo hamar lagun elkartzeko, hitz egiteko eta bistez gozatzeko”.

Eta, jakina, tradizioak daude. Saltillo itsasontzitik igaro direnen artean ezagunena den tradizioa lehen aldiz nabigatzen duten ikasleen bataioarena da.

Itsasontziak porturen batean atrakatzen duenean egin ohi da zeremonia. Beteranoek oraindik esperientzia bizitu ez dutenak identifikatzen dituzte eta, gutxien espero dutenean, uretara botatzen dituzte arropa eta guzti. “Beti izango duzu gogoan nork bataiatu zintuen”, kontatzen du Junek. “Badakizu zazpi egunen buruan, uneren batean, uretara botako zaituztela arropa eta guzti. Beraz, bidaia osoa zain igarotzen duzu”.

Daniel Segurola:  «Oso ilunabar politak ikusten dira. Beti dago tartetxo bat elkartzeko, hitz egiteko eta bistez gozatzeko»

Danik gogoan du bere bataioa: “Eskutik heldu eta, pun, uretara”. Orain, beteranoa den aldetik, tradizioan parte hartzea tokatzen zaio.

Belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren eta tripulazioaren identitatea eraikitzen laguntzen duten istorio txikiak dira. Txantxak, partekatutako oroitzapenak eta denborarekin ikasle bakoitzaren historia pertsonalaren parte diren pasadizoak.

Eboluzionatzen doan tripulazioa

Saltillok ikasle berriak jasotzen ditu urtero. Parte hartzea 80 lagun ingurukoa da, baina zifra hori aldatu egiten da promozioaren eta jarduerarekin bat egiteko gogoaren arabera. Joan den urtean 104 ikasle igaro ziren itsasontzitik eta aurtengo ikasturtean 68 ingurukoa da zifra, oraingoz.

Jarduera urtean zehar banatzen da. Eskolaldian hogeita hamar bat irteera egin ohi dira arratsaldez eta horiei udako itsasaldiak gehitu behar zaizkie. Guztira, itsasontziak 80 eta 90 irteera artean egiten ditu urtean; eta bidaia horiek astebete eta hamabost egun bitartean irauten dute, denboraldi bakoitzeko programaren arabera.

Tripulación

Tripulazioak ere aldatu egiten dira. Zenbait ikaslek ikasturteak ematen dituzte eta erreferente bilakatzen dira lehen aldiz iristen direnentzat. Beste batzuk, aldiz, epe laburragoetarako etortzen dira. Jarraitutasuna, neurri handi batean, promozio bakoitzaren inplikazioaren araberakoa da.

Lejarzak bereziki gogoratzen ditu talde oso kohesionatuak osatu dituzten belaunaldiak. Azken urteetan, azpimarratzekoa da emakumezko ikasle ugari etorri direla, erantzukizunak beren gain hartzen joan direnak eta tripulazioa berritzen lagundu dutenak. Emakumeen presentzia, hain zuzen ere, nabarmen handitu da. “Lehen oso arraroa zen neskak ikustea, baina orain gero eta gehiago dira”, azaldu du kapitainak. Douarnenezera (Frantziako Bretainian) egindako itsasaldian, tripulazioa osatzen zuten hamalau ikasletatik sei emakumeak ziren.

Junek ere bizitu du bilakaera hori. Bere inguruan irteeretan erregulartasunez parte hartu ohi duten hainbat emakumezko ikaskide ditu. Eta, Lejarzak gogorarazten duen moduan, Saltillon ez da bereizketarik egiten lanak banatzerako garaian: “Ez dugu bereizketarik egiten nesken eta mutilen artean, ez lanpostuetarako ez ezertarako”.

Mikel Lejarza: «Ez da buelta bat ematera joaten den itsasontzi bat, ikasleak prestatzen dituen itsasontzi bat da»

Junek berak aitortzen du hasieran zenbait maniobrek ahalegin berezia eskatzen ziotela. “Badira indar handia eskatzen duten gauzak eta hasieran kosta egiten zitzaidan. Pixkanaka, ordea, jabetzen zara dena ez dela indar kontua, teknika ere bada. Sokak beste modu batera erabiltzen ikasten duzu, zure modura egokitzen. Orain askoz ere konfiantza handiagoa dut neure buruarengan”.

Danirentzat, hasierako erronka nagusia ezagutu beharreko elementu eta maniobra kopuru handiari aurre egitea izan zen. “Hasieran pentsatzen nuen ezinezkoa zela denaz oroitzea. Belaontzi batek haize oihal asko eta soka asko ditu, eta gauza bakoitzak modu batera funtzionatzen du. Denborarekin eta praktikarekin, ordea, ikasten joaten zara”.

EHUko enbaxadorea itsasoan

Saltilloren jarduera ez da prestakuntzan amaitzen. Hainbat portu eta itsas ospakizunetan aurkitzeak EHU eta Euskadi ordezkatzen dituen itsasontzi ere bihurtzen du.

Ohiko helmugen artean nazioarteko itsas topaketak eta jaialdiak daude. Kapitainak bereziki gogoratzen ditu Arroxelako azoka nautikora egindako bisitak, non itsasontziak Grand Pavois delakoan parte hartzen duen, sektoreko hitzordu nagusietako batean. Brestera eta Douarnenezera (Frantzian) ere bidaiatu du. Lau urtetik behin itsas jaialdi bat antolatzen da eta Saltillo bertan izan ohi da.

Azken uda honetako itsasaldia bereziki gogorra izan zen. «Egoera zailak sortu zitzaizkigun, baina sortu ahala aurre egiten joan ginen eta bidaia normaltasunez amaitzea lortu genuen», dio Lejarzak.

Bidaia guztiak ez dira berdinak. Batzuk zailtasunengatik geratzen dira grabatuta eta beste batzuk tripulazioaren harmonia onagatik, eguraldi onagatik eta nabigazioaren lasaitasunagatik. Kapitainaren oroitzapenen artean Irlandara egindako itsasaldi bat dago. Lehen mailako ofizial gisa egindako lehen urteetan izan zen eta zortzi egun behar izan zituzten iristeko eguraldi txarraren ondorioz.

Descripción de la imagen

Saltillo itsasontziak egin duen ibilbidean zehar, oihartzun handiko gertakarien protagonista ere izan da. 2011. urtean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak itsasaldi bat antolatu zuen Hondarribiatik Galiziaraino, Iparraldeko Done Jakue Bidea Gizadiaren Ondare izateko hautagaitzari babesa emateko. Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako erkidegoek parte hartu zuten ekimen hartan, Saltillo itsasontziak bandera ontzi gisa jardun zuen. Kulturaren eta kirolaren munduko pertsona ezagunak joan ziren itsasontzian, komunikabideen jarraipen handia izan zuen zeharkaldi hartan.

Duela gutxi, El Saltillok Athletic de Bilbao futbol taldeak lortutako Errege Koparen ospakizunean parte hartu zuen. Klubak berariaz gonbidatutako bi ontzietako bat izan zen, Bilboko itsasadarrean zehar gabarra laguntzeko; bestea, Salvamento Marítimo Humanitario GKEaren Aita Mari ontzia izan zen. EHUk gonbidapena onartu zuen, eta kapitainak Nautikako ikasleek eta Unibertsitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Eskolako ordezkariek osatutako tripulazioa antolatu zuen. Zeharkaldiari esker, ikasleek gertaera historiko bat bizitzeko aukera izan zuten, eta, aldi berean, nabigazio-baldintza ezohikoetan nahitaezko praktikak egiteko orduak osatu zituzten.

Beste batzuetan, Saltilloren jarduerak Eusko Jaurlaritza ri eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeari ikusgarritasuna ematen lagundu du, itsasontzia mantentzen eta sustatzen laguntzen duten erakundeak baitira.

Ontziaren silueta historikoak jakin-mina pizten du, batez ere gure mugetatik kanpo. Belaontzia unibertsitateko eskola itsasontzi bat dela eta ikasleak direla maniobrez arduratzen direnak azaltzen duenean Frantzian —itsas tradizio luzea duen herrialdean— sortzen duen harridura gogoratzen du Lejarzak. «Han asko harritzen dira. Nola lan egiten dugun eta itsasontziak nola funtzionatzen duen kontatzen diegu eta txundituta geratzen dira. Agian hemen ez da hainbeste baloratzen, baina harro egoteko modukoa da».

Ia ehun urte geroago, zerumuga bera

Itsasontzi historiko bat nabigatzeko moduan mantentzeak, lana, baliabideak eta etengabeko arreta eskatzen ditu. Lejarza arduratzen da bai praktikez, bai ontziaren mantentze lan orokorrez. Eusko Jaurlaritzak zaharberritzea finantzatu zuen, eta urtero dirulaguntza bat ematen du, Unibertsitatearen ekarpenarekin osatzen dena, kontserbazio gastuei aurre egiteko.

June Herrero: «Hasieran kosta egiten zitzaidan; pixkanaka, ordea, jabetzen zara dena ez dela indar kontua, teknika ere bada. Orain askoz ere konfiantza handiagoa dut neure buruarengan»

Ez da erraza. Urte batzuetan mantentze lanen premiak handiagoak izaten dira eta, ondorioz, aurrekontuak kontuak doitzera behartzen du. Hara ere, helburuak berbera izaten jarraitzen du: itsasontziak nabigatzen jarraitzea eta irakaskuntza funtzioa betetzen jarraitu ahal izatea.

“Erronka erabatekoa da. Ondo mantenduta jarrai dezala, nabigatzen jarrai dezala eta ikasleek etortzeko gogoa izan dezatela. Niretzako garrantzitsua da itsasontziekiko jakin-min hori sustatzea, urruneko zerbait bezala ez ikustea”, dio kapitainak.

Saltillo lan bat baino askoz gehiago da berarentzat. Merkataritzako ontzidian bost urte eman ondoren, 23 urte daramatza itsasontziari lotuta. “Ia bizitza erdia da. Nautikako ikasketak egiten dituzunean, merkataritzako ontzidian lan egiteko prestatzea pentsatzen duzu. Nik, Saltillon sartu nintzenean, nire ibilbide profesionala pixka bat aldatu nuen eta eskola itsasontzietan espezializatu nintzen”.

Unibertsitateko kideek itsasontziaz zer jakitea gustatuko litzaiokeen galdetzen zaionean, erantzuna argia da: ontziaren historia, baina, batez ere, bere funtzioa. “Ez da buelta bat ematera irteten den itsasontzi bat. Ikasleak prestatzen dituen itsasontzi bat da. Prestakuntza laborategi onena da”.

Junek hitz batean laburbiltzen du: komunitatea. Danik bilakaera aukeratzen du. Ikasle bakoitzarentzat modu oso desberdin batean hasten den, baina azkenean aztarna bera uzten duen esperientzia bat deskribatzeko bi modu.

Agian horregatik jarraitzen du Saltillo ontziak garrantzitsua izaten eraiki zenetik ia ehun urte geroago eta eskolari dohaintzan eman eta mende erdi baino geroago. Posible egin zutenen oroitzapena gordetzen du, baina etorkizunari begira jarraitzen du, ontzira igotzen den promozio berri bakoitzarekin. Eta itsasaldi bat amaitzen den aldi oro, beti dagoelako norbait nabigazioari buruz, taldean lan egiteari buruz eta bere buruari buruz apur bat gehiago dakiena. Aurretik beste askok egin zuten bezala, dagoeneko Saltilloko familiako kide dela esan dezakeen norbait.