EHUko ikerlari Vicente Gilabertek parte hartu duen nazioarteko azterlanak duela 66 milioi urteko ozeanoetako osasuna aztertu du Nature Communicationsen.
Artiko gezagoa eta okerrago konektatuta zeuden ozeanoak: halakoa zen itsas mundua Kretazeoaren amaieran
Kretazeoko ozeanoek desizozteari eta Ipar Atlantikoko korronteari buruz ohartarazi zuten eta Europako klimarako funtsezkoak dira
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/09
Nazioarteko ikertzaile talde batek, Zaragozako Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) mikropaleontologoen parte hartzearekin, Nature Communications aldizkarian frogatu du Kretazeoaren azken milioi urteetan kontinenteen berrantolaketa gertatu zela, eta horrek aldatu egin zituela gazitasun eta tenperatura ereduak eta ozeanoen arteko lotura. Zientzialariek ohartarazi dutenez, egoera horrek zenbait paralelismo ditu egungo egoerarekin; izan ere, Groenlandiako eta Artikoko kasko polarraren urtze azeleratutik datorren ur gezaren deskargak zalantzak sortzen ditu Ipar Atlantikoko korronteen egonkortasunari buruz, eta hori funtsezkoa da Europako klimarentzat.
Azterlana Wiesława Radmacher geologo poloniarrak zuzendu du eta Vicente Gilabert (EHU), José Antonio Arz (Zaragozako Unibertsitatea) eta Ignacio Arenillas (Zaragozako Unibertsitatea) mikropaleontologoek hartu dute bertan parte. Ikerketak agerian utzi duenez, Kretazeoaren amaieran, Artikoa ibaietatik iritsitako ur gezaren deskarga handiak jasotzen hasi zen. Aldi berean, Erdialdeko Amerikako itsas igarobidea pixkanaka itxi izanak Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko lotura ahuldu zuen. Ozeano Artikoa, berriz, Groenlandia–Norvegia itsasartearen bidez baino ez zen komunikatzen gainerako ozeanoekin.
“Koktel geografiko haren ondorioz, ozeanoen zirkulazio globala aldatu egin zen eta ur ez hain gaziak ur masa trinkoagoen gainean geratu ziren. Horrek bi ur masa haiek nahastea zaildu zuen, dentsitate desberdineko geruzak baitziren. Ozeanoen estratifikazio bertikala esaten zaio fenomeno horri. Prozesua bereziki handia izan zen Artikoan (ur gezago horien iturria), Ipar Atlantikoan eta antzinako Tetis ozeanoan (gaur egun Mediterraneo itsasoa)”, azaldu du Vicente Gilabertek, EHUko Geologia Saileko kideak eta Zaragozako Unibertsitateko Lurreko Zientzien Saileko - IUCAko José Antonio Arz eta Ignacio Arenillas kideekin batera azterlanaren egileetako batek.
Itsasoaren gazitasuna eta tenperatura faktore erabakigarriak dira itsasoko bizitzarako: fitoplanktonaren eta zooplanktonaren (elikadura kate osoaren oinarria) ugaritasuna zehazten dute, eta ozeanoaren eta atmosferaren arteko oxigeno eta karbono dioxidoaren trukea erregulatzen dute. Ikerketaren arabera, duela 66 milioi urte Chicxulub asteroideak Yucatan penintsulan (Mexiko) talka egin ez balu (horrek muturreko klima aldaketa eta dinosauroak desagerrarazi zituen galera masiboa eragin zituen), estratifikazio bertikal handiagoranzko joera horrek ingurumen krisi larria eragin zezakeen ozeanoetako ur sakonetan oxigeno faltagatik.
Etorkizunerako ohartarazpena
“Bistakoak diren aldeak izan arren, Kretazeoaren amaierako ozeanoetan, gaur egungo itsaso eta ozeanoetan hautematen ditugunen antzeko kalteberatasun zantzuak zeuden”, ohartarazi du Vicente Gilabertek.
Nazioarteko lantaldeak klima eredu aurreratuak konbinatu ditu, hala nola COSMOS sistema, atmosfera eta ozeanoa akoplatzen dituena, analisi mikropaleontologiko eta geokimikoekin. Horretarako, Groenlandiako, Norvegiako, Barents itsasoko, Atlantikoko, Mediterraneoko eta Karibe itsasoko sekzio estratigrafikoetako eta putzuetan egindako zulaketetako foraminifero planktonikoen (zooplanktoneko protozooak) eta dinoflagelatuen (fitoplanktoneko algak) itsas mikrofosilak aztertu zituzten.
Aztarna mikroskopiko horiei esker, zehaztasun handiz berreraiki ahal izan dira Maastrichtiarreko (Kretazeo garaiko azken etapa) itsasoetako gazitasun, tenperatura eta oxigenazio aldaketak. Garai hura orain 72 eta 66 milioi urte artekoa da gutxi gorabehera. “Emaitza mikropaleontologikoak eta geokimikoak eredu informatikoekin konparatu ondoren, simulazio irrealak baztertu eta Maastrichtiarrean zehar dinamika ozeanikoa nolakoa izan zen jakiteko agertokirik fidagarrienak aukeratu ahal izan ditugu”, dio José Antonio Arzek.
Aurkikuntza horri esker, bosgarren desagertze handiaren aurrekoa bezain berezia den unean gure planeta nolakoa zen hobetu ulertzeko aurrerapausoa eman dugu”, azpimarratu du Ignacio Arenillasek. Laburbilduz, lanak Lurraren historiako pasarte garrantzitsu bat argitzeaz gain, etorkizunera begirako ohartarazpena ere egin du. “Gaur egun, zientzialariak sakon ari dira aztertzen Groenlandiako eta Artikoko urtze azeleratua eta Atlantikoan ur gezaren deskargen gorakada; izan ere, horiek guztiek Ipar Atlantikoko itzulera korrontea alda dezakete eta horrek erregulatzen ditu Europako klima eta planetaren oreka termikoa”, iragarri dute.
Erreferentzia bibliografikoa
- Ocean freshening near the end of the Mesozoic
- Nature Communications volume 16, Article number: 7238 (2025)
- DOI: 10.1038/s41467-025-62189-9
