Ikasturte berriko eskolak irailaren 8an hasiko dira. 2025-2026 ikasturtearen irekiera ofiziala, berriz, irailaren 10ean egingo da, Imanol Pradales lehendakaria eta Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias bertan direla.
Aurrekontuak negoziatzeko elkarrizketa zintzo eta leiala sustatuko du EHUko errektoreak
2025-2026 ikasturteari begirako lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Joxerra Bengoetxeak. Uda osteko lehenengo bilera izan du errektoretza taldeak gaur, Donostian, Gipuzkoako Campusean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/02
Gaur, ordea, EHUren errektoretza taldeak ekin dio ikasturte berriari. Donostian elkartu du bere taldea Joxerramon Bengoetxea errektoreak. Hiru lan-ildo nagusirekin hasiko du ikasturtea errektoretza taldeak. Hiru urterako plan estrategikoa zehazteko lanari ekitea izango da lehenengoa. Eta horretarako entzute-birari ekingo dio Bengoetxeak. “Ikastegi guztietan izango gara, ikasle, irakasle-ikertzaile eta administrazio-zerbitzuetako langileak entzun nahi ditugulako aurrez aurre. Errektoretza talde honentzat lehentasunezkoa da elkarrizketa eta elkarlana, hasieratik planteatu ditugu gure marka-identitatearen egiteko modu”, adierazi du Bengoetxeak. Hala, entzunaldi saioak aktibatuko dituzte eta irailaren amaieran hasiko du entzute bira errektoreak, Arabako campusean.
Lehenengo aurrekontuak
2026ko aurrekontuak prestatzeko lanetan buru-belarri ari da errektoretza taldea. “Funtsezkoa izango da gure lehenbiziko aurrekontuak landu ahal izatea”, azpimarratu du Bengoetxeak eta horretarako dagoeneko hasi dira unibertsitateak dituen premien diagnosia egiten. Azpiegiturak, baliabide pertsonalak eta, besteak beste, burokrazia arintzeko digitalizazio plana zehaztuko dira “Jaurlaritzari azterketa aurkeztu eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailarekin negoziatzeko, beti bezala, leialtasun eta zintzotasun izpirituarekin, elkarlana jomugan”, zehaztu du errektoreak; “2026ko aurrekontu orokorretan EHUk behar duen inbertsioa jasota gera dadin, finantzazio nahikotasuna bermatzeko”, gehitu du. Izan ere, “hasten den hau du errektoretza talde honen lehenengo ikasturtea, aurrekoa hasita zela hartu baikenuen unibertsitatea zuzentzeko ardura eta izan ditugun aurrekontuak ere heredatuak izan baitira”, gogoratu du Bengoetxeak.
Hirugarren lan ildoa EHUren estatutuak berritzea da. “Batez ere, unibertsitate lege berriak ezartzen dituen eskakizunei egokitzeko, baina baita inpronta berri bat eman nahi diegu, funtzionalagoak izan daitezen eta zentroen eta ikastegien autonomiari garrantzia gehiago emateko”, zehaztu du Bengoetxeak.
Matrikulazioa
Irailaren 8an hasiko dira eskolan Euskal Herrik Unibertsitatean. Hala, oraindik zabalik dago matrikulazio prozesua. Beste deialdi bi geratzen dira oraindik. Izan ere, “unibertsitatearen helburua da bermatzea eskaintzen diren plaza guztiak betetzen direla eta unibertsitatean ikasi nahi duen orori horretarako aukera ematea”, adierazi du errektoreak. Hala, eta behin behineko datuak diren arren, dagoeneko 8.751 ikaslek egin du EHUn ikasteko matrikula eta 4tik 3tan bere lehenengo hautuan matrikulatu ahal izan da. 2025-26 ikasturtean, graduko 35.100etik gora ikasle izango dira unibertsitatean ikasten. Eta euskaraz egingo 10etik ia 6k (%57,35ek, euskaraz; % 42,65k, gaztelaniaz). Campusei erreparatua, % 53,72 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira, % 25,24 Gipuzkoan eta % 21,04, Araban.
