-
Unibertsitatearen marka berriak sustraiei begiratzen die aurrera egiten jarraitzeko
-
Subir al Everest con la ayuda del gas xenón, ¿sí o no?
-
Lehen hezkuntza, matematikan genero arrakala desagerrarazteko gakoa
-
Gaixotasun larri batzuk izateko arriskuaren berri eman lezake listu-analisi batek
-
Aniztasunaren aldeko unibertsitate sarea
Aitor Larrañaga Espartero, Gaskon Ibarretxe, José Ramón Pineda Martí, Sara Martín Colomo
Azkenaginak: hondakin biologikoa edo neuronen iturria?
Biomaterialen arloko ikerlariak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/02

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Azkenaginak molestia bihur daitezke eta, batzuetan, atera egin behar izaten dira. Baina, alferrekoak izan beharrean, sekretu baliotsu bat dute ezkutuan: barrualdean, zelula amen populazioa dago, beste zelular mota batzuk sortzeko gai direnak. Orain gutxi argitaratutako artikulu zientifiko baten arabera, neurona funtzional bihur daitezke. Ondorioz, horiek arlo terapeutikoan erabili ahal izateko aurrerapena dela esan dezakegu.
Azkenaginak edo zuhurraginak ateratzea zauri txikiko ebakuntza da eta egun gutxi irauten du antiinflamatorioekin egiten den errekuperazioak. Gaur egun, ateratako hagina hondakin biologikotzat hartzen da: pazienteak etxera eraman eta trofeo gisa gorde dezake, edo etxean edo klinikan bertan bota. Hala ere, barruan ‘hortz-mamia’ izeneko substantzia gelatinakara bat dago. Substantzia horretan, gure garunean integratzeko gai diren neurona funtzionalak sor ditzaketen zelulak bizi dira.
Zergatik dira hobeak zelula ama horiek?
Zelula amek gero eta interes handiagoa dute gaixotasunen tratamendurako terapia gisa. Alde batetik, kaltetutako ehuna birsortzen eta sendatzen lagun dezaketen hazkunde-faktoreak askatzen dituzte. Bestetik, beste zelula mota batzuetan bihurtzeko eta funtzio espezifikoak egiteko gai dira. Prozesu horri ‘bereizketa zelularra’ deitzen zaio.
Garunarekin eta nerbio-sistema zentralarekin lotutako gaixotasunen kasuan, hauek dira zelula ama ezagunenak:
- Enbrioi-jatorriko zelula amak: enbrioietatik datoz eta horien inguruko eztabaida etikoa dago gaur egun. Horren ondorioz, zenbait lekutan, ezin da translazio klinikorik egin.
- Zelula ama pluripotente induzituak: iPSC izenarekin ezagutzen dira (ingeleseko laburdura). Aurretik etorkizun handia izan arren, azterketa sakonagoa behar dute aplikazio klinikoak modu seguruan lortzeko.
Egoera horren aurrean, hortz-mamitik eratorritako zelula amak alternatiba eraginkor eta segurua dira. Zelula amak nahiko berandu aurkitu zituztela esan dezakegu. Orain, XXI. mendean aurrera egin dugun honetan, garuneko hainbat linaje zelularretarantz bereizteko gai dira. Gainera, oso inbaditzaileak ez diren tekniken bidez lortzen dira (azkenaginak aterata) eta ez da ezarpenari lotutako tumoreak garatu izan den kasurik jakinarazi.
Hori dela eta, ikerketa-talde asko gaixotasun neurodegeneratiboen eta istripu zerebrobaskularren (iktusa) tratamendurako izan dezaketen potentziala aztertzen ari dira (zahartze-tasa gero eta handiagoa duen populazioaren gero eta ehuneko handiagoari eragiten diote halakoek).
Neurona bat dirudi, baina halako portaera al du?
Neuronak dira gure garuneko zelularik hauskorrenak eta garrantzitsuenak. Oso espezializatuta daude eta, seinale elektrikoen bidez, ingurunetik datorren informazioa transmititzen dute zirkuitu neuronalen bidez. Bertan, neurona indibidual bakoitzak milaka konexio zuzen (sinapsi) ezar ditzake bere zirkuituko beste neurona batzuekin.
Konektibitate konplexu hori funtsezkoa da garun helduak informazioa behar bezala prozesatu eta transmiti dezan. Gure garuneko neuronak funtsezko bi egoeratan egon daitezke: atseden-egoeran edo kitzikapen-egoeran. Horrela, milaka milioi biteko ordenagailu batek egiten duen moduan, garuneko informazioa lengoaia bitarraren bidez kodetzen da.
Neuronak bizilagunekin behar bezala komunika daitezen, oso ondo koipeztatuta dagoen makina elektrofisiologikoa behar dute, bi egoerak txandakatu ahal izateko. Bulkada elektrikoa edo ‘ekintza-potentziala’ sortzea deitzen zaio horri. Neuronek ezaugarri oso espezifikoak dituztenez, oso zaila da kultibo-plaka baten gainean jarritako zelula ama batek horiei lotutako funtzio guztiak betetzea, batez ere kitzikagarritasun elektrikoaren ezaugarriei dagokienez.
Ikerketa ugarik frogatu zuten hortz-mamitik eratorritako zelula amek neuronen antzeko zelulak sortzen dituztela morfologiari eta markatzaile espezifikoei dagokienez, baina ez zuten zehazten sortutako neurona mota. Gainera, oraindik ez dago inguruko neuronekin konexio sinaptikoak eratuz garunean erabat integratzeko gaitasuna duela baieztatzen duen ebidentziarik.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek zuzendu duten eta orain gutxi argitaratu duten ikerketa batean, bereizketa zelularreko protokolo batzuk garatu dituzte. Horiei esker, bereizketa-prozesuaren ostean lortutako zelulek ekintzako benetako potentzialak sortu ahal izateko ezaugarri elektrofisiologiko egokiak induzitu dira lehen aldiz.
Hala, zelula horiek bulkada elektrikoei erantzun diezaiekete, beste batzuk sortuz. Hau da, benetako neuronak bezala portatu eta ‘hizketan’ has daitezke.
Are gehiago, elektrofisiologikoki gaituak direla egiaztatu da, eta horrek esan nahi du nerbio-sistema zentralean bizi diren neuronekin elkar ulertzera eta komunikatzera irits daitezkeela. Hori dela eta, garuneko sare sozialean integratzeko hautagai onak direla esan dezakegu.
Zelulak hezteko materialak erabiliz
‘Materiobiologia’ terminoa orain gutxi sortu dute zeluletan portaera espezifikoak eragiteko biomaterialen duten gaitasuna izendatzeko.
Biomaterialek, haien propietateen arabera, zelula amei zein zelula mota espezifikotarantz bereizi behar duten erabakitzen lagun diezaiekete. Horrela, material zurrun baten gainean jarrita dagoen eta hezurraren antzeko konposizioa duen zelula ama batek osteoblastorantz (hezurrak sortu, hazi eta konpontzeaz arduratzen den zelula) bereizi behar duela ulertzen duela frogatu da.
Aldiz, zelula ama hori bera eroankortasun elektrikoa duen material bigun baten gainean jartzen bada, neuronarantz bereizteko joera izango du. Esparru honek zelula amak eta biomaterialak helburu terapeutikoetarako konbinatzea ahalbidetzen duten aukera ugari sortu du.
Hortz-mamitik eratorritako zelula amei irakasteko moduko propietateak dituzten biomaterialak diseinatzea tresna terapeutiko bihur daitekeen azterketa eremua izango da etorkizunean. Izan ere, azken urteotan bizi-itxaropenak gora egin duenez, gaixotasun neurodegeneratiboen eta istripu zerebrobaskularren prebalentzia etengabe handitzen ari da. Horregatik, beharrezkoa da horiei aurre egiteko terapia berritzaileak garatzea.