Bilboko Ingeniaritza Eskolak gradu amaierako eta master amaierako lan (GRAL eta MAL) onenen sariak banatu ditu “Telekomunikazioa”, “Eraldaketa Digitala”, “Itsasketa”, “Aireko eta Espazioko Propultsioa” eta “Eraldaketa Energetikoa eta Ekonomia Zirkularra” arloetan. 6 izan dira ikasle sarituak.
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2024/2025 ikasturteko gradu eta master amaierako lan onenak saritu ditu
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/23
Enpresek emandako sari hauek ekainaren 17an banatu ziren, eta ekitaldian egon ziren Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, eta enpresa babesleetako ordezkariak. Enpresen sari hauek bi helburu dituzte: batetik, eskolako ikasleen lana aitortzea, eta, bestetik, kasuan kasuko arloaren garapenerako berrikuntzaren bat ekar dezaketen lanak sustatzea.
Iker Costa Fernández de Luco, Telekomunikazio Ingeniaritzako masterduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan, izan da ITELAZPI#TelekoSaria sariaren irabazlea. Saria arlo horretan administrazioan erreferente den euskal enpresa publiko horrek ematen du, eta 1500 eurokoa izan da. Lanaren izenburua “Dynamic deployment and scaling of services over 5G using EDGEAPP interfaces” da eta Fidel Liberal Malaina irakaslea, Komunikazioen Ingeniaritza Sailekoa, izan da zuzendaria. Lan honek 5G inguruneetan aplikazioak modu dinamikoan hedatzeko arkitektura proposatzen du, hartara seinaleztapen eraginkorra eta etenik gabeko konektagarritasuna bermatuz.
Aitzol Olivares Rad, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako graduduna Bilboko Ingeniaritza Eskolan, izan da Management Solutions sariaren irabazlea. Enpresa horrek eraldaketa digitalarekin lotutako lan onenari ematen dio saria eta 1000 eurokoa izan da. GRALaren izenburua “Nuevos modelos de detección de objetos en flujos de vídeo basados en la aleatorización de propuestas de regiones de interés y aprendizaje profundo” da eta Miren Nekane Bilbao Maron irakaslea, Komunikazioen Ingeniaritza Sailekoa, izan da zuzendaria. Lan honek ikusmen artifizialaren arloan datuak modelizatzeko zeregin berritzaile bat garatzen du, objektuen ohiko detekzioan oinarritua eta sakoneko konputazio neuronaleko ereduen bidez lantzekoa (Ikasketa Sakona). Iker Yabar jaunak, Management Solutions-eko zuzendariak, eman dio saria.
Tradewind Tankers saria izen bereko ontzi enpresak itsasketa arloko GRAL/MAL onenari emandakoa da, eta aurtengo sariduna Ignacio Barturen Gomeza izan da, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eta Itsas Garraioko graduduna. Saria 1500 eurokoa izan da. “El balizador en regatas: Análisis técnico y normativo” da GRALaren izenburua, eta Yolanda Merodio Beascoechea irakaslea, Enpresen Antolakuntza Sailekoa, izan da zuzendaria. Lan honetan, estropaden antolamenduaren, mantentze zuzenaren eta prebentzioaren garrantzia aztertu du, oinarri hartuta bela ontzien kirol probetan izaten diren istripuak eta helburua izanik giza faktoreak antolaketan duen eragin negatiboa minimizatzea. Saria Ramón de Torres Ruiz jaunak, Tradewind Tankers enpresakoak, eman dio.
Bestalde, Alvaro Sainz de la Maza Gracía (Bilboko ingeniaritza Eskolako Industria Ingeniaritza Masterra) izan da ITP Aero enpresak ”Propultsio aeronautiko eta espazialaren” arloko GRAL/MAL onenari ematen dion sariaren irabazlea. MALaren izenburua “Estudio Conceptual del Mecanizado Asistido por Tensiones (PAM)” da eta Soraya Plaza Pascual irakaslea, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko irakaslea izan da zuzendaria. Master amaierako lan honek metodo berritzaile bat proposatzen du sektore aeronautikorako horma mehedun alabe motako osagaien mekanizazioa errazteko, horrela zurruntasun handiagoa lortuz, bibratzeko joera txikiagoa eta, era berean, gainazalean konpresioaren hondar tentsioak sartzea lotuz, nekearen aurrean oso mesedegarriak izanik. Saria 1.500 eurotako izan da, eta Janire Irazolak, ITP Aeroko Diseinu Modularreko eta Flotako Managerrak, eman dio saria.
Azkenik, Ander Letamendi Azpiazu eta Markel Bilbao García (Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketa Masterrekoa eta Marketina eta Merkataritza Zuzendaritza Masterrekoa, hurrenez hurren) izan dira REPSOL Fundazioak “Eraldaketa Energetikoa eta Ekonomia Zirkularra” arloko GRAL/MAL onenei ematen dizkien lehenengo eta bigarren sarien irabazleak. Lehenengo saria 1000 eurokoa izan da, eta Maite de Blas Martín eta Rubén Diez Montero irakasleek zuzendutako “Viabilidad del cultivo de microalgas en lactosuero como fuente de alternativa de proteínas” izenburudun MALa izan da irabazlea. MAL honen ardatza izan da mikroalgetan oinarritutako sistemen bidez laktoserumaren tratamenduaren bideragarritasuna aztertzea eta proteinetan aberatsa den biomasa lortzea. Bigarren saria 500 eurokoa izan da, eta Unai Tamayo Orbegozo irakasleak zuzendutako “LORPEN – Plan de marketing B2C España” izenburudun MALa izan da irabazlea; lanean LORPEN enpresarentzako marketin plan osoa garatu du. Sariak Ruth Yergak, Repsol Fundazioko Katedra Sareen koordinatzaileak, banatu ditu.