Entzimen arloan nazioarteko erreferente den Maria Joao Ramos katedradunak hitzaldia
Noiz eta non
2019/10/01, 17:00 - 00:00
Kokapena
Kimika Fakultatea
Paseo Manuel Lardiazabal 3. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Hitzaldi bat emango du Portoko Unibertsitateko Zientzia Fakultateko Kimika Teorikoko katedradun Maria Joao Ramosek. Hau izango da hitzaldiaren izenburua: “Understandig enzymatic Reactions”. Maria Joao Ramos irakasleak ibilbide zientifiko bikaina izan du, eta Espainiako eta Portugaleko kimikarien komunitateen artean harremanak eraikitzen lagundu du. Hori dela eta, Real Sociedad Española de Química eta Sociedade Portuguesa de Química elkarteek ematen duten Madinaveitia-Lourenço 2019 saria irabazi du.
Maria Joao Ramos irakaslearen ibilbide zientifikoa kalitate handikoa da. Glasgowko Unibertsitatean egin zuen doktorego tesia, eta ondoren doktoratu osteko egonaldi bat egin zuen Oxfordeko Unibertsitatean. Beranduago, Portoko Unibertsitateko Kimika eta Biokimika Sailean sartu zen, eta gaur egun katedradun plaza bat dauka bertan. Gainera, Biokimika Konputazionaleko talde baten zuzendari da. Bere ibilbide profesionalean zehar askotariko kargu akademikoak izan ditu: saileko zuzendari, parke zientifiko eta teknologikoko zuzendari eta ikerketako errektoreorde. Ikerketarekiko duen interesaren ardatz nagusia izan da nola aplikatu kimika teorikoko eta konputazionaleko metodoak interes biokimiko orokorreko arazoak konpontzeko eta, zehazki, entzimak aztertzeko.
Zuzentzen duen ikerketa taldea arlo horretako erreferente garrantzitsua da nazioartean. Horren erakusgarri dira taldeak nazioarteko hainbat biltzarretan eman dituen osoko hitzaldi guztiak. Talde horretan zenbait erreakzio mekanismo entzimatiko aztertu dituzte, hala nola HIV-1 birusaren integrasa eta transkriptasa entzimen mekanismoak, zeinak funtsezkoak baitira HIESaren infekzio prozesuan. Horrez gain, bere ikerketa taldeak aztergai izan du zeinbat farmakoren diseinua, ekintza entzimatikoaren inhibitzaileetatik abiatuta (esaterako, gripearen infekzio prozesuan funtsezkoa den neuraminidasa entzimaren kasuan). Lan hori guztia 400 bat artikulutan bilduta dago, eta horietatik 340 inguru Web of Science webgunean agertzen dira. Hain zuzen, webgune horren arabera, Maria João Ramos irakaslearen lanari urtean 700 aipamen inguru egiten zaizkio, eta guztizko kopurua 7.500 aipamenekoa da, gutxi gorabehera. Bere artikulu bakoitza 22 aldiz aipatzen da, batez beste; hortaz, bere H indizea 40koa da. Artikulu horietako asko bere arloko aldizkari onenetan agertu dira, esate baterako, Proceedings of the National Academy of Sciences (USA), Journal of the American Chemical Society edo Accounts of Chemical Resarch aldizkarietan. Gainera, esan bezala, Maria João Ramos irakasleak 90 hitzaldi baino gehiago eman ditu hainbat nazioarteko biltzarretan. Horrek agerian uzten du zer-nolako eragina izan duen bere lanak arlo honetan.
Bestetik, aipatzekoa da Maria Joao Ramos irakasleak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta, zehatzago esanda, Kimika Fakultatearekin duen harremana. Hain zuzen, harreman horri esker, UPV/EHUk eta Portoko Unibertsitateak doktorego tesi bat elkarrekin zuzendu ahal izan dute, eta irakasleak parte hartu du UPV/EHUk antolatutako zenbait biltzarretan.