-
Milaka graduatu elkartu ditu EHUk aurrekaririk gabeko ekitaldian
-
Dena prest biharko egun handirako!
-
Reflexión sobre los grandes eventos deportivos en el País Vasco
-
Ikasketa amaierako ekitaldira joateko autobusak egongo dira Donostiatik eta Gasteiztik
-
Nagore Iriberrik Rei Jaume I Ekonomia saria jaso du
Habanako gure gizonaren kronikak (I)
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/22
1. Anatoly Kolodkin errusiar kargaontzia Matanzas badiara porturatzen
Argazkia martxoaren 30ean eginikoa da: Anatoly Kolodkin errusiar ontzia Matanzas badiara sartzen. Azken hiru hilabeteetan iritsitako lehen kargaontzia da. 730.000 upel petrolio gordin garraiatzen zituen. Petrolio hori prest egongo da erabiltzeko apirilaren bigarren hamabostaldian, eta zertxobait arinduko ditu —ez konpondu— kubatarren energia arazoak.
Martxoaren 3an heldu nintzen Habanara, ohikoak ditudan egonaldietako bat egitera, hezkuntza eta ikerketa proiektuak garatzeko osasun arloko berrikuspen sistematikoetan eta ebidentzien metaanalisietan. Kubara etortzekoa nintzela jakin zuenean, UPV/EHUko Komunikazio Bulegoko lankide eta lagun batek ohar txiki batzuk idaztera animatu ninduen, kubatarren egungo egoeraz, AEBeko gobernuak alde bakarreko erabakiz ezarritako blokeo energetiko betean. Hortaz, erabaki dut oharrak hastea errusiar ontziaren argazkiarekin. Irudian ikus daiteke kargaontzia Matanzas badiara sartzen, “Kubako Atenas” ere deitua, XIX. mendean izan zuen jarduera kultural eta literario aberatsarengatik. Lerro hauen bidez, saiatuko naiz azaltzen irakaskuntzaren eta ikerketaren egungo egoera, hobekien ezagutzen dudan alorra delako, bai eta Habanako eguneroko bizitzako hainbat zertzelada ematen ere. Jakingarri gisa, aipatu nahi dut elkarlanean dihardudala kubatar lankideekin 2009az geroztik, Kubako Zientzien Akademiako kide naizela 2025az geroztik, eta nire bikotekideak (kubatarra) eta biok apartamentu bat dugula Habanako El Vedado auzoan. Beraz, litekeena da nire kontakizunek egoeraren ikuspegi partikular bat erakustea, “Gure gizona Habanan” eleberriak eginikoaren antzera, baina ezertxo ere asmatu gabe kasu honetan.
2. Nola gertatzen ari den unibertsitatearen irakaskuntza presentzialean
Argazkian gaude Arturo Escobedo Gastroenterologia Institutuko parasitologoa eta ni neu, argitaratu beharreko eskuizkribu baten inguruan eztabaidatu ondoren. Arturo, Habanako Unibertsitateko Zientzia Medikoen Fakultateko Parasitologia irakaslea eta Manuel Fajardo Ospitaleko langilea, pertsona ezin hobea da Kubaren egungo —2026ko apirila— unibertsitate egoeraz mintzatzeko. Ezer baino lehen, esan behar da Habanako Unibertsitateak bertan behera utzi zituela eskola presentzialak ikasturtearen hasieran, urtarrilean, eta ikasgelaz kanpo irakasteari ekin ziotela, COVID-19aren garaian bezala. Gaur egungo arazo nagusia da Internetera konektatzeko zailtasuna, herrialde osoan, bai kostuagatik (martxoan 3,000 peso gastatu nituen Interneten —6 euro baino zerbait gutxiago—; mediko espezialista graduatu berri batek 5,560 peso irabazten ditu hilean, eta 30 arrautzako kartoi baten batez besteko prezioa 3,000 peso da), bai etengabeko argindar mozketengatik, ezinezkoa egiten dutenak konektatzea Habanan eta herrialde osoan. Ikastegi batzuetan, hala nola Medikuntza Fakultatean, presentzialtasunari berrekin diote gradu ikasketetan, nahiz eta arazoekin jarraitzen duten master eta doktorego ondoko tituluetan, Habanatik kanpoko ikasleekin batik bat (WhatsApp taldeak eta Medikuntzako Biblioteka Birtuala bezalako baliabide elektronikoak erabiltzen saiatzen dira). Azken berrien arabera, Kubak urtarrilaren amaieraz geroztik nozitzen duen energia blokeoak eragindako arazoak gorabehera, eutsi egingo diote ikasturte amaierako eta graduetako azterketen programazioari, kubatar unibertsitate sistema osoan, datekin malgu jokatuz bada ere.
3. Ikerketa egitea “zaila da, baina ez ezinezkoa”
2025ean, nire eguneroko lan errutina izan zen Biblioteka Mediko Nazionalera (BMN) joatea —El Vedado auzoko La Rampan—, mezuak jasotzera eta kubatar lankideekin batera garatzen ari naizen ikerketa proiektuen martxa ikustera (bide batez esateko, BMNren instalazioak berritu ziren Eusko Jaurlaritzaren eta Kanadako Gobernuaren nazioarteko lankidetzarako funtsekin, eta HEGOAk gainbegiratu zituen lanak. Beraz, ia etxean bezala sentitzen naiz bertan). Irakats eta ikerketa lana egin nuen zentro batean baino gehiagotan: Pedro Kouri Medikuntza Tropikaleko Institutuan (IPK), La Lisa auzoan kokatua, Habanaren kanpoaldean; Julio Díaz Errehabilitazio Zentro Nazionalaren Fisioterapia Institutuan, Habanaren kanpoaldean ere kokatua, aireportutik hurbil; Osasun Publikoko Eskola Nazionalean (ENSAP), Alta Habana auzoan, hiriaren kanpoaldean ere; eta Gastroenterologia eta Endokrinologia Institutuetan, biak ala biak El Vedado auzoan. 2026ko apirilean, egoera beste bat da. BMN itxita dago lan presentziala egiteko, langileek lanpostura iristeko dituzten zailtasunengatik, apenas dagoelako garraiorik, erregai faltagatik, eta sistema informatikoak funtzionamenduan mantentzeko ezintasunagatik. 2025ean hasitako hiru proiektuen artean, bi baino ez daude martxan, Endokrinologia eta Gastroenterologia Institutuetan, eta hori bi-biak El Vedadon garatzen ari direlako, bizileku dudan Habanako auzoan. Aldiz, hirugarren proiektua geldirik dago, kalte zerebrala duten umeen errehabilitazio motorrerako tratamenduen eraginkortasunari buruzkoa, Fisioterapia Institutuan. Gaur egun Kubak dituen estutasunek ikerketa proiektuak zailtzen badituzte ere, kubatarrek dioten bezala: “hau zaila da, baina ez ezinezkoa”.
4. MIPYMEak Habanan
Jakina den bezala, Obama presidenteak, 2016an Habanara egin zuen bidaian, “paladar” batean afaldu zuen, jatetxe pribatu txiki batean, Habanako El Vedado auzoan. Jendeak ez dakiena da Kuban baimendu ziren era honetako lehen jatetxeak sortu zirela “bloke sozialista” 1989an desagertzeak eragin zuen hondamendi ekonomikoaren eta “aldi bereziaren” hasieraren testuinguruan (aldi berezia edo “periodo especial” delakoa 1991n hasi zen, eta kubatar askok era mingarrian gogoratzen dute). Paladarrez gain, zerbitzuen ekonomiaren egungo jarduerarik garrantzitsuena MIPYME (enpresa mikro, txiki eta ertainak) arloko negozio pribatuak dira, produktuak esportatu eta inportatu eta norberaren konturako langileak kontrata ditzaketenak (TCP – “Trabajadores por cuenta propia”). MIPYMEetatik kanpo, pixkanaka ugaltzen ari dira beste negozio txiki batzuk, «chiringuitos» izenekoak, MIPYMEek baino TCP gutxiagorekin herritarren beharrei erantzuten dietenak. Chiringuito gehienak familia negozioak dira eta ia beti etxe atarietan kokatuta daude (ikus argazkia). Prezio nahiko egokiak dituzte Kubako herritarrentzat. Izan ere, negozio txiki hauen arrakasta oinarritzen da prezio neurritsuetan eta eskaintzen dituzten bi produktu nagusietan: juka betea (120 peso) eta hanburgesa berezia (500 peso).
5. Musikarako garai txarrak
Duela urte batzuk Habanan oporretan zegoen eskoziar lankide batek eta biok eginiko kalkuluen arabera, milaka dira astebururo hoteletan, “garitoetan” eta Malekoia bezalako leku publikoetan aritzen diren musikariak. Bai Habanan bai Kuba osoan, musika kubatarren bizitzaren ezinbesteko atala da, eta musika egiten jarraitzen dute, modu apalagoan bada ere, beste jarduera batzuetan gertatzen den bezala. Igandeetan, rockak jarraitzen du, Vieja Escuela bandarekin eta haren talde gonbidatuekin, Casa de la Amistad-en, baina jada ez dago jarduerarik UNEACen lorategietan (Unión de Escritores y Artistas Cubanos). Gainera, Kubako rockaren erreferentea den “El Submarino Amarillo” aretoak, El Vedadoko 17. zenbakian, murriztu egin ditu lehen egunero egiten ziren emanaldiak asteburuetara (ostirala eta larunbata, 9:00 PM - 2:00 AM), bai eta igandeetako “matiné”-ak ere (2:00 PM -10:00 PM). El Submarino, habanarrek eta kanpotarrek dakiten bezala, John Lennon parkearen ondoan dago. Liverpooleko artista handiaren brontzezko estatua, parkearen eserlekuetako batean kokatua, Fidel Castrok inauguratu zuen 2000an, Silvio Rodriguez eta Eusebio Lealen babesarekin. El Submarino ezaguna da, Beatlesen “Yellow Submarine” abestiagatik ez ezik, Ingalaterrako Carlos printzeak bisitatu zuelako 2019an Kubara egin zuen bisita ofizialean. Gaur egun Kubak “malos tiempos para la lírica” bizi baditu ere —Golpes Bajosek 1990ean kantatu bezala—, nahikoa da kubatar koadrila bat gitarra batekin eta botila ron batekin elkartzea festa nagusitu dadin. Zeren eta, hemengo esaera batek dioen bezala, kubatar orok badu zerbait musikaritik, poetatik eta zorotik.
Jarraituko du...