Ate irekiak zementuaren industriarekin nanozientziaz aritzeko
Noiz eta non
Noiztik: 2015/11/24 Noiz arte: 2015/11/23
Deskribapena
Industriari zuzendutako ate irekien 4th Baskrete Open Days to Industry jardunaldiak antolatu dira Donostia International Physics Center-en (DIPC) azaroaren 23 eta 24 bitartean. Astelehenean, hilaren 23an, ordutegia goizez eta arratsaldez izango da (09:00-12:30 eta 15:00-18:00), asteartean aldiz, goizez soilik (09:30-12:30).
Ekimenaren atzean, Andrés Ayuela, CFM (CSIC -UPV/EHU) eta DIPCko ikerlaria, eta Jorge S. Dolado, Tecnaliako ikerlaria, buru dituen ikerlari adituen taldea dago. Mintegietan, zementuen nanozientzian emandako azken aurrerapausoak aurkeztuko dira. Ezaguera eta aurkikuntza berriek prozesu berriztagarrietan izan ditzaketen aplikazio aukerak aztertzeko, zementugintzako ordezkariei deialdia egin zaie solasaldira. Bikain, Tecnalia Ventures eta Cementos Lemona izango dira euskal enpresa parte-hartzaileen artean.
BASKRETE (Basque Country Initiative for Cement and Concrete Research) ekimenak zementuaren nanozientzian adituak diren zientzialariak elkartzen ditu industriari irtenbide erabilgarriak eskaintzeko. Kolaborazio proiektu honen burutapena Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Kampusaren baitan egin zen eta Etortek, Eusko Jaurlaritzaren Industria Departamentuko programaren laguntza jaso du. Ikerlari taldea, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CSIC-UPV/EHU), Tecnalia, Polymat, CIC Nanogune, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) zientzialariek osatzen dute.
Maila akademikoan, BASKRETE zientzialarien elkargunea erreferentea da nazioartean eta zementuaren nanoegituraren ezagueran ekarpen nabarmenak egin ditu. Ikerlari taldeak kolaborazio estuak ditu Berkley Unibertsitatea eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) bezalako prestigiozko instituzioekin. Duela gutxi, zementuzko nanotuboak sintetizatzea posible dela frogatu dute lan teoriko batean ikerlariek. Jakinarazi dutenez "laborategian sintetizatzea lortuz gero industrian erabilpen handia izango dute". Bestalde, transferentzia teknologikoen esparruan, BASKRETEren bitartez burututako ikerketak hondakin industrialetatik habiatuz nanogehigarriak garatzea ahalbidetu du. Azken hauek zementuaren hidratazioa bizkortzen dute eta gaur egun, ustiapen bidean daude.
Onuradun nagusien artean eraikuntza eta petrolioaren industria gailentzen dira. Propietate mekaniko hobeak dituzten materialak lortuz gero eraikuntzan erabilitako kopurua asko gutxituko litzateke, gastuak murriztuz. Petroliorako zementuei dagokionez, ateratze putzuetan izaten diren tenperatura altuak jasaten dituzten material sendoak beharrezkoak dira. Arazorik larrienetakoa, hala ere, zementuaren fabrikazio prozesuan bertan dago, tona bat karbono dioxido emititzen baita gutxi gorabehera tona bat zementu ekoizteko. Esparru honetan, hondakinak berrerabiliz diseinatutako zementuek interes handia piztu dute azken aldian. Hurrengo urteetan, zementuen industriak erronka hauei eta berriei aurre egin beharko die. Jardunaldien antolatzaileen ustez "BASKRETE bezalako ekimenek irtenbideak eman ditzakete".