euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ez dok Amairu oroituz

Noiz eta non

Noiztik: 2015/12/10 Noiz arte: 2015/12/04

Deskribapena

Asteazkenean eta ostegunean, abenduaren 9an eta 10ean, arratsaldeko 7etatik 9etara, San Telmo Museoan, Donostian, UPV/EHUko Mikel Laboa katedrak Ez dok Aamairu oroituz jardunaldiak antolatu ditu, gaur egunetik atzera begirada bat proposatuz lau ikertzaile gazteren eskutik:

  • Ana Gandarak "Ez dok Amairuren garaia: hurbilketa bat" hitzaldia eskainiko du, kultura-ideien ikuspegitik
  • Enrike Hurtadok Ez dok Amairuren jardunean txalapartaren eta musika garaikidearen arteko uztarketa aztertuko du
  • Oier Araolazak, berriz, Ez dok Amairuk dantza tradizionalari eman zion lekua
  • Imanol Artolak Benito Lertxundiri buruz egin duen ikerketa azalduko du.

Lau ikertzaile gazte, musikari gazte bat lagun dutela, Iñar Sastre pianojolea, euskal doinuen eraldatze etengabe baten zurrunbilo atseginera eramango gaituena.

Eta, Ez dok Amairuren jardun diziplinartekoari oihartzun eginez, gaur egungo proiektu bat, musika, irudia eta hitza uztartuko dituena. Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Muruaren Itzal Zaunka.

Juan Cruz Igerabide Mikel Laboa katedrako zuzendariak dio: "60ko hamarkada: gizartea diktaduraren eta erlijio-zamaren pean, kapitalismoa minbizi antzo garatzen migrazio bortitzak eraginez, eta Europatik aire berriak, esaterako marxismo modernoa, Vatikanoko II. Kontzilioa edo existentzialismoa, orobat Amerikatik, Hego Amerikatik askatasun-mugimenduak, Ipar Amerikatik Vietnamgo Gerraren kontrakoak edo hippieak, hurernez hurren".

"Egoera horretan- jarraitzen du Juan Cruz Igerabidek-, kultura-berritze mugimendu indartsuak agertzen dira Euskal Herrian, hala plastika arloan, nola musikan edo antzerkian, horien artean Ez dok Amairu. Utzi zuen arrastoari begiratuta, talde bat izatetik kultura bizitzeko mugimendu bat izatera iritsi zela esan daiteke, gaur oraindik ere haren eragina bizirik baitago euskal kulturan".

Egitaraua

Abenduaren 9a
19:00: Sarrera-ekitaldia
Juan Kruz Igerabideren sarrera-hitzaldi laburra
-Iñar Sastre, "Aire berriak"
-Ez dok amairu: hiru hitzaldi labur
-Ana Gandara
Ez dok Amairuren garaia: hurbilketa bat
Kultura-ideien ikuspegitik eginiko hurbilketa, doktore-tesi egin berrian landutako haritik.
-Enrike Hurtado
Txalaparta Iruñeko musika garaikideko Topaketetan
1972an, munduko bazter guztietatik etorritako ehunka artista eta musikari bildu ziren Iruñean. Han, Artze anaiek egin zuten txalaparta-saioak liluratuta utzi zituen John Cage eta Steve Reich, beste entzule batzuen artean. Zer dela eta maitemindu ziren musika garaikideko konpositore horiek urte gutxi batzuk lehenago galtzeko zorian egon zen baserri-giroko musika horretaz?
-Imanol Artola
Benito Lertxundi eta Ez dok Amairu
Nazio-eraikuntzaren ikuspegitik eginiko azterketa.

Abenduaren 10a
19:00:Iñar Sastre: "Piano gogoeta 13".
-Oier Araolaza
Marian Arregi, akordeoian. 
Ez dok amairu eta dantza
"Ez Dok Amairuk musika alorrean ekindako bidearen parekoa egin zuen dantzaren alorrean Argia dantzari taldeak. Hain zuzen ere, bateratsu hasi eta ibili ziren musikari eta dantzariak lehen urteotan, eta elkarren arteko kolaborazioak ohikoak izan ziren. Adibidez, besteak beste Trio Kemen-ekin, Xabier Leterekin eta Benito Lertxundirekin aritu zen Maria Angeles Arregi dantzari eta musikaria, eta Arregi bera Argia taldeko zuzendaritzan aritu zen 1965tik aurrera Juan Antonio Urbeltz-ekin elkarlanean. Ez dok Amairu eta dantzaren artean izan ziren loturak eta horien ekarpenak aipatuko ditugu".

20:00 Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi, Mitxel Murua:
Ez dok amairuren arrasto batzuk eta gaurko proiektu berri bat: musika, irudia, hitza.
ITZAL ZAUNKA proiektua.