euskaraespañol

Redes sociales campusa

Abian da Itsas Ingurunea eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra

Noiz eta non

Noiztik: 2016/02/05 Noiz arte: 2016/02/01

Deskribapena

Astelehenean, otsailak 1, Itsas Ingurunea eta Baliabideak Europako Erasmus Mundus Masterraren hamargarren edizioa jarriko zen abian, Donostiako Aquariumean. Mundu osoan izen handia duten zientzialariek Research in Marine Environment and Resources (RiMER 2016) nazioarteko graduondokoaren lehen modulua emango dute, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), AZTI-Tecnaliak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak antolaturik. Otsailaren 1etik 5era bitarteko astean emango dute lehen modulu hori, Donostiako Aquariumean.

Nazioarteko ikastaro horretan parte hartzen duten 30 ikasleak 15 herrialdetakoak dira; besteak beste, Kuwait, Bangladesh, Pakistan, Brunei, Txina, Filipinak, Mexiko, Brasil, Kanada, Estatu Batuak eta Europako zenbait herrialde. Lehen moduluaren bost egunetan, ospe handiko 25 zientzialari eta ikertzailek askotariko gaiak jorratuko dituzte: alga kaltegarriak, espezie inbaditzaileak, klima aldaketa, arrantza teknologia, arrantza baliabideak eta itsas bioaniztasuna, adibidez.

Aurten, 10. urteurrena donostiarrekin batera ospatzeko, "Itsasoa miatuz-Oteando la mar" izeneko dibulgazio programa eskainiko da, jende orori irekia, DSS2016 programaren barruan. Bi hitzaldi emango dira gaztelaniaz (otsailaren 1ean eta 4an), eta bat euskaraz (otsailaren 2an), Aquariumeko auditoriumean, 19:00etan.

RiMER masterraren bigarren modulua Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) egingo da, ekainaren 20tik 24ra, UPV/EHUren ikastegi horretan ematen den masterraren prestakuntza programaren bigarren seihilekoko azken jarduera gisa. Ikastegi hori da, hain zuzen, UPV/EHUk koordinatzen duen Itsas Ingurunea eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren egoitza (www.merconsortium.eu). Bigarren modulu horretan, kostaldearen kudeaketa, ozeanoen osasuna, itsas bioteknologia eta hazkunde "urdina" landuko dituzte mundu osoko beste 23 ikertzailek.

Erasmus Mundus masterra, Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroan (Plentziako Itsas Estazioa; PiE-UPV/EHU)

Otsailaren 10etik aurrera, ikasle horietako 23k (horietatik 16k Erasmus Mundus beka jaso dute) beren ikasketekin jarraituko dute, 2017. urtearen amaieran masterraren titulu bateratua lortzeko. Southamptoneko, Bordeleko, Liejako eta Euskal Herriko unibertsitateek Erasmus Mundus labela ofizialki aitortua diote titulu horri. Iazko irailean hasi zituzten ikasketak Bordelen edo Southamptonen, eta ozeanografiaren eta itsas ingurunearen arloko ikasketa orokorren lehen seihilekoa bukatu dute han. Orain, UPV/EHUn arituko dira gai zehatzagoak lantzen (biologiaren arlokoak batez ere) aurtengo uztailera arte, hala PiE-UPV/EHUn nola Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta AZTI-Tecnalian, eta, ondoren, espezializazio ikasketak egingo dituzte Southamptonen edo Liejan, masterraren hirugarren hiruhilekoan. Azkenik, nork bere ikerlana egin beharko du bospasei hilabetez, munduko edozein lekutan, MER Partzuergoko irakasleek edo partzuergoarekin lankidetzan diharduten mundu osoko beste herrialde eta erakunde batzuetako bikaintasun aitortuko ikertzaileek gainbegiratuta.