euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk etenaldi instituzionala egingo du astelehenean, Palestinari eta ontzidiari elkartasuna adierazteko

Errektoretza taldeak hiru campusetan egingo diren elkarretaratzetan parte hartzeko deia egin dio unibertsitateko komunitateari astelehenerako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/26

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) errektoretza taldeak Palestinako herriari eta Global Sumud ontzidiari elkartasuna adierazteko etenaldi instituzionala egitea erabaki du astelehenean, irailak 29. Hala, unibertsitateko komunitate osoari deia luzatu die hiru campusetan egitekoak diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. 

EHU Palestinarekin. Stop genocide” leloarekin, 11:00etatik 11:30era egingo dira elkarretaratzeak hiru campusetan: Araban, Letren Fakultateko sarreran; Bizkaian, Jorge Oteiza plazan eta Gipuzkoan, Unamuno plazan. 

Aurreko astean Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi moduan, “Palestinako herriaren kontrako genozidioa lehentasunezko auzia da gure unibertsitatean” eta “Palestinaren kontrako genozidioaren aurrean errektoretza taldeak orain arte adierazitako jarrera instituzionalarekin bat dator etenaldi instituzionala deitzea, komunitatearen ezinegona eta elkartasuna elkarrekin plazaratzeko”. 

Mezu bidez jakinarazi die errektoreak, taldearen izenean, erabakia unibertsitateko kide guztiei eta genozidioa salatzeko eta palestinar herriari nahiz Global Sumud ontzidiari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeekin bat egin dezaten eskatu die. Are, mezuan adierazten denez, “etenaldi instituzionalarekin bat egin ala ez, erabakiak ez du eraginik izango EHUko langileen eta ikasleen ohiko jardunean”, eta irakasleei eskatzen zaie etenaldiaren orduan ez dezatela ebaluazio probarik ezarri.