euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk % 60,5 igo du ikerketarako eta doktore aurrekoen kontratuetarako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioaren finantzazioa

14 milioi euro pasatxo jaso ditu “Ezagutza sortzeko proiektuei” esker

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/12

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen ministerioak sustatzen duen Ezagutza sortzeko proiektuak programatik 14 milioi euro eskuratu ditu EHUk | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

Espainiar estatuko unibertsitate eta ikerketa zentroen artean proiektu gehien lortu dituen seigarren unibertsitatea da Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Halaber, doktorego aurreko kontratuak egiteko gehigarri gehien lortu duen laugarrena. Guztira, 14.025.000 euro; iaz baino % 60,5 gehiago.

Euskal Herriko Unibertsitatean garatzen diren ezagutza sortzeko proiektuek gora egin dute aurreko bi urteekin alderatuta. Gainera, irauli egin da aurretik izandako beheranzko joera. Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen ministerioak sustatzen duen Ezagutza sortzeko proiektuak programatik 14 milioi euro eskuratu ditu EHUk; iaz (8.511.125) baino % 60,5 gehiago. “Ikaragarrizko gehikuntza eman da, bai proiektu kopuruan, bai lortu den diruan, eta doktore aurreko kontratuetan ere hazi egin da lortutako finantzazioa”, adierazi du Jon Umerez Ikerketa errektoreordeak.

 Izan ere, “intentsitate altuko eta kalitate goreneko ikerketa egiten duen beste edozein erakundek edo zentrok bezala, finantzazioa behar du bereizgarri duen ekimen hori aurrera eramateko eta puntako ikerketa egin ahal izateko ikerketa-taldeek finantzazio gehigarri espezifikoa lortu beharra izaten dute”, azpimarratu du Umerezek. Gainera, deialdiaren aurrekontu osoa iazkoaren ia berdina izan da, beraz, “proportzionalki are bikainagoa da deialdi honetan EHUk lortutako emaitza. Lehia gogorrean lortzen den dirua baita ikerketarako finantzazioa”. Horregatik ere, esker ona adierazi die errektoreordeak ikerketa-taldeei eta Ikertzaile Nagusi guztiei.

Joera aldaketa

Aipatu bezala, lortutako finantzaketaren emaitzak oso positiboak dira, azken deialdietan aurrekontuak izan duen igoera kontuan hartuta. Hala, azken urteotako zenbakiak aztertuta, “beheranzko joerari buelta eman zaio, nabarmen gainera”, azpimarratu du Umerezek.

Izan ere, 2021ean 11 milioi lortu ziren, bat gutxiago 2022an eta 2023an, berriz, 8,5 milioitara jaitsi zen. Azkeneko deialdiari esker, ordea, 14 milioi jaso ditu EHUk. Hala, lortutako proiektu kopurua ere dezente hazi da, 63tik 2023an 98ra 2024an; eta doktore aurreko kontratuak ere ia bikoiztu egin dira, 18tik, 30era igo dira.

Modu horretan, espainiar estatuko unibertsitate eta ikerketa zentro guztien artean (CSIC barne) proiektu gehien lortzen duen seigarren unibertsitatea izatera iritsi da EHU eta doktorego aurrekoak kontratatzeko gehigarria gehien lortzen duen laugarrena.

Arloka, 98 proiektu ari dira garatzen 26 zientzia arloan. 26 ingeniaritza eta arkitekturan, 17 osasun zientzietan, 20 gizarte ete lege zientzietan eta 9 arteetan eta gizarte zientzietan.

Doktorego aurreko kontratazioei dagokienez, ostera, 9 zientzietan, 8 ingeniaritza eta arkitekturan, 5 osasun zientzietan, eta launa gizarte eta lege zientzietan nahiz arteetan eta gizarte zientzietan; 30 kontratu, orotara.

Ezagutza sortzeko proiektuen deialdiak, guztira, 675.000.000 euroko aurrekontua izan du azkeneko deialdian, joan den urtean baino 20 milioi gehiago. EHUk 14.025.000 euro eskuratu ditu.

ARLOA

PROIEKTU KOPURUA

ZENBATEKOA DOKTORE AURREKOAK
1. Zientziak 26 3.717.125 € 9
2. Ingeniaritza eta Arkitektura 26 4.197.375 € 8
3. Osasun Zientziak 17 3.921.625€ 5
4. Gizarte eta Lege Zientziak 20 1.422.750€ 4
5. Arteak eta Giza Zientziak 9 766.312,50€ 4
GUZTIRA 98 14.025.187,50€ 30

 


Honen harira