euskaraespañol

Redes sociales campusa

Joxerramon Bengoetxea: «Unibertsitatea egiaren eta askatasunaren aterpea izan behar da albiste faltsuen eta negazionismoen aurrean»

EHUko errektore eta G9 taldeko buruak parte hartu du Diario de Navarra Fundazioak eta Equipo Europak antolatutako Udako Europar Ikastaroetan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/03

Joxerramon Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore eta seihileko honetan G9 unibertsitate taldeko burua

Joxerramon Bengoetxeak, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore eta seihileko honetan G9 unibertsitate taldeko buru denak, parte hartu berri du Udako Europar Ikastaroetan. Saiook hiru egunez egin dira Iruñean, Diario de Navarra Fundazioak eta Equipo Europak antolatuta.

Bengoetxeak “La UE como polo de investigación en libertad” izeneko hitzaldia eman zuen [“EB, askatasunezko ikerketarako gune”]. Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea den aldetik mintzo zela esanik, errektoreak unibertsitateen funtsezko zeregina nabarmendu zuen, ikerketa akademiko askearen berme direlakoan.

“Unibertsitateak jakintzaren guneak dira; ezagutza sortu, transmititu eta egiaztatzen den lekua dira, egiaren aterpeak, albiste faltsuen eta negazionismoen garroak iristen ez diren tokia”. Gainera, gogora ekarri zuen Europako unibertsitate asko estatu-nazioak baino lehenagokoak direla, eta haien eginkizun nagusia egia bilatzea dela. Ildo horretan, azpimarratu zuen askatasun akademikoa errespetatzea botere publikoen eginbeharra dela, baina gainera ezinbestekoa ere badela nazioarteko lankidetzarako, finantziaziorako eta jakintzaren transferentziarako.

Errektoreak ohartarazi zuen iker daitekeenari mugak jartzea zientziaren aurrerabidearen kontrako mehatxu zuzena dela, eta nabarmendu zuen “jakintza hartu behar dugula askatasunetik bereizi ezin den guztion ondasuntzat”.

Hitzaldian —kutsu europar nabarmenekoa bera— errektoreak adierazi zuen Europar Batasunaren erronka dela ikerketaren eta berrikuntzaren benetako gune izatea, makulu hartuta Horizon Europe eta Erasmus+ bezalako programak, eta unibertsitateen artean jadanik dauden itun estrategikoak. “Europak oinarrizko ikerketa ona sortzen du, baina behin betiko jauzia egin behar du transferentziarantz eta berrikuntzarantz”, azpimarratu zuen.

Bengoetxea irakasleak Europako unibertsitateen arteko itunen balioa aldarrikatu zuen, giltzarriak direlakoan goi mailako hezkuntzaren izaera europarra indartzeko eta munduan demokrazia, elkartasun, inklusio eta berdintasun balioak hedatzeko.

Bestalde, errektoreak nazioarteko testuingurua ere hartu zuen aintzat, eta gogora ekarri zuen ezen, Amerikako Estatu Batuetan eta Txinan ikerketa askatasuna mugatu edo baldintzatzen den honetan, Europak sendo eutsi behar diola bere ereduari, eta zientzia irekia, kolaboratiboa eta gizarte osoarentzako eskuragarria sustatzen jarraitu.

Azkenik, ohartarazi zuen unibertsitateak, “bereziki, publikoak”, dibertsitate, ekitate eta kohesio sozialaren ordezkariak direla, eta “haien alde egitea dela Europa birpentsatu eta erreskatatzeko bidea”.

Ekitaldiaren bukaeran errektoreak, beste agintari batzuekin batera, diplomak banatu zizkien Udako Europar Ikastaroen edizio honetan parte hartu duten ia 200 ikasleei.

Unibertsitateen G9 taldeak hirugarren urtez hartu du parte Diario de Navarra Fundazioak eta Equipo Europak antolatutako saio hauetan, zeinen bidez ikasleek modua duten aukera askeko kredituak baliozkotzeko.