Komunikazioko Ikerketaren Espainiako Elkarteak (AE-IC) «Komunikazioko ikerketan emandako bizitza osoari omenaldi nazionala» egin dio UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile Ramón Zallo Elguezábali. Aitortza hori Komunikazioko Ikerketaren Elkarteak urriaren 28an eta 29an Valentziako Unibertsitatean egindako Nazioarteko VII. kongresuan jaso zuen.
Ramón Zallo irakasleari omenaldia egin diote Komunikazioko Ikerketaren Espainiako Elkartearen Nazioarteko VII. Kongresuan
Bere lan oparoa eta ekonomian, komunikazioaren ekonomia politikoan eta kultur industrietan egindako funtsezko ekarpenak nabarmendu dituzte
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/11/02
Erakundeak haren lan oparoa nabarmendu zuen, hala nola «ekonomian, komunikazioaren ekonomia politikoan eta kultur industrietan egindako funtsezko ekarpenak, esparru horretako nazioarteko egile handien artean kokatzen duten azterlanen bidez». Halaber, haren «komunikazio eta kultura demokratikoekin duen konpromisoa» azpimarratu zuen, «Euskal Autonomia Erkidegoko politika publikoetako aholkulari eta kudeatzaile gisa bete duen rola barne hartuta».
Zallok, berriz, omenaldiarekin «hunkituta» dagoela ziurtatu du: «Izan ere, nire ikerlanak komunikazioan jarduten duen unibertsitateko komunitatearentzat erreferente erabilgarriak izan direla eta Komunikazioko Ikerketako Espainiako Elkarteak (AE-IC) nire ikerketa ibilbideari aitortza egiten diola esan nahi du». Ikertzaileak aitortu duenez, ekitaldi hori, era berean, «neurri batean agur bat da, baina jarraipen bat ere bai, zeregin horretarako elkartearen esanetara jarraitzen baitut ohorezko kide gisa, eta landu dudan esparru bikoitzari bultzada bat ere bada».
Ibilbide luzea
Ramón Zallo, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna izateaz gain, Informazio Zientzietan doktorea da, Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna UPV/EHUn eta, gaur egun, irakasle emeritua.
Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko kidea izanik, Zallo komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan aitzindaria izan zen. Berak azaltzen duenez, «lehenengo urte haietan, jarrera kritikoarekin, soziologia funtzionalista eta ekonomia mikroa gainditu behar izan ziren, ikuspegi teoriko, egiturazko, geografiko eta sektorial bat emateko eta, hala, komunikazioaren eta kulturaren ekonomia bat formalizatu, egiturak, eragileak eta fluxuak nabarmenduz, ekonomiak eta merkataritzak kulturaren eta digitalen munduan duten lekua argitzen saiatzeko».
Lan askoren egile izan da Zallo; ekonomiari, kulturari eta kultura eta komunikazio politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikokoak ere. Hamaika liburu argitaratzeaz gain, beste bat inprimategian dauka, eta zazpi lan kolektiboren zuzendaria edo zuzendarikidea izan da.
Kudeaketa publikoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren aholkularia izan zen komunikazio, ikus-entzunezko eta kulturaren arloan 2002-2009ko legegintzaldietan. Kulturaren Euskal Planaren (2004-2015) eta Kulturaren II. Euskal Planerako Orientabideen (2009-2012) egile nagusia izan zen. Euskadiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zurian parte hartu zuen (2003) –hortik sortu zen EIKEN klusterra–, baita honako hauetan ere: Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzean (2006), irratiko FMaren eta Tokiko Telebista Digitalaren inguruko euskal legedia prestatzen, komunikazioari eta Ikus-entzunezkoen Kontseiluari buruzko lege-proiektua prestatzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen finantzaketari buruzko dekretua osatzen. Gainera, EITBrekiko bi kontratu programatan aholkulari izan da.
Zazpi urtez Komunikazioko Ikerketaren Espainiako Elkartearen (AE-IC) Komunikazio Egitura eta Politiken Sailaren zuzendaria izan zen, baita Informazio, Komunikazio eta Kulturaren Ekonomia Politikoko Batasun Latinoko (ULEPICC) Espainiako ataleko presidentea ere.