euskaraespañol

Redes sociales campusa

«ENLIGHTen argi geratu da jokoetan oinarritutako metodologiak askotan eraginkorrak direla»

Irakasleak Prestakuntza Masterreko bost ikaslek Uppsalako Unibertsitatean (Suedia) egindako ENLIGHT unibertsitate-aliantzako Teaching and Learning Conference delakoan izandako esperientzia kontatu digute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/16

Lorea Loinaz, Uxue Diez, Mikel Barrios, Elorri Armendariz eta Leire Nuncio, Irakasleen Formakuntzako Masterreko ikasleak, eta Oihana Leonet, masterreko koordinatzailea. | Argazkia: Enlight

Lorea Loinaz, Uxue Diez, Mikel Barrios, Elorri Armendariz eta Leire Nuncio aukeratu zituzten izena eman zuten 47 ikasleen artean Uppsalara joateko eta aukera aberasgarri eta paregabea aprobetxatzeko, bai arlo akademikoan, bai pertsonalean. Bostek esperientzia hori ahal den guztietan bizitzea gomendatuko liekete beste ikaskideei.

Teaching & Learning Conference-ren bosgarren edizioko programak 144 saio baino gehiago eskeini zituen formatu desberdinetan, posterretatik hasi eta ideiak sortzeko tailer, aurkezpen eta saioetara arte, ekitaldiaren goiburu nagusiaren inguruan, "Goi-mailako Hezkuntzaren etorkizunerako jokoak" alegia.

Aliantzako 10 unibertsitatetako bakoitzak 25 eta 30 pertsona arteko ordezkaritzekin parte hartu zuen, ikasleek, irakasle eta ikertzaileek eta hezkuntza-produktuen diseinuan espezializatutako administrazio-langileek osatutak, esperientziak, jardunbide egokiak eta irakaskuntza-proiektu berritzaileak partekatzeko. Adeitasun- eta dibertimendu-uneak ere izan ziren, lankidetza akademikoko sareak garatzeko giro aproposa sortzeko.

Gure ikasleentzat – hala ziurtatu digute – "beste herrialde batzuetako hezkuntzaren egungo egoera zuzenean ezagutzeko aukera izan da, eta gamifikazioari eta metodo aktiboei buruz gehiago ikasteko aparteko esperientzia, etorkizunean aplikatu ahal izango duguna".

Loreak, Uxuek eta Elorrik gehien estimatu dituzten saioetan honako hauek dira aipatzekoak: Ganteko Unibertsitatean campus jasangarri berri bat diseinatzeko ariketa bat, agertokietan oinarritutako aurreikuspen-ereduen bidez; Belgikako unibertsitateko unibertsitate-orientazioko zerbitzuaren saioak, Escape-room jokoetan inspiratuak; edo hainbat arazo metodologia ludikoak aplikatuz konpontzeari buruzko tailer bat, Groningako Unibertsitatearena (Herbehereak).

Aliantzako irakasgai onenaren saria

Teaching & Learning awards sariek unibertsitateen arteko proiektuak, diziplina anitzekoak eta berritzaileak aitortzen dituzte, diseinuan eta ezarpenean inklusio- eta iraunkortasun-balioak dituztenak. Oraingo honetan, EHUko hautagaia Artificial Intelligence and Law ikastaro hibridoa izan zen, Informatika Fakultateko irakasleek gidatua (beste bost ENLIGHT unibertsitateren irakasleekin batera) eta sareko bederatzi erakundetako ikasleen parte-hartzearekin garatua.

Proiekturik bozkatuena Myanmarko landa-komunitate batean garatutako transformazio-ahalmen handiko ikastaroa izan zen, Bernako Unibertsitateko (Suitza) Lara Maria Lundsgaard-Hansen doktoreak gidatutakoa.

Gure Lorearen ustez, "miresgarria da gamifikazioaren bidez irakaskuntza esanguratsua lortzeko hautagai guztien ilusioa eta motibazioa".

EHUren zortzi aurkezpen

EHUko ordezkaritzak zortzi irakaskuntza-esperientzia aurkeztu zituen. Horien artean, honako hauek zeuden: bideojokoen diseinua eta erabilera, ikasle gazteak karrera teknikoetan murgiltzea errazteko; elkarrizketa sokratikoa Ingeniaritzaren irakaskuntzarako hezkuntza-metodo klasikoagoetan sartzea; ikasleengan sormena garatzen laguntzen duten faktoreen azterketa; edo erabakiak hartzeko prozesuak optimizatzen laguntzen duten aplikazio ludikoen erabilera, besteak beste.

Irakasleen Prestakuntzako Masterreko ikasleek nabarmendu zutenez, esperientzia horrek "ikaslea subjektu aktiboa den hezkuntza posible dela" erakutsi du, eta, aldi berean, "ikerketaren bidetik jarraitzea erabakiko balu bizi litzakeen esperientziak" ezagutu ahal izan ditu.

2026an, denok Bernara

2026ko urrian, ENLIGHTen Teaching & Learning Conference-aren seigarren edizioa egingo da, "Ikaskuntza eta bere testuingurua" izenburupean. Datorren udaberrian zehar deialdi berri bat irekiko da, hamar unibertsitateetako langile akademikoek, EHU barne, parte hartzeko proposamenak aurkez ditzaten.