-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
EHUren memoriaren zaindaria
Santiago de Pablo
ETAri egun pantailan egiten zaion erretratua
Historia Garaikideko katedraduna
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/02/07
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Indarkeria utzi duen arren, irekita dago oraindik 1959an sortu eta 2018an desagertu zen ETA talde terroristaren kontakizunari buruzko gatazka. Memoriaren aldeko borroka horretan, garrantzi berezia dute zinemak eta telebistak. Artikulu honetan, gai horren gainean berriki sortutako ikus-entzunezko ekoizpena aztertuko da.
Zinema eta telebista
Euskarri berrien lehiakortasunak eta covid-19ak krisialdia ekarri dute zinema aretoetara. Hala ere, azken bost urteetan, euskal indarkeriari buruzko hamar film luze estreinatu dituzte. Horien portzentaje handi bat dokumentalak dira. Esaterako ‘Bajo el silencio’ (Iñaki Arteta), ‘Lagun y la resistencia frente a ETA’ (Belén Verdugo) edota ‘Caminho longe’ (Josu Martínez eta Txaber Larreategi). ETAri buruzko fikzioari dagokionez, azken bost urteetan lau film luze hauek estreinatu dituzte: ‘Fe de etarras’ (Borja Cobeaga), ‘Cuando dejes de quererme’ (Igor Legarreta), ‘Soinujolearen semea’ (Fernando Bernués) eta ‘Maixabel’ (Icíar Bollaín).
ETAri buruzko ikus-entzunezko ekoizpenen gehikuntza are handiagoa da telebistan. Bai ohiko kateek, bai plataforma berriek gai horri buruzko lanak eman dituzte: guztira, hamalau dokumental eta fikziozko film. Horien artean zenbait telesail daude, beren iraupenagatik telefilmek baino eragin handiagoa izan dutenak.
Bi telesail dokumental nabarmentzen dira, Movistar+ eta Amazon-ek ekoitzi dituztenak, hurrenez hurren: Alfonso Cortés Cabanillasen eta Jon Sistiagaren ‘ETA: el final del silencio’ (2019) eta Hugo Stuvenen ‘El desafío: ETA’ (2020).
Badira eragin eta ospe handia izan duten fikziozko bi telesail ere: ‘La línea invisible’ (2020) bata, Mariano Barrosok Movistar+ plataformarako zuzendu zuena; eta ‘Patria’ (2020) bestea, Fernando Arambururen izenburu bereko eleberriaren egokitzapena, Aitor Gabilondok HBOrako sortutako ekoizpena.
Horrek guztiak berresten du ez dela amaitu ETAren historiari buruzko ikus-entzunezkoen gaineko interesa. Horregatik, atzean gelditu da duela zenbait hamarkada ekoizleek esaten zutena, ETA “dirua biltzeko pozoia” zela. Egia da badaudela oharkabean pasatu diren zenbat lan zinematografiko. Berriki ekoitziko beste batzuk, ordea, oso arrakastatsuak izan dira, Patria eta ‘La línea invisible’ kasu. Horrek erakusten du badaudela ETA pantailan ikusi nahi duten pertsonak.
Zenbait ikuspegi
Produkzio horiek askotariko generoak dituzte. Dokumentalak eta fikzio dramatikoak nabarmentzen dira. Azken horien artean benetako gertakarietan oinarritutako lanak (‘La línea invisible’ edo ‘Maixabel’) eta eleberrien moldaketak (‘Patria’ eta ‘Soinujolearen semea’) daude. Umoreak ere izan du tarte bat, indarkeriaren ikuspuntu kritikoarekin betiere, ‘Fe de etarras’ komediaren bitartez.
Azken lan gehienak saiatu dira saihesten indarkeriaren justifikazioa. Era berean, ETAren biktimen memoria berreskuratu dute. Dena den, agerikoa da zuzendarien sormen askatasuna islatzen duen heterogeneotasuna. Kaleidoskopio horretan, halaber, eragina izan du euskal terrorismoaren kontakizunari buruzko gatazkak. Adibidez, dokumental batzuetan ETAko kideak Estatuaren biktima moduan ageri dira, eta ezker abertzale deitutakoaren memoria politikak babesten dituzte. Hori da, adibidez Caminho longe filmaren eta Thomas Lacosteren ‘Pays Basque et Liberté, un long chemin vers la paix’ (2020) ekoizpen frantziarraren kasua.
Ikuspegi horren aurka, beste film batzuk saiatu dira ETAri zilegitasuna kentzen eta horren biktimak ohoratzen. Dokumentala izan da oro har helburu horrekin erabilitako generoa. Funtsezkoak izan dira, adibidez, ‘ETA: el desafío’ eta ‘Bajo el silencio’. Joera hori fikziora ere hedatu da, nahiz eta baliteke mezua hain argi ez geratu izana generoaren ezaugarri narratiboengatik eta dramatikoengatik.
Hori dela eta, ‘Patria’ eta ‘La línea invisible’ telesailek polemikak eragin dituzte. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldian ‘Patria’ aurkezteko erabili zuten kartela telesaila bera baino polemikoagoa izan zen: aurrez aurre jartzen zituen polizien torturen irudi bat eta ETAren erailketa batena.
‘La línea invisible’ telesailak, bestalde, talde terroristaren 1968ko lehen hilketak azaltzen ditu. ETAri zilegitasuna erabat kentzen dion arren, izan ziren kritika batzuk. Guardia Zibila tratatzeko moduak protesta isolatu batzuk sortu zituen. Eztabaida piztu zuen, halaber, Txabi Echebarrietaren figura humanizatzeko moduak –ETAko lehen hiltzailea eta taldekidea izateagatik hiltzen lehena–.
Antzeko zerbait gertatu da ‘Maixabel’ lanarekin. ETAk 2000. urtean hil zuen Juan María Jáureguiren alargunaren istorioa kontatzen du. Izan ere, bere senarraren hilketan parte hartu zuten eta damututa zeuden ETAko kideekin elkarrizketatu nahi izan zuen protagonista.
Hala, ‘Maixabel’ bakeak egiteko ideiatik gertu dago, biktimen elkarte batzuek kritikatu dutena, uste baitute bi bando aurrez aurre egon direnean soilik dela posible kontzeptu hori, eta Euskal Herrian ez dela halakorik gertatu. Dena den, Bollaínen filmean argi geratzen da ETAren maltzurkeria, horren indarkeriak ez baitauka justifikaziorik.
Ondorioa
Batzuk pentsatu zuten zinemak eta telebistak ETA ahaztuko zutela indarkeria amaitu eta gero. Baina, ikusi dugun bezala, erakunde terroristaren gaineko ikus-entzunezkoak sortzen jarraitu dute. Interes horretan, gainera, ezin da bereizi ETAren kontakizunaren gaineko gatazka. Horregatik, heterogeneoak dira istorioak, ikuspuntuak eta ideiak.
Hala ere, oro har, terrorismoari buruzko ikus-entzunezko ekoizpenak saiatu dira ETAri zilegitasuna kentzen. Gainera, biktimen memoria lehen planora ekarri dute. Lan horien gainean polemikak sortu izanak soilik erakusten du ikus-entzunezkoen ekoizpenaren, historiaren eta gizartearen arteko harremanak konplexuak direla.
Edonola ere, pentsatzekoa da ETAri buruzko dokumental eta fikziozko lan gehiago egingo dituztela etorkizunean. Ikuspegi ezberdinak erabiliz eta egileen sormen asmoak errespetatuz, lagungarriak izan daitezke ETAren benetako istorioa zabaltzeko eta biktimei eragindako mina errekonozitzeko.