-
EHUren Adimen Artifiziala, Ingeniaritza Kimikoa eta Hezkuntza, munduko 200 onenen artean, gaikako Shanghaiko Rankingaren arabera
-
EHUk kalera aterako du zientzia oraingoan ere, Ikertzaileen Europako Gauean
-
Adingabekoen kirolean abusutzat jotzen ez dena sexu-indarkeria izan liteke
-
La duda cambia de lugar
-
Eraman EHUko unibertsitate txartela zure mugikorrean
Etorkizuneko irakasleak euskara eredu
Murgiltze Astea egin da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, kontzientzia linguistiko kritikoa lantzeko
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/01
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak (HEFA) harrera berezia egin die Lehen Hezkuntzako graduko ikasle berriei. Aste baten baitan 120 gazte murgildu dira EHUko Mikel Laboa Katedraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duen IGOA proiektuak (Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoa) bultzatutako Murgiltze Astean. Helburua: unibertsitateko lehen egun horietatik kontzientzia soziolinguistiko kritikoa piztea eta ikasleen arteko harremanak euskaraz eraikitzen hastea
Goizeko bederatziak dira Gipuzkoako Campuseko Elbira Zipitria Zentroan, Donostian. Ikasgela barruko zurrumurruak ez du ohiko urduritasun akademikoaren hotsik; aste osoko bizipenen ondoren, mahai-inguruetan nabari da talde-giroa. Unibertsitatera iritsi berri diren gazteentzat ez da ohiko astea izan. Astelehenean hizkuntza-aurreiritziei buruzko eztabaidekin hasi zutena, konpromiso zehatzak hartzera eta sormena azaleratzera iritsi da ostiral honetan.
Murgiltze Astearen funtsa sakona da. Antolatzaileek ondo dakite ikasleen hizkuntza-ohiturak unibertsitateko lehen asteetan finkatzen direla eta gero oso zaila dela ohitura horiek aldatzea. Horregatik, 15 irakasleren laguntzarekin, aste osoan zehar hizkuntza ideologiak, euskalduntzearen historia eta etorkizuneko maisu-maistrek izango duten erronka jarri dituzte mahai gainean.
Landatu da hazia
Esperientziak arrastoa utzi du ikasleengan ere. Amets Mendiarazek euskararen erabileraz eta historiaren inguruan hausnartzeko aukera azpimarratu du. “Klasekoekin gutxi egiten nuen euskaraz ekitaldi hau baino lehen. Azkenean ez zaude ziur euskaraz dakiten edo zure euskara behar bezain ona den. Horrelako ekitaldiek asko laguntzen dute muga hauek lausotzera eta euskaraz mintzatzera klasekideekin”. Haizea Salcedak, berriz, hezkuntzan euskarak duen garrantziaz jabetu direla nabarmendu du. “Lanketa ezberdinak egin ditugu unibertsitateko aste hauetan, horietako asko guk ditugun aurreiritziak identifikatzeko eta ondoren horien egitatea ulertzeko. Lanketa hauek dagoeneko nituen aurreiritziak diskriminatzen lagundu dit.”
Lucia Sarasolaren ustez, proiektuak lagundu du euskararen balioa eta etorkizuneko irakasleen ardura ulertzen. “Modu pertsonalean proiektuan zehar ulertu dugu euskara galtzear dagoela, hori ulertzeak gure ikasleei behar den bezala euskara transmititzea oso garrantzitsua dela irakasle erreferente moduan lan egiteko.” Adur Otegik aldiz, aitortu du bereziki hunkitu dutela euskararen aldeko borrokaren eta frankismo garaiko zapalkuntzaren inguruko edukiek. “Baliagarria iruditu zait euskararen alde egin den borroka ulertzea, horrela defendatzeko behar hori piztu dit eta motibatuago sentitzen naiz.”
Ekimenean parte hartu duten irakasleek diotenez, Murgiltze Asteak gradu osoan zabalduko den lanaren lehen oinarria ezartzen du: ikasleek hizkuntza kontzientzia kritikoa gara dezaten hazia ereiten du, eta elkarren artean ordura arte baino euskara gehiago erabiltzeko gogoa eta motibazioa elikatzen ditu.
Bideoklip lehiaketa
Ostiraleko azken txanpan, urduritasuna eta barreak HEFA II eraikinera joan dira. Astean zehar sortutako bideoklipak taldeka proiektatu eta sari banaketa egin dute. Ekitaldi freskoa izan da, sormenez betea, eta argi ikusi da posible dela euskara eta gozamena uztartzea.
Astea amaitzeko, kafetegiko hamaiketakotik bueltan, ikasle askok datorren asteko ohiko klaseen errutinari helduko diote, beren bide profesionala eta pertsonala markatuko duen motibazio berrituarekin. Lau urte dituzte aurretik, baina oinarri sendo finkatu da Donostian.
