IGOA
Euskarazko hezkuntzako profesionalek ezagutza eta gaitasun soziolinguistikoak behar dituzte irakasteko erabiltzen duten hizkuntzaren egoera eta ezaugarriak ongi ulertzeko, ulermen hori baldintza baita ikasleen beharrak bideratu ahal izateko.
Behar horri erantzun nahian sortu da Irakaslegaien Ohartze eta Ahaldutze Soziolinguistikoa (IGOA) proiektua. Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean sortu zen 2023an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedraren laguntzaz. 2024-25 ikasturtean etorkizunean irakasle izango diren unibertsitateko ikasleekin txertatu zen lehen aldiz jardun akademikoan.
IGOAren helburu nagusia da irakaslegaiek hezkuntza zentroetako aniztasun soziolinguistikoan lan egiteko eta kultur transmisioa gauzatzeko tresnak eskuratzea. Hori lortzeko, Hezkuntza Graduetako hainbat irakasgaitan landutako proiektuez gain, Fakultatea berezko zenbait esku-hartze diseinatzen ari da. Gune honetan horiei buruzko informazioa eskainiko dugu.