Antipsikotikoek ahoan eragin ditzaketen erreakzio kaltegarriak ikertu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko ikerketa-talde batek. Europako EudraVigilance farmakozaintzako datu-basearen datuetan oinarritu da ikerketa, eta agerian utzi du arazorik ohikoenak listu-fluxuaren asaldurekin (gehiegizko listu-jarioa eta aho lehorra, adibidez) eta ahoko hanturarekin eta hortzak galtzearekin lotuta daudela.
Farmako antipsikotikoek ahoko osasunean dituzten ondorio kaltegarriak aztertu dituzte
EHUko ikerketa batek agerian utzi du beharrezkoa dela osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen aho-hortzen osasuna zaintzea
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/18
Jakina da gaixotasun mentalak dituzten pertsonek arrisku handiagoa dutela gaixotasun sistemikoak izateko, eta asaldura neuropsikiatrikoak lotuta daude aho-hortzetako osasun txarrarekin. Azken urteotan, ordea, handituz joan da osasun mentaleko asaldurak dituzten pertsonen aho-hortzetako egoerari arreta jartzeko interesa, oso garrantzitsua baita ahoko osasunaren eta egoera fisiko eta mental orokorraren arteko erlazioa. Gainera, farmako antipsikotikoen (batez ere eskizofrenia tratatzeko erabiltzen diren botikak) albo-ondorioak asko ikertu izan badira ere, ahoan duten eragina gutxi ikertu da.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmakologia Saileko ikertzaileak eskizofrenia duten pertsonen aho-osasuna aztertzen aritu dira. “Horretarako, Europako EudraVigilance farmakozaintzako datu-basea erabiliz, 5.633 jakinarazpen analizatu ditugu. Jakinarazpen horiek farmako antipsikotikoen eragin kaltegarrien susmoak ziren”, azaldu du Nerea Jauregizar EHUko ikertzaileak.
Ikerketak erakutsi du antipsikotikoek lotura sendoa daukatela ahoko ondorio kaltegarriekin: “Listu-fluxuaren alterazioarekin lotutakoak jakinarazi dira gehien, hala nola gehiegizko listu-jarioa eta aho lehorra, hartutako farmakoaren arabera —dio Teresa Morera EHUko irakasleak—. Baina, horiez gain, txantxarra, hortz-galera, listu-guruinen eta mihiaren hantura, eta abar ere erlazionatuta daude antipsikotiko jakin batzuekin”.
EudraVigilance datu-basean osasun-profesionalek (medikuak, odontologoak, farmazialariak, erizainak…), industria farmazeutikoak eta bai pazienteek ere jakinarazten dituzte albo-ondorioen susmoak. “Ikerketan, arrisku-seinale potentzialak antzeman ditugu. Ikusi dugu ahoko erreakzio kaltegarrien jakinarazpena handiagoa dela antipsikotikoekin, beste botika batzuekin alderatuta —azaldu du Leire Urien ikertzaileak—. Konturatu gara erreakzio kaltegarrien jakinarazpenaren probabilitatea handituta dagoela farmako antipsikotikoen kasuan”.
Europako datu-basean hautemandako desproportzioak agerian utzi du “farmako antipsikotikoak lotuta daudela ahoko erreakzio kaltegarriekin. Baina horrek ez du kausalitate-erlaziorik ezartzen. Horrek esan nahi du farmako antipsikotikoekin tratatutako pazienteek arrisku handiagoa daukatela ahoko gaitzak garatzeko, eta litekeena dela gaitz horietako asko lotuta egotea botika horiek aho-osasunean eragiten dituzten ondorio kaltegarriekin”, dio. Bestalde, ikertzaileek adierazi dute ez dutela sexuaren araberako diferentziarik aurkitu.
Faktore askok eragiten dute
“Jakina da aho-osasuna faktore anitzi lotzen zaiela eta botika batzuek badutela eragina. Hala ere, ez da erraza erlazio zuzenik ezartzea, zeren osasun mentaleko asaldurak dituzten pazienteek hainbat medikamentu hartzen dituzte, ez bakarrik antipsikotikoak; antidepresiboak, lo egiten laguntzeko farmakoak, beste gaixotasun sistemiko batzuetarako botikak eta abar ere hartzen dituzte”, azaldu du EHUko ikertzaile-taldeak. Bestalde, Jauregizarrek adierazi duenez, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonek, oro har, ez dute ohitura osasuntsurik aho-higieneari dagokionez eta abusuzko substantziak hartzen dituzte (drogak, tabakoa eta abar). Gainera, paziente hauek zailtasunak izaten dituzte aho-osasuneko arretara heltzeko.
Osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteen aho-osasuna zaintzeko gomendio orokor batzuk proposatu dituzte ikertzaileek: “Oso garrantzitsua da pazienteen aho-osasuna sistematikoki aztertzea eta hobetzen laguntzea. Askotan eskizofrenia duten pertsonak estigmatizatuta daude; haien ahoa zaintzen laguntzen bazaie, horrek lagundu egingo die bizi-kalitate hobeagoa izaten. Ezinbestekoa da prebentzio-neurriak garatzea: batetik, aho-higiene egokia eta ohitura egokiak bermatzea, eta, bestetik, oso garrantzitsua da haiek artatzen dituzten osasun-profesionalen arteko lankidetza bermatzea; kasu honetan, psikiatrek harremanetan egon behar dute odontologoekin”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Leire Urien Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko ikertzaile eta irakaslearen tesiaren atal bat izan da. Urien doktoreak eskizofrenia duten pertsonen aho-osasuna aztertu du bere tesian, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Nerea Jauregizar eta Teresa Morera ikertzaile eta irakasleen zuzendaritzapean.
Euskal Herriko Farmakojagoletza Unitateko kideek (Galdakao Usansolo Ospitalea) ere hartu dute parte ikerketan.
Erreferentzia bibliografikoa
- Oral Adverse Effects of Antipsychotic Medications: A Case/Noncase Analysis of EudraVigilance Data
- Oral Diseases (2025)
- DOI: https://doi.org/10.1111/odi.15337