euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Asier Amezaga Etxebarria

Gazteak eta bakardadea sare sozialen garaian

Soziologiako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/25

Artikulu honen jatorrizkoa The Conversation argitalpenean dago argitaratuta.

“Bakardadea ez da, hainbestean, lagunik ez izatea, baizik eta jendez betetako plaza batean zaudela “Kaixo, laguntza behar dut!” oihukatzea eta inork ez zaituela entzuten sentitzea. Ez da inork ez dizula jaramonik egiten, ez, ezpada entzun ere ez dutela egiten”.

Pandemian elkarrizketatutako 20 urteko neska horrentzat bakardadea paradoxa bat da: ikusgarritasun handiko eta lepo dagoen espazio bat habitatzea. Espazio horretan, bere ahotsa lausotu egiten da algara artean. Plaza horrek Facebookeko edo Instagrameko horma gogorarazten du. Baina, sare sozialak al dira esperientzia paradoxiko horren eragileak?

Sareek bakardade sentimendua areagotu edo murriztu egiten duten galdetzen dugunean, harremanetarako teknologia digitalak gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz ditugun esperientziak aztertu behar ditugu.

Joan den 2020ko konfinamenduan, gure bizitza soziala mezuen edo bideo deien bidezko harremanetara mugatu zen eta askok frustrazioz eta larritasunez bizi izan zuten egoera hori. Garai hartan, zabaldu egin zen bakardade sentimendua, eta areagotu egin zen gazteen artean, onlineko komunikazioan ohituenak izanik.

Gero eta konektatuago, baina gero eta bakarrago” esaldia ohiko bihurtu da, eta mugikorrei eta sare sozialei leporatzen diegu gazteek gero eta gehiago bizi duten bakardade esperientzia. Susmoa dugu bitarteko horiek aurrez aurreko benetako harremanen suzedaneoak baino ez direla.

Pantailen hoztasunak, argazkien azalekotasunak edo komunikazioko distantziak nekez lehiatzen dute besarkada baten berotasunarekin. Sare sozialak, gehiegizko estimulazio kontsumista sustatzen dutenez, harreman iragankorragoak eta duda-mudazkoagoak sortzeko bide dira.

Sareek komunikaziorako duten garrantzia

Hala ere, gazte askoren testigantzen arabera, sare sozialak tresna baliagarriak dira distantzian elkarreragiteko, intimitate harremanak sortzeko eta une zailei aurre egiteko. Komunikazioan kontrol sentsazioa izatea, mezuak landuz, irudi pertsonala moldatuz edo prestutasuna modulatuz, antsietatea gutxitzeko eta kontaktua errazteko bide izan daiteke.

Pandemian, jende askok adierazi du hedabide digitalen saturazioa dutela. Hala ere, horiek ezinbestekoak izan dira gogoari eta harremanei eusteko. Tresna horien anbibalentzia eta aniztasuna funtsezkoak dira gure bizitza sozialean nola eragiten duten ulertzeko, bereziki oso azkar eboluzionatzen ari delako.

Bada, sareei buruzko aurreiritziek zaildu egiten dute diagnostikatzea nola eraldatzen ari diren bizitza soziala. Eta zaildu egiten dute, era berean, gazteen gizarteratzeak eragindako tentsioak eta ondoezak konpontzeko estrategia errealistak irudikatzea. “¿Cómo conectamos? Mediación de las redes sociales en la experiencia de soledad de las personas jóvenes” ikerketan (laster argitaratuko du Centro Reina Sofía-FAD), hiru dimentsio aipatzen dira gazteek bakardadea bizitzeko duten modua nola ari den eraldatzen ulertzeko.

Txostenean, 18 hilabetez, 2020ko urtarriletik 2021eko ekainera bitartean, egindako ikerketa baten emaitzak aurkezten dira. Ikerketa horren helburu nagusia izan zen gazteen konfinamendu esperientzian sare sozialen bitartekotza aztertzea, baita nahi ez den bakardadearen bizipenarekin duen lotura aztertzea ere, horren bidez sare sozialek nahi ez den bakardade sentimendu hori prebenitzeko bete dezaketen paperari buruzko ikaskuntzak lortzeko.

Bitarteko digitalak eta beti eskuragarri egotea

Lehen dimentsio batean, aipatu behar da, bitarteko digitalek aurrez aurreko kontaktua ziurtatzerik ez duten arren, ordainean, interakzio sozialean beti eskuragarri egotea eta bat-batekotasuna eskaintzen digute.

Bakardadea komunikazio kanaletatik kanpo egotearen kezka gisa adierazten da, gertakari jakin batzuetan parte ez hartzearen edo beste batzuek norbera ahaztearen beldur gisa. Bakardade mota bat da: deskonexio sentsazioa, fluxuari behar bezala jarraitzen ez zaiola edo jakinaren gainean egoteari (edo estaldurarekin egoteari) uzten zaiola sentitzea.

Bigarren maila batean, bakardadea gure lotura esanguratsuen gaineko frustrazio gisa ulertzen da. Fenomeno hori ulertzeko eta aztertzeko modurik ohikoena den arren, sare sozialak lotura horiek mantentzeko modu berriak dira. Eta horrek tentsioak eta frustrazioak dakartza.

Facebook edo Instagrameko horma publikoek jende pilarekin klik batean komunikatzeko gaitasuna eskaintzen dute. Horrek eguneroko aintzatespen esparrua sortu du harreman pertsonaletan. Jarraitzaile gutxi izatea, argitalpen batean etiketatua ez izatea edo argazki batek barregarri uztea bakardade sentimendua eragiten dute.

Horrela, eskuragarritasunaren eta ziurgabetasunaren arteko joko konplexua da sareetan gure loturen kalitatea frogatzeko oinarri. Eta horretan ez da beti aurkitzen guk nahi dugun erantzuna guk nahi dugunean. Bakardadearen esperientzia bi pultsio ezberdinen artean dago: esposizio publikoa eta beste pertsona batzuekin intimitatean harremanetan jartzeko aterpe bat eraikitzea.

Hirugarren mailara iritsi gara. Sare sozialen erabiltzaileek etengabe proiektatzen dute nor diren beste batzuen aurrean. Profileko argazkia aukeratzean, adibidez, beste batzuek nola ikusi nahi gaituzten adierazten dugu, eta, aldi berean, besteak nolakoak diren eta nola ikusten gaituzten galdetzen diogu geure buruari. Ispilu joko horretan bi fantasia kontrajarri daude:

  • “Gardentasunaren fantasia”, eta fantasia horretan pertsonak gai izango lirateke nor diren zintzoki irudikatzeko.
  • “Kontrol fantasia”, argitaratutako irudiak eta testuak aldatzeko aukerek sortutakoa. Horrek besteen begiradara egokitzeko aukera ematen du, baina, aldi berean, besteak nolakoak diren jakiteko mesfidantza sortzen du. Benetako pertsonak ote dira edo pertsonaia hutsak edo, are gehiago, erabiltzaile fantasmak?

Bakardadeak beldur existentzialei lotutako dimentsio berri batera garamatza. Benetakotasun ezaren beldurrari aurre egitea dakar, eta zailtasunak ez dakigulako geure burua nola erakutsi eta ez dakigulako nola lortu errekonozimendua eta kemena. Ziurgabetasun sakonagoa dakar horrek. Ez loturei buruzkoa, baizik eta garenaren egiazkotasunari eta beste pertsona batzuekin komunikatzeko aukerari buruzkoa.

Bakardade esperientziaren adiera berri horiek kontraesanetara garamatzate eta gazteek beren egunerokotasunean aurre egin behar diete kontraesan horiei. 16 urteko neska batek adierazi zuen bere nahia beste pertsona batzuekin konektatzea zela, konektatu behar izan gabe, hau da: loturen pisua jasan beharra ez dakarren kontaktu ideal bat. Baina ezin zuen ukatu lotura ezartzeko gogoa.

Konexioa soziabilitate garaikidearen metafora perfektua da. Bertan, bitartekari digitalak gero eta naturalizatuagoak dira. Hala ere, tirabirak sortzen dituzte jendaurrean jartzeko joeraren eta norbere barnera biltzeko nahiaren artean. Gardentasun fantasia argitsuaren eta benetakotasun faltaren edo besteen kontrolpean egotearen etengabeko beldurraren artean. Gazteen arteko harremanek etengabeko ziurgabetasuna dakarte: oso da azkarra konektibitatea, eta, beraz, oso erraza deskonektatuta geratzea.