Iñaki Milton Laskibar eta Laura Isabel Arellano García eta Maria Puy Portillo
Gutxiago jateak gehiago eta hobeto bizitzen lagun diezaguke
IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/21
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Zahartzea prozesu fisiologiko bat da, eta honela definitzen da: dela zeluletan, dela ehunetan gertatzen diren aldaketa negatiboen metaketa. Medikuntzaren arloan egindako aurrerapenei esker, luzatu egin dugu gure bizi itxaropena. Baina, adinaren berezko gaixotasunen prebalentzia ere handitu egin da.
Zenbait teoria egin dira prozesu hori azaltzen saiatzeko eta, bide batez, hura nola moteldu jakiteko. Ildo horretan, gizakiek, oro har, eta komunitate zientifikoak, zehazki, betiereko gaztetasunaren formula aurkitzeko interes berezia erakutsi izan dute orain dela mende askotik hona.
Gutxiago jatea gehiago bizitzeko
Hori horrela, hainbat organismoren bizi itxaropena luzatzeko esku hartze eraginkorrena murrizketa kalorikoa da. Hau da, hartzen ditugun kaloriak murriztea (egunean hartzen ditugun kalorien % 20 eta % 40 artean) nutriente guztien beharrak estalita (malnutriziorik gabe).
Hala, deskribatu denez, murrizketa kalorikoa eraginkorra da eulien, karraskarien eta tximinoen bizi itxaropena handitzeko.
Nolanahi ere, murrizketa kalorikoak bizitza luzeran duen efektuari buruz gehien aztertu den adibiderik garbiena Japoniako Okinawa uharteko biztanleena da.
Kasu honetan, uharte horretan bizi diren ehun urtetik gorakoen intzidentzia handia justifikatzen duten arrazoiak aztertzean, ikusi zen pertsona horien nutrizioak ezaugarri zehatzak zituela. Datu epidermiologikoek erakutsi zutenez, pertsona horiek, berez, % 10-15eko murrizketa kaloriko batekin bizi zirela. Ezaugarri nutrizional horrek pertsona horietan ikusi zen bizi luzera handiagoa eta zahartzaroaren berezko gaixotasunen tasa txikiagoa justifikatuko luke.
Baina, zergatik? Murrizketa kalorikoak bizi luzeran dituen efektuetan inplikatuta dauden mekanismoei dagokienez, proposatu da esku hartze horrek “egokitzapen metaboliko” bat eragiten duela.
Egokitzapen horrek honako hauek eragiten ditu: tasa metaboliko txikiago bat (gastu energetikoa atsedeneko denboraren unitateko), hobekuntza atsedeneko gastu energetikoaren eraginkortasunean, eta oxigeno espezie erreaktiboen ekoizpen txikiagoa. Horrek, bere aldetik, organoen eta ehunen oxidazio kalte txikiagoa dakar.
Beraz, murrizketa kalorikoak, gainera, autofagia aktibatzen du; hots, zitoplasmatik proteinak, organuluak eta agregatuak ezabatzea, zelulen funtzionalitatea babestuta.
Gutxiago jatea hobeto bizitzeko
Baina murrizketa kalorikoaren onurak bizi itxaropena luzatzetik harago doaz. Hain zuzen ere, deskribatu denez, esku hartze horrek efektu onuragarriak eragiten ditu zenbait gaixotasun metabolikotan eta zahartze “osasungarriago” baterako bide ematen du.
Ildo horretan, begien bistakoa dirudi murrizketa kalorikoa bereziki onuragarria izango dela obesitatea duten pertsonetan. Dena dela, ikusi denez, pertsona osasuntsuetan eta obesitatea ez dutenetan ere baditu onurak maila metabolikoan.
Esate baterako, gorputz pisua murrizten laguntzen du (batik bat gantza), bitarteko proinflamatorioen maila zirkulatzaileak murrizten ditu (adibidez, α tumorearen nekrosi faktorea) eta odoleko glukosa, triglizerido eta kolesterol mailak eta odol presioa murrizten ditu.
Gainera, deskribatu denez, murrizketa kalorikoak nerbio sistema zentralaren inflamazioa murrizten du –prozesu hori gaixotasun neurodegeneratiboen garapenean inplikatuta dago–.
Efektu horretan eragina izango lukete, besteak beste, gluzemiaren eta glikazio aurreratuaren azken produktuen maila zirkulatzaileen murrizketak, jarduera parasinpatikoaren gorakadak edo seinale bide antiinflamatorioen aktibazioak.
Bestalde, nabarmendu beharra dago murrizketa kalorikoak hesteetako mikrobiotaren osaera modulatzen duela (eta bakterio onuragarriekin aberasten duela), eta horrek, bere aldetik, neurodegenerazioa arinduko lukeela. Ildo horretan, heste-garun ardatza murrizketa kalorikoaren efektu neurobabeslean eragiten egongo litzateke, bide neuroendokrinoen eta immuneen bidez.
Horrela, murrizketa kalorikoaren ondoriozko mikrobiotaren osaerak neurotransmisore eta horien bultzatzaile gehiago (adibidez, serotonina eta triptofanoa) ekoizteko bide ematen du, bai eta metabolito mikrobial gehiago ere (esaterako, kate motzeko gantz azidoak). Horiek, beren aldetik, behin barrera hematoentzefalikoa gaindituta efektu neurobabeslea dute.
Modu berean, hesteetako mikrobiotak ere zuzenean bidaltzen dizkio seinaleak garunari nerbio bagoaren bitartez, eta uste da hori lotuta egon daitekeela garun mailako inflamazioarekin, bai eta estresarekiko erantzunarekin eta gogo aldartearekin ere.
Eta murrizketa kalorikoaren efektu bereko konposatuak baleude?
Murrizketa kalorikoak zenbait gaixotasunei dakarkien onurari buruzko ebidentzia zientifikoa gorabehera, errealitatea da mota horretako esku hartzeak ez direla oso popularrak, eta zaila da horri jarraitzea.
Horregatik, “murrizketa kalorikoaren mimetikoak” kontzeptua garrantzia hartzen joan da azken urteetan. Laborategiko animalia askotan eta gizakietan murrizketa kalorikoak zahartzearen aurka dituen efektuak imitatzen dituzten molekula edo konposatu mota bat dira.
Molekula horiek murrizketa kalorikoak eragindakoen antzeko efektuak eragiten dituzte (nagusiki proteinen deazetilazioa eta autofagiaren aktibazioa) hartzen ditugun kaloriak murriztu behar izan gabe.
Badira murrizketa kalorikoaren jatorri naturaleko mimetikoak; tartean, hauek: polifenolak (erresberatrola), poliaminak (espermidina) eta antiinflamatorio ez esteroideoak (azido azetilsalizilikoa).
Murrizketa kalorikoaren mimetiko sintetikoak ere garatu dira, eta horiek eraginkorrak dira gorputz pisua murrizteko eta intsulinarekiko erresistentzia hobetzeko genetikoki obesoak diren saguetan.
Molekula horiek PI3K proteinaren bidea inhibitzen dute. Bide horrek, bada, anabolismoa eta nutrienteen metaketa aktibatzen du, besteak beste. Egiaztatzeko dago animalietan deskribatu diren emaitza itxaropentsuak gizakietan ere mantentzen diren.
Gaur egun ditugun datuak ikusita, argi dagoena da, bizi itxaropena luzatzeaz edo ez luzatzeaz harago, murrizketa kalorikoak lagun diezagukeela hobeto bizitzen eta zahartzen. Gainera, murrizketa kalorikoaren mimetikoen garapenean egiten ari diren aurrerapenei esker, esku hartze horren onurak pertsona gehiagok jaso ditzakete.