euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Hegazti-gripeak arriskuan jar ditzake munduko putreen populazioak

Jon Morant EHUko ikertzaileak parte hartu duen lan batek putreen kontserbazioaren garrantzia nabarmendu du eta haien babesa indartzeko neurriak proposatu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/23

Jon Monrrat, EHUko Arabako campuseko irakasle eta ikertzailea
Jon Morant, EHUko Arabako campuseko irakasle eta ikertzailea | Argazkia: Fernando Gómez. EHU

Conservation Biology aldizkarian argitaratutako gutun baten sinatzaileek ohartarazpena egin dute hegazti-gripeak putreen populazioetan eragiten dituen arriskuez. Agerian jarri dituzte, gainera, putreen gainbeherak ekosistemetan eta gizakien ongizatean zer arazo eragin ditzakeen. Horri guztiari aurre egiteko bost ekintza-lerro proposatu dituzte: populazioen segimendua egitea, txertaketa-kanpainak, sarraskien kudeaketa, putreak maneiatzeko protokoloak eta tokian tokiko ekintza-planak sustatzea.

Mundu mailan, hegazti-talde mehatxatuenetako bat dira putreak. Gaur egun, hogeita hiru putre-espezietatik hamasei, gutxienez, kontserbazio-egoera kezkagarrian daude, hein handi batean intoxikazioen eta gizakiak eragindako bestelako mehatxu batzuen ondorioz. Baina, aldi berean, “gizakien ongizatea sustatzen duen zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuenetako bat ematen digute: sarraskia jaten dute eta sarraskietan patogenoak daude. Frogatuta dago sarraskijaleek patogenoak ez zabaltzen edo gutxiago zabaltzen laguntzen dutela. Hau da, gaixotasunak eragiten dituzten mikroorganismoak gehiago ez zabaltzea eragiten dute”, azaldu du Jon Morant EHUko ikertzaileak.

Panzootia (gizakien pandemiaren parekoa) eragin duen hegazti-gripearen birusa (H5N1) oso kutsakorra da, eta bestela ere gainbehera doazen putre-populazioen hondamendia ekar dezake. Izan ere, egiaztatu da putreentzat gako diren munduko toki jakin batzuetan birusa asko hedatu dela eta ondorio larriak izan dituela. Esate baterako, milaka zopilote beltz (Coragyps atratus) eta sai papargorri (Cathartes aura) hil dira AEBn eta Hego Amerikan. Eta kalte handia eragin die ugatzei (Gypaetus barbatus), Europan, eta Kaliforniako kondorrei (Gymnogyps californianus) eta Andeetako kondorrei (Vultur gryphus), Amerikan. Aipatzekoa da Kaliforniako kondorrak desagertzeko arrisku kritikoan daudela, eta beren populazio basatiaren % 6 inguru galdu zela sei astean.

Arrisku horretaz ohartarazteko eta arazoari aurre egiteko ekintza-lerroak markatzen dituen gutun bat argitaratu du Conservation Biology aldizkarian EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaile Jon Morantek, Ikerketa Mediterraneoen Institutuko (IMEDEA, Mallorca) eta Biodibertsitate eta Ingurumeneko Ikerketen Institutuko (INIBIOMA, Argentina) ikertzaile batzuekin lankidetzan. “Alerta bat helarazi nahi izan diegu kontserbazio-arduradun eta ikertzaileei, ekintza koordinatuak bultzatzeko”, dio Morantek.

Paradoxa

Oro har, “putreak animalia sozialak dira, bazkalekuetan elkartzen dira, alegia, erraz kutsatzeko arriskua duten lekuetan. Gainera, sarraski kutsatuak janez, H5N1 birusaz kutsatzeko arriskua daukate. Putreak, sarraskijale izanik, bakterio eta patogeno asko jasateko prestatuta daude, baina hori ez da nahikoa H5N1 birusari aurre egiteko”, azaldu du Morantek. Birusak hilkortasun-tasa handia du, bai etxeko animalietan bai basatietan. Hegazti-gripeak ez die bakarrik hegaztiei eragiten. Dokumentatuta dago mundu osoan 48 ugaztun-espezie baino gehiago kutsatu direla. “Zenbat eta sarraski gehiago kutsatuta egon, orduan eta arrisku handiagoa daukate putreek kutsatzeko. Sarraski horiek berak kutsadura-iturri izan daitezkeenez, paradoxa bat sortzen da: putre gehiago hiltzen diren neurrian, sarraskia desagerrarazteko gaitasuna murrizten da, patogenoak zabaltzen dira eta horrek kutsatzeak ugaritzea eragiten du”, azaldu du ikertzaileak.

Bost ekintza-lerro

Gutuna sinatu duten ikertzaileek ikuspegi integrala eta dimentsio anitzekoa izateko eskatzen diete kontserbazionistei eta kudeatzaileei, H5N1 birusak putreei eragiten dizkien arriskuak arintzeko.

Batetik, ikertzaileek diote premiazkoa dela populazioen segimendua egitea. “Euskal Herrian, sai arrearen populazioa egoera onean dago, baina sai zuria espezie sentikorragoa da. Espezie migratzaileetan arreta handia jarri behar da”, azaldu du. Bestetik, populazioak arrisku larrian badaude eta kondizio logistikoek egiteko aukera ematen badute, txertaketa-kanpainak erabiltzea proposatzen dute. “AEBetan, Kaliforniako kondorren kasuan, ikertzaileek hegaztiak txertatzeko kanpaina bat jarri zuten abian, espeziea desagertzeko arriskua handia baitzen”, erantsi du.

Hirugarrenik, hegazti sarraskijaleen bazkalekuetan jarri dute arreta: “Garrantzitsua da kutsatuta gabe dauden sarraskiz elikatzea”. Laugarren ekintza-lerroa ikertzaileei zuzenduta dago: “Biosegurtasuneko protokoloak zorrotz bete behar dira (eskularruak, maskarak eta abar erabiltzea), batez ere populazio txikiekin edo mehatxatuta dauden espezieekin lan egiten dugunean”. Eta, azkenik, testuinguru bakoitzera egokitutako ekintza-planak garatzea eta sustatzea gomendatzen dute; izan ere, putreak bizi diren herrialdeetan askotariko egoera sozioekonomikoak eta gobernantza-ereduak daude.

Gutunaren sinatzaileak kezkatuta daude arazoarekin, eta, gutun ireki honen bidez, ikertzaileak eta kudeatzaileak urratsak ematen hastea espero dute. “Gutuna gida gisa erabiltzea proposatzen dugu. Egoera epidemiologiko arriskutsu honi aurre egiteko, premiazkoa da mugaz gaindiko plan koordinatuak garatzea, ekintza horiek gobernantza partekatuko egituretan txertatzeko”, dio Morantek amaitzeko.

Informazio osagarria

EHUko Jon Morantekin batera gutuna sinatu dute Andrea Santangelik (IMEDEA), Pablo Plazak (INIBIOMA) eta Sergio A. Lambertuccik (INIBIOMA).

Morant EHUko Arabako campusean aritzen da irakasle eta ikertzaile gisa, baina, gaur egun, Dublineko Biologia eta Ingurumen Zientzietako Eskolan ari da egonaldi bat egiten, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza osteko programa bati esker.

Erreferentzia bibliografikoa