euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Koldobika Martín Escudero

Herriaren energia herriarentzat

Ingeniaritza Energetikoaren Saileko irakaslea eta ENEDI (ENergética en la EDIficación) Taldeko ikertzaile nagusia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/07

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bizitzea egokitu zaigun garai honetan, egunero entzuten ditugu ‘aldaketa klimatikoa’, ‘berotze globala’, ‘berotegi efektuko gasak’ eta antzeko terminoak. Kontzeptu horiekin ohitu gara eta haiekin elkarbizitzen ikasi dugu, eta, oraindik ere, gutako askok uste dugu ez garela arazo globalaren konponbidearen parte.

Dena den, hori ez da egia. Hiritarrek aldaketa klimatikoa arintzen laguntzeko duten moduetako bat autokontsumo elektrikoa da, energia berriztagarriko instalazioen bidezkoa.

Berriztagarriak bai, baina, nola?

Gero eta modu nabarmenagoan pairatzen ari garen efektu klimatikoak moteltzen lagunduko duen trantsizio energetiko bat gauzatzeko premia larrian gaude. Trantsizio energetiko hori hiru zutabetan oinarritzen da:

  • Berotegi efektuko gasen isuriak murriztea.
  • Energia efizientzia hobetzea.
  • Energia berriztagarrietatik datorren energiaren ekoizpena handitzea.

Azken horri dagokionez, eztabaida bat dago instalazio berriztagarrien tamainaren eta kokapenaren inguruan: zer da hobe, eredu zentralizatu bat izatea edo sakabanatu bat?

Eredu zentralizatua enpresa handiek esplotatutako makroproiektuetan oinarritzen da, zeinek, a priori, eragin handiagoa duten merkatu elektrikoaren gainean. Gainera, eskalaren ekonomia dela eta, errentagarriagoak dira inbertsioaren ikuspegitik (euroak instalatutako kilowatt bakoitzeko).

Sakabanatutako ereduak tokian tokiko autokontsumoa lortu nahi du, kontsumo guneetatik gertu dauden hainbat lekutan instalazio berriztagarri txikiak jartzearen bidez. Sakabanatutako eredu horrekin, sorkuntza sistemak eraginkorragoak dira, eta sare elektrikoaren bidezko banaketa galerak ekiditen da.

Biek ala biek galdera eta eztabaida ugari sortzen dituzte. Instalazio handiei dagokienez, ba al du zentzurik hirietan kontsumituko den energia landa eremuan sortzeak? Egokia al da ingurumen inpaktuen ebaluazioen kudeaketa sistema? Sakabanatutako sistemaren bidez, posible al da estalkiak soilik baliatuz energia elektriko berriztagarriaren ekoizpen premiak hornitzea?

Labur esanda, berriztagarriak jartzea energia garbiaren ekoizpenetik harago doan zerbait da. Kontuan hartu beharreko alderdi berriak agertzen dira: biodibertsitatea, paisaian duen eragina eta herrientzat dituen eragin ekonomiko zein sozialak.

Zer da komunitate energetiko bat?

Europako Itun Berdean oinarrituta, zenbait herrialdek deskarbonizaziorako plan bat egin dute. Azken helburua 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea da. Orotariko konpromiso horiek lege zehatzagoetara garamatzate, hala nola 244/2019 Errege Dekretura, zeinak partekatutako autokontsumo elektrikoa baimentzen duen. Arau horrek kontzeptu berri bat ekarri du: tokiko komunitate energetikoak (TEK).

TEK batek jatorri berriztagarriko instalazio berberen onura kolektiboa jasotzeko aukera ematen die sorkuntza puntutik 2 km baino gutxiagora dauden erakundeei. Tokiko komunitate energetikoen jarduera nagusiak energia ekoiztea, kontsumitzea, biltegiratzea, partekatzea eta saltzea dira.

Hori dela eta, sortutako energia hobeto aprobetxatzen da, energia ekoizten duten sistemen eraginkortasuna hobetzen da eta, aldi berean, mugikortasun jasangarriko sistemak garatzea ahalbidetzen da.

Energiaren kudeaketa (energia ekoizpenaren eta eskaeraren akoplamendua) errazagoa da eskala txikian, eta horrek sortutako energia berriztagarria hobeto aprobetxatzea ahalbidetzen du, sarera isuri gutxiago botatzeaz gain. Etorkizun hurbilean, guk geuk ekoitzitako energia berriztagarria edozein bizilaguni saldu ahal izango diogu, ezin dugunean erabili.

Guzmán Renovable

Adibide on bat Guzmán da, 100 biztanle baino pixka bat gehiago dituen herri bat, Dueroko Erriberako eskualdekoa (Burgos). ‘Espainia hustua’ delakoaren herrietako bat da. Bertan, Gaztela eta Leongo lehen komunitate energetikoetako bat sortu da: Guzmán Renovable. Komunitate hori hamabi etxebizitzak, udalak (landa hotelak eta eraikin soziokultural batek) eta ETE batek (errementeriak) sustatu dute.

Bere helburua jatorri berriztagarriko energia propioa sortzea da. ‘La energia del pueblo para el pueblo’ lelopean, Guzmán Renovablek helburu bikoitza du: alde batetik, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan bere aletxoa jartzea; eta, bestetik, merkatu elektriko konplexu bezain asaldatutik nolabaiteko independentzia energetikoa lortzea, eta faktura elektrikoko energia kontsumituaren terminoan % 45 murriztea.

Implementa deialdiaren bidez finantziazioa jaso ostean, 29,1 kWp-ko modulu fotovoltaikoen instalazio bat jarriko dute martxan. Instalazio horri esker, ekoitzitako energiaren % 47 tokian autokontsumitzeko aukera izango dute. Gainerakoa sarera isurtzen da, eta kostua elektrizitatearen fakturetan konpentsatzen da.

Horrela, 185.000 € aurreztuko dituzte moduluen fabrikatzaileak ziurtatzen dizkien 25 urteko balio bizitzan zehar. Egindako inbertsioaren itzulera denbora 3,7 urtekoa da, eta denbora horren erdia jasotako finantzaketa kontuan hartzen badute –% 50ekoa izan da–.

Guzmán Renovable elkarteko kideentzat dakarren onura aparte utzita, komunitate energetikoen dibulgazioaren eta zabalkundearen bidez herrian eta ‘Espainia hustuko’ beste herri batzuetan inpaktu sozial eta ekonomikoa eragin dadin lortu nahi dute.

Non topatu informazioa

TEK bat sortzeko bereizitako bi alderditan oinarritu behar da: alde administratiboan eta alde teknikoan.

Horri buruzko informazio asko dago eskuragarri, eta prozesuan zehar gida gisa balia daiteke. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak finantzaketa jaso duten komunitate energetikoen mapa bat sortu du, beste proposamen batzuei buruzko informazioa emateko, eta harremanetarako guneak ditu.

Guzmán Renovableren prozesu osoa (ideia kontzeptuala, elkartea sortzea, laguntzak izapidetzea...) elkarteko talde sustatzaileak gauzatu du, komunitate energetikoen inguruko aldez aurreko esperientziarik eta ezagutza sakonik izan gabe.

Gainera, UPV/EHUko ENEDI ikerketa taldearen aholkularitza teknikoa ez ezik (zeinaren parte naizen),  kooperatiba energetikoaren laguntza ere izan da, instalazio fotovoltaikoa erosteko, izapidetzeko eta instalatzeko garaian. Instalazioa laster gauzatuko da, eta Espainiako beste herri batzuetan komunitate energetiko berriak ezartzeko eredu izatea espero dugu.

The Conversation