-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
Zitekek ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideia onenak saritu ditu
-
Zientzia eta trukea uztartzen dituen uda, Boise eta EHUren artean
-
2026-27 ikasturterako graduondoko eskaintza zabalik dago EHUn
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
EHUko Elikadura eta Obesitatea taldeak besteak beste digestio arazoak, nutrizioa eta mikrobiota gaiak jorratu ditu argitalpen honetan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/20
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak ‘Salud intestinal. Trastornos digestivos, nutrición y microbiota’ izeneko gida berria argitaratu du. Liburua EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Obesitatea ikerkuntza taldeko ikerlariek prestatu dute. Zehatzago esanda, Iker Gómez García, Laura Arellano García, Jenifer Trepiana Arin, Iñaki Milton Laskibar, Maria Puy Portillo eta Saioa Gómez Zorita dira egileak. Horiek guztiak, gainera, Karlos III.a Osasun Institutuko eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko Obesitatearen eta Elikaduraren Fisiopatologia CIBER taldeko kideak ere badira.
Gida praktiko horretan, hesteari eragin diezaioketen hainbat gaixotasun eta nahasmendu lantzen dira, hala nola hesteetako gaixotasun inflamatorioa (Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna), heste minberaren sindrome, gaixotasun zeliakoa, elikadura arloko intolerantzia batzuk (laktosarekiko, fruktosarekiko edo sorbitolarekiko intolerantzia), dibertikulosia eta dibertikulitisa, baita beherakoa eta idorreria ere. Horiek guztiak, ordea, ez dira patologiak bere horretan; gaixotasun askori lotutako seinaleak baizik.
Nahasmendu horietan guztietan, elikadurak funtsezko eginkizuna betetzen du, ez bakarrik tratamenduaren lagungarri gisa, baita horiek pairatzen dituzten pertsonen prebentziorako eta bizi kalitatea hobetzeko tresna gisa ere. Egoera bakoitzera egokitutako dietak lagungarriak izan daitezke seinaleak eta sintomatologia kontrolatzeko, agerraldiak eta konplikazioak prebenitzeko, eta osasuna bermatuko duten oinarrizko mantenugaien ekarpen egokia bermatzeko.
Bestalde, aipatu beharrekoa da gero eta ikerkuntza zientifiko gehiagok adierazten dutela hesteak funtsezko zeregina duela gure osasunari eusteko. Hesteak eta bertan bizi diren bilioika mikroorganismoek, heste mikrobiota izenekoek, funtsezko eginkizuna betetzen dute organismoaren hainbat funtziotan, hala nola erantzun immunean. Mikrobiotaren konposizioan hainbat faktorek eragiten dute, modu positiboan zein negatiboan. Hala, elikadura, jarduera fisikoa, estresa edo toxikoen kontsumoa aipatu behar dira, besteak beste. Mikrobiotaren konposizioan eta funtzioan desorekaren bat izatea alterazio ugarirekin erlazionatzen da, bai digestio mailan, bai maila sistemikoan, hala nola gaixotasun metabolikoekin.