-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Gorka Vergara Carrasco, Gorka Ibaibarriaga, Joana Acha Morcillo
Hitz egin aurretik pentsatzea: adimena kontrolatzeak hizkuntza garatzen laguntzen die haurrei
Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta haien Garapena Saileko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/16
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Hizkuntza giza garapenaren lorpenik liluragarriena da. Keinu soil batekin hasten da; izan ere, hasiera batean haurtxoek hatzarekin seinalatzen dute zer nahi duten, eta urte gutxitan milaka hitz eta arau gramatikal bereganatzen dituzte, ahoz nahiz idatziz ideia konplexuak komunikatzeko aukera ematen dietenak.
Prozesu horren konplexutasuna dela eta, hizkuntzaren ikaskuntza izaten da haurtzaroko erronkarik handienetakoa. Hori dela eta, biologiak berezko mekanismoak ematen dizkie haurrei, beren inguruneko hizkuntza xurgatzeko eta prozesatzeko.
Dena den, haur guztiek ez dute berdin eta erritmo berean egiten aurrera, eta horrek alarmak piztu ohi ditu. Haur batek hiztegi pobreagoa edo hitzak ikasteko zailtasunak baditu, izan ditzakeen gabezia batzuk ebaluatzen dira. Ebaluazio horiek hizkuntzaren arlo espezifikoak izaten dituzte ardatz (esaterako, fonologia, sintaxia eta semantika), horien garapenean dauden aldeak identifikatzeko.
Hala ere, ebaluazio horiek ez dituzte beti ondorio argiak ematen, oso agerikoak diren kasuetan ez bada. Gainera, askotan ez da ebaluaziorik egiten Lehen Hezkuntzara arte (6 urtetik aurrera), eta, beraz, hizkuntzaren oinarriak sendotzeko balio handikoa den denbora tarte bat galtzen da.
Lehen haurtzaroko funtzio exekutiboak
Adituok ahalegina egiten dugu alde horien kausak bilatzeko. Gero eta azterlan gehiagok erakusten dute zenbait mekanismo kognitibok, zeinak ‘funtzio exekutibo’ izena jaso baitute, funtsezko zeregina dutela hizkuntza bereganatzeko prozesuan, alde batera utzita haurrak aurrerago diagnostiko bat jasoko duen edo ez.
Funtzio exekutiboek, izenak besterik iradokitzen badu ere, ez daukate zerikusirik haurrek trajea eta maletatxoa eramatearekin. Inguruneko informazioa iragazteko, prozesatzeko eta horren gainean erabaki egokiak hartzeko funtsezko gaitasunak dira. Behar-beharrezkoak dira bizitzako alderdi askotan, eta lotura handia dute hizkuntzaren garapenarekin, batik bat eskolaurreko garaian.
Zein dira funtzio exekutibo garrantzitsuenak eta nola eragiten dute?
Arreta eta laneko memoria
Bi funtzio exekutibo hauek funtsezkoak dira hizkuntza garatzeko: arreta eta laneko memoria. Lehenengoaren xedea da fokuari bere horretan eustea eta bermatzea kanpoko estimulua behar bezala prozesatzen dela gure adimenean. Bigarrenak, berriz, xede du sisteman sartzen den informazioa mentalki manipulatzea.
Fonologia (soinuak bereiztea eta manipulatzea) eta semantika (hitzak beren esanahiekin lotzea) garatzeko, beharrezkoa da haurrak soinu sekuentziak xehetasunez identifikatzea eta sekuentzia horiek objektu edo kontzeptuekin lotzea. Horretarako, arreta eta laneko memoria behar-beharrezkoak dira.
Haurrak zenbat eta arreta eta memoria handiagoa izan, xehetasun handiagoz identifikatuko ditu hitzak osatzen dituzten soinuak. Eta errazago gogoratuko ditu sekuentzia zehatzak, bai eta inguruneko zein objekturekin lotuta dauden ere. Ondorioz, hizkuntza trebetasun horiek hobeto balia ditzakete informazioa komunikatzeko.
Inhibizioa eta autokontrola
Beste funtzio exekutibo bat inhibizioa da; alegia, geure burua kontrolatzeko, erantzun oldarkorrak saihesteko eta inguruko estimulu hutsalei jaramonik ez egiteko gaitasuna. Adin goiztiarretan, inhibizioak lotura dauka gaitasun morfosintaktikoarekin eta hizkuntza ekoizteko gaitasunarekin.
Haurrek ezagutza izugarri xurgatzen badute ere, ez badira gai distrakzio erakargarrietatik arreta kentzeko (telebista edo edozein pantaila distiratsu, kaleko soinuak, euli bat…), jasotzen duten informazioa pobreagoa izango da. Ondorioz, jasotzen eta kudeatzen duten hizkuntza informazioa (soinuak, hitzen ordena, hitzen esanahia, mezu orokorra) mugatuagoa izango da.
Inhibiziorik ezak esaldiak osatzeko eta ekoizteko trebetasunari eragiten dio nagusiki, haurrak ezin izan baitu inguruko informazioa ondo aprobetxatu. Beranduago, nerabezaroan, inhibizioak lotura izaten du ortografiarako eta akatsak identifikatzeko gaitasunarekin, eta eragina du eskolako lanak berrikusteko eta zuzentzeko trebetasunetan.
Malgutasuna eta lanez aldatzea
Azkenik, malgutasuna dugu, hau da, lan batetik bestera aldatzeko eta egokitzeko erraztasuna (inhibitzea eta birprogramatzea). Zenbait azterlanen arabera, funtzio exekutibo hori ere garrantzitsua da hizkuntzaren hainbat alderditan.
Adibidez, zerikusia dauka haurrek anbiguotasunak argitzeko duten gaitasunarekin. Lagundu egiten die jakiten badaudela hitz batzuk esanahi bat baino gehiago dituztenak (adibidez, ‘banku’), bai eta horietako bakoitza zein testuingurutan erabili behar duten ere.
Malgutasuna lagungarria da, halaber, egitura sintaktikoak ondo erabiltzeko gaitasuna izateko. Horri esker esaldi sinpleak eta konplexuak errazago uztartu ditzakegu, bai eta egitura aktibo eta pasiboak ere.
Funtzio exekutiboei esker eskuratzen ditugu hizkuntza informazioa (arreta), hori antolatzen duen euskarria (laneko memoria eta inhibizioa) eta hizkuntzaren erabilera egokitzeko giltza (malgutasuna).
Gaur egun erronka garrantzitsua da funtzio exekutibo horiek babestea eta garatzen laguntzea. Haurrek txiki-txikitatik erabiltzen dituzte gailuak, eta frogatuta dago kaltegarriak direla haien garapenerako.
Horrenbestez, hurrengo batean haur txiki bati telebista, tableta edo ordenagailua itzaltzen badiogu bere arreta geureganatzeko, eta haserretu egiten bada, komeni da azaltzea bere funtzio exekutiboak ondo garatzeko egiten dugula. Ziurrenik ez du ulertuko; beraz, hor badugu elkarrizketarako gai bat, pantaila zergatik itzali dugun ahaztu bazaigu ere.