euskaraespañol

Redes sociales campusa

Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/03

NON: Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloiko Erakusketa Aretoan. NOIZ: Urtarrilak 27. NORK: Nuria González. Komunikazio Bulegoa. EHU.

 

Otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai, Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloiko Erakusketa Aretoan "Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen" erakusketa. ‘Language in Neurodiversity Lab’ (LindyLab, EHU) ikertaldeak, Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldea (HiTT) ikertaldearen barruan diharduenak, antolatutako erakusketa da dibulgazioari begirakoa. Erakusketak modu irisgarrian aurkezten dira egindako ikerketen azken urteotako emaitza nagusiak, pertsona autisten (AEN) eta Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) duten pertsonen hizkuntzaren garapen eta erabileraren inguruan.

Erakusketak 16 ikerketetako ibilbidea proposatzen du, gehienak AENri buruzkoak. Ikerketa horiek hizkuntzaren hainbat arlo jorratzen dituzte (lexikoa, hizkuntza egituratua eta pragmatika edo hizkuntzaren erabilera testuinguruan), eta arlo horiek profil oso desberdinak dituzten haur, nerabe eta heldu autistetan nola agertzen diren erakusten dute. Poster bakoitzak QR kode bat dauka, azalpen-bideo batera sartzeko aukera ematen duena; bertan, ikerketa-taldeko kideek edo ikertzaileek informazio gehigarria zabaltzen dute eta emaitzak testuinguruan kokatzen dituzte.

Erakusketa familiei eta profesionalei ez ezik, publiko orokorrari ere zuzenduta dago, eta helburu nagusia da komunitateari itzultzea haur, nerabe eta heldu autisten parte-hartzeari esker sortutako ezagutza. Halaber, ikerketa hauek posible egin dituzten elkarte, ikastetxe eta hainbat erakundetako profesionalen lankidetza eskertzeko modua ere bada. Erakusketarako sarrera librea da eta astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara.

Jarduera osagarri gisa, astero arratsaldez bisita gidatuak eskainiko dira. Bisitariek galderak egiteko, ikerketak komentatzeko eta ikerketa-ildo desberdinetan pixka bat sakontzeko aukera izango dute.

 

Eguneko irudi guztiak ikus ditzakezu Photocampus atalean.

Nahi al duzu atal honetan zeuk egindako irudi bat argitaratzea? Bidali, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus