Anna Barbusciak genero-alde nabarmenak identifikatu ditu amatasunak eta aitatasunak osasunean duten eraginean. Osasun-adierazleak ia ez dira aldatzen, gizonetan, aita direnen eta ez direnen artean, baina emakumeen kasuan seme-alaben kopuruak eta adinak lotura zuzena dute haien ongizatearen aldaketekin eta ariketa fisiko gutxiago egiteko joerarekin. EHUko ikertzaileak azpimarratu du erantzukizunak gurasoen artean gehiago partekatzeak alde horiek murrizten lagunduko lukeela.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
Ama izateak eragin handiagoa du osasunean aita izateak baino
EHUko OPIK ikerketa-taldearen arabera, seme-alabak izateak lotura du emakumeen osasun-aldaketekin, baina gizonezkoen artean ez da joera hori hautematen
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/29
Seme-alabak izateak inflexio-puntu bat dakar pertsonen bizitzan; izan ere, aldaketa biologiko, psikologiko eta sozial garrantzitsuak eragiten ditu. Dena den, ez du aztarna bera uzten biztanle guztiengan. OPIK ikerketa-taldeak egindako azterlan batek erakusten du eragin hori oso desberdina dela gizonen eta emakumeen artean. “Seme-alabak izateak ondorio handiagoak ditu amen osasunean, epe labur zein luzera, ez bakarrik haurdunaldiak eta erditzeak dakartzaten aldaketa biologikoengatik, baita ondorio psikologikoengatik ere. Gure emaitzek genero-arrakala handia erakusten dute”, azaldu du Anna Barbusciak .
EHUko ikerketak amatasunaren eta aitatasunaren eta hainbat osasun-adierazleren arteko harremana aztertu du, hala nola ongizate psikologikoa eta osasun-egoeraren pertzepzioa, bai eta ariketa fisikoa, alkohol-kontsumoa, tabakismoa eta antzeko ohiturak ere. Horrez gain, aztertu du ea seme-alaben kopuruak eta adinak eraginik duten adierazle horietan. “Ikusten denez, gizonen kasuan, aita izateak edo familiaren ezaugarriek ez dituzte osasun-adierazleak aldatzen. Parametro guztiak ia berdin mantentzen dira”, laburbildu du Barbusciak.
Emakumeen kasuan, ordea, emaitzek bestelako patroi bat erakusten dute: seme-alaben adina eta kopurua osasun-aldaketekin lotzen dira. Seme edo alaba bakarra duten amek, baita nerabeak dituztenek ere, sintoma depresibo gehiago dituzte; bi haur txiki edo gehiagorekin bizi direnek, berriz, osasun-egoera hobea nabaritzen dute. “Txikienak zaintzeak ahalegin fisiko handiagoa eskatzen du askotan, eta horrek nekatuago egotea edo atseden nahikoa ez hartzea ekar dezake. Aldiz, beti esan izan da nerabezaroa dela etaparik estresagarriena gurasoentzat”, azaldu du ikertzaileak.
Osasun-ohiturei dagokienez, ikerketak beste alde nabarmen bat identifikatu du ariketa fisikoaren praktikan. Emaitzek berresten dute, oro har, emakumeek gizonek baino ariketa fisiko erregular gutxiago egiten dutela, eta arrakala hori handitu egiten dela seme-alabak dituztenean.
“Haur txikiak dituzten amen % 16k soilik egin ohi du ariketa fisikoa, eta seme-alabarik gabeko emakumeen kasuan, berriz, % 30ek. Gizonen artean, ordea, ia ez da alderik ikusten aita direnen eta ez direnen artean”, nabarmendu du Barbusciak. “Horrek guztiak adierazten du amatasunak norbere burua zaintzeko denbora murriztea dakarrela, eta horrek osasunerako oso garrantzitsua den ohitura bati eragiten diola: ariketa fisikoari”.
Erantzukizun partekatua, osasun-kontua
EHUko ikertzailearen ustez, emaitza horiek kontuan hartu beharko lirateke, bai familia-politiken diseinuan, bai osasun-zerbitzuen plangintzan. “Ez da nahikoa lana eta familia bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Beharrezkoa da, halaber, amek denbora izatea beren osasuna eta ongizatea zaintzeko. Denbora gauza horietan inbertitzea osasunean inbertitzea da”.
Barbusciak gaineratu du amen eta aiten artean erantzukizunak gehiago partekatzeak lagundu egingo lukeela azterketan hautemandako desberdintasunak txikitzen. “Familia osasuntsuak eraiki eta jaiotza-tasa sustatu nahi badugu, has gaitezen hemendik: heziketak ez du hain eragin desberdina izan behar emakumeen eta gizonen artean”.
Informazio osagarria
Anna Barbuscia Ikerbasque ikertzailea da 2022tik eta OPIK, Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-talde ko kidea da. Soziologian doktorea da, eta garapenaren ekonomian lizentziatua. Ugalkortasunak osasunean zer ondorio dituen aztertzen du. Amaia Bacigalupe eta Unai Martín EHUko ikertzaileek ere parte hartu dute artikuluaren garapenean.
Erreferentzia bibliografikoa
- Gender inequalities in the association between parenthood and health
- Journal of Family Studies
- DOI: 10.1080/13229400.2026.2662431
