Goiz bat aire librean igarotzea biologia, ekologia eta ongizate emozionala ikasteko aukera paregabea izan daiteke. Leioako 600 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte 2022az geroztik “Ezagutu Arboretuma – Conoce el Arboretum” programan eta ikasle horien esperientziak argi utzi du hala dela; ekimenak eraldatu egiten du EHUko parke botanikoa eta jakin-mina, zientzia eta naturarekiko lotura izaten dira protagonista.
Ikasgelatik basora: Leioako ikasleek EHUko Arboretuma ezagutu dute
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/30
Leioako campuseko hego-ekialdeko mazelan estrategikoki kokatutako Arboretuma ez da ohiko parke bat. 19 hektareako gunea da, eta horietatik 13 bilduma botanikoei eta natura guneei eskainita daude. Aire librean dagoen landare liburutegi bat da Arboretuma, 2.500 zuhaitz baino gehiago eta 420 zuhaixka espezie baitaude. Agertoki aparta, herritar guztien esku.
Nakusarbe Elkarteak sustatua –2006an sortutako erakundea da, EHUren spin-off bat eta “Zientzia ereinda, ongizatea biltzen dugu” du leloa–, “Ezagutu Arboretuma-Conoce el Arboretum” ekimenak Leioako campuseko gune hau laborategi natural bihurtu du, eta adin guztien esku dagoen ezagutza bihurtzen da biodibertsitatea.
2008an inauguratu zenetik, Land Art Studiok diseinatutako inguru botaniko horrek unibertsitateak ingurumenarekin duen konpromisoa islatzen du eta hezkuntzarako nahiz aisiarako baliozko baliabidea izatea nahi luke. Nakusarberen eskutik eta Alberto Santolaria de Castro presidentearekin (EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea) Leioako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ehunka ikasle ibili da Arboretumean urriko zenbait egunetan; ibilbide sentsoriala eta praktikoa egin dute eta horri esker zuzeneko esperientziaren bidez ezagutu dute ekologia.
«Arboretuma: landare liburutegi bizia»
“Ikasleek landareak ikusi ez ezik, bizi diren ekosistema ulertu eta baloratzea da helburua, naturarekin konekta dezatela" esan du Santolariak. “Ikasleen jakin-min zientifikoa piztu nahi dugu eta munduari beste begi batzuekin begiratzen ikas dezatela".
Ukitzen, usaintzen… eta sentitzen den zientzia
Errektoretzako eraikinaren ondoan hasten dira ikustaldiak, sarrera atsegin eta parte hartzailea izaten da eta gunearen garrantzia azaltzeaz gain, ibilbidean aztertuko diren gaiak aipatzen dira. Ibilbidean egiten diren geraldiak aire libreko ikasgelen parekoak izaten dira, eta azalpen teorikoak eta adinera egokitutako jarduera praktikoak konbinatzen dira. Gazte ikertzaileak izaten dira gidari, eta ikasleek espezieak identifikatzen dituzte, paisaia aztertzen dute eta lurrari behatzen diote. Balorazio oneneko jardueretako bat landako herbario txiki bat sortzea izaten da; ikasleek inguruko ohiko espezie batzuk bildu eta sailkatu egiten dituzte eta katalogazio zientifikoaren oinarrizko tekniketan lehen urratsak egiten dituzte horrela.
Baso bainuak eta emozioak
Baloraziorik oneneko beste uneetako bat Shinrin-yoku edo “baso bainua” izaten da, Japoniako tradizioa inspirazio iturri duen jarduera. Zenbait minutuz begiak itxi eta inguruko soinu, usain eta sentsazioetan murgiltzen dira haurrak. Geraldi aktibo hori ikergai hutsa baino gehiago da. Lasaitu egiten du, estresa murrizteko baliagarria da, eta natura ongizate emozionalerako ere badela erakusten du. “Kalitate pedagogiko oso handia duenez, balio ikaragarria duen esperientzia murgiltzailea da”, dio Alberto Santolariak.
Leioako San Bartolome eskola publikoko ikasleak izan ziren urriaren 24an eta Irati Sanz Zubizarretak eman zituen azalpenak, Landareen Biologia eta Ekologia Saileko doktoratu aurreko irakasleak, eta ikasleek ikustaldiari egindako harrera ona nabarmendu du: “Ikasleek oso gustura hartzen dute”, dio. “Modu naturalean garatzen da zaletasuna, eta ibilaldiaren amaieran haritza edo pagoa identifikatzen dituztela ikusten da. Pertsona bakoitza zerbait desberdinarekin geratzen da, baina denek barneratzen dute basoaren balioa”.
Proiektuaren dimentsio soziala ere azpimarratu du Sanzek: “Leioako familia askok ez dute Arboretuma ezagutzen eta ikastetxeekin egiten diren jarduera hauek aukera paregabeak dira ezagutzeko, aprobetxatzeko eta balioa nabarmentzeko”. “Ezagutu Arboretuma” proiektuak azaleratzen du zientzia ez dagoela laborategietan sartuta. Zuhaitzetan dago, lurrean, airean… eta lehenengo aldiz ikusten dutenen jakin-minez betetako begietan ere bai. Hori dela eta, ikustaldian gelditu eta entzuteko esaten zaie haurrei: “Ekosistema natural batean gaude, hezetasuna, zuhaitzak eta haizearekin edo txoriekin aldatzen diren soinuak ditugu. Baso hau berez mantentzen da, ez dago ureztatu edo ongarritu beharrik: ekosistema bizia eta orekatua da", dio Iratik.
«Zientzia ereinda, ongizatea biltzen dugu»
“Natura gustatzen zait. Miresgarria da", dio Danelek, Leioako San Bartolome eskolako ikasleetako batek. “Begiak itxi ditut eta lasaitasun ikaragarria sentitu dut, hostoak mugitzen, ura eta txoriak entzuten nituen bitartean”.
Maxek, aldiz, inguruko fruituei buruzko jakin-mina du: “Geruza hau intxaur-tinta da eta tinduak egiteko balio du", azaldu du, Santolaria intxaurrondotik lortzen diren pigmentu naturalez hizketan entzun ondoren.
Parke bat, hamaika kultura
Arboretuma egiazko landare liburutegia da eta bi eremu handi ditu: eremu naturala, Arte Ederren ondoko mazelaren eskuinaldean berez etorri den haritz eta haltz basoa eta bilduma botanikoen eremua, Euskal Herrikoaren antzeko klima duten bost kontinenteetako lurraldeetako espezieak dauden eremua. Honako hauek nabarmentzen dira: Bilduma mediterraneoa; Ipar Amerikakoa; Hego Hemisferiokoa (Hegoaldeko Amerika, Asia, Australia); Asiakoa; Bilduma autoktonoa eta Oroitzapenezko Bilduma (EHUko honoris causa doktoreek landatutako zuhaitzekin). “Bizitzaren basoa” ere hor dago, beren gorpua ikerketa zientifikorako ematen duten pertsonak omentzeko gunea, ibilbideari dimentsio sinbolikoa eta giza dimentsioa ematen diona.
2012az geroztik Arboretumak Foru Aldundiaren babesa ere badu eta ingurumena berreskuratzeko hainbat ekintzaren agertokia izan da, esaterako, urubiak, belatzak, trikuak edo apoarmatu autoktonoak askatu dira.
https://www.nakusarbe.com/eu/arboretum
Ernetzen ari den arrakasta
Abian jarri zenetik oso balorazio positiboa izan du programak Leioako ikastetxeetan. Are gehiago, eskolaz kanpoko jarduera jarraitua izateko hautatu dute, eta partaidetza haziz doa urtetik urtera.
«Baso bainuak eta emozioak»
“Zorroztasun zientifikoaren eta gertutasunaren arteko orekan dago sekretua”, dio Santolariak. “Gure begiraleak ikertzaile gazteak dira, grinaz eta argi eta garbi azaltzeko gaitasuna dutenak. Irakasten duten bitartean, gizarteari zientzia komunikatzen ikasten dute”. Irati Sanz ados dago: “Aukera paregabea da guretzat. Ikertzen duguna komunikatzen ikasten dugu eta haurrek irrikaz erantzuten diete unibertsitatean jakintzat hartzen ditugun gauzei”.
Etorkizunari begira
Proiektu hau erakundeen arteko lankidetzaren ikur ere bada: gaur egun EHUk gunea eta ikertzaileen kalitate pedagogikoa eskaintzen ditu; Leioako Udala, Hezkuntza Saileko buru José Belmonte dela, finantzatzeaz arduratzen da; eta Leioako ikastetxe publikoek proiektuaren eragin soziala ziurtatzen dute, Lehen Hezkuntzako 4. mailako haurrek hartzen baitute parte.
Proiektuaren jarraipena bermatzeko, ikertzaileak babes berriak aurkitu nahi ditu: “Leioako enpresak sartu behar lirateke, proiekzio global handia, baina tokiko gizartean presentzia txikia dutenak. Proiektu hau oso ondo uztartuko litzateke enpresa horien gizarte erantzukizuneko politikekin".
«Gizateria naturarekin lotu berriro»
Arboretumean, gainera, Munduko Landareen Azoka egiten da urtero urrian, lorezaintzako artisauak eta mintegietakoak etortzen dira eta natura eta kulturaren topagune bihurtzen dute eremu hau. “Ederra litzateke mota horretako ekitaldiak zabaltzea eta Arboretuma kontzertu, tailer edo jarduera ludikoetarako agertoki bizi bihurtzea”, dio Santolariak.
Mundu gero eta digitalagoan eta erritmo naturaletatik gero eta urrunago dagoenean, horrelako ekimenek datuaz harago dagoen zerbait sakonagoa jotzen dute garrantzitsutzat: inguruarekin harreman kontzienteagoa, errespetuzkoagoa eta emozionalagoa izatea. Izan ere, beharbada, planeta zaintzen hasteko ezagutzen ikasi behar da... eta entzuteko denbora hartu.
Irudi galeria
-
San Bartolome ikastetxeko ikasleak adi-adi gazte ikerlaria, Irati Sanz Zubizarreta, entzuten. -
Natura ezagutzen ari diren ikasleak. -
Ibilbidearen etapa batean. -
Irati Sanz Arboretumean bizi diren hegazti espezie desberdinak azaltzen. -
Leioako San Bartolomé ikastetxeko 4. mailako ikasleen talde-argazkia.
