Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatu berri dugun honetan, egokiera ezin aproposagoa dugu EHUren Leioa-Erandio Campusaren Arboretumean ibilbide bat egin eta zergatik merezi duen ezagutzea deskubritzeko. Parke bat baino gehiago, natura aztertzeko, zaintzeko eta gozatzeko aukera ematen duen eremu bat da. Bidezidorrak, mundu osoko zuhaitz bildumak, txoko bereziak, jada baso txiki bihurtu diren hasieran landatutako zuhaiztiak… Esan daiteke Arboretuma topagune bihurtu dela unibertsitateko kideentzat eta inguruko udalerrietako herritarrentzat.
EHU GERTU-GERTUTIK: ARBORETUMA
EHUk baso bat ere dauka
Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko modu ezin hobea, Leioa-Erandio Campuseko Arboretumaren dibertsitatea eta bizitza ezagutzea
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/26
Dena 1995ean hasi zen, doktorego tesi batekin, ideia bat planteatu zuena, argi eta garbi: herritar guztientzako berdegune bat sortzea. Gaur, ia bi hamarkada igaro direnean 2008an inauguratu zenetik, EHUren Arboretumaren ametsa egi bihurtu da: 19 hektarea, 420 espezie inguruko 2.200 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiagorekin.
“Asmoa zen sortzea ikertzeko, irakasteko, kontserbatzeko eta gozatzeko berdegune bat. Denentzat balioko zuen baso bat nahi genuen, ez bakarrik zientzialarientzat”, adierazi du Juan Antonio Campos Arboretumeko zuzendariak. Hasiera hartako zuhaitz gazteak ale mardul eta sendo dira gaur egun, eta eremu batzuk baso txiki bihurtu dira, itzala eta babesa ematen dutenak, urtaro batetik bestera aldatuz doan paisaia batean.
Ibilbide botaniko eta hezitzailea
Arboretumaren bihotza bere landare bildumak dira, eskualdeka antolatuak: landaredi mediterraneoa, iparramerikarra, asiarra, hego hemisferiokoa eta autoktonoa. Eremu horiek denek aukera ematen dute mundu osoa ibiltzeko, campusetik atera gabe, eta espezie oso desberdinak ikusteko: hala nola eukalipto erraldoiak, haritzak, iratze zuhaizkarak edo anfiteatroa apaintzen duen banbu arboladia.
Ibilbideak ez du bakarrik balio estetikoa. Aukera ematen du hainbat kontinentetako espezieak konparatzeko, klima desberdinetara nola egokitzen diren ulertzeko, eta urruneko ekosistemen arteko antzekotasunak eta aldeak deskubritzeko. Alde horretatik, Arboretuma har daiteke landare biodibertsitatearen mapa bizi txikitzat, ikasleen, ikertzaileen eta bisitarien eskura.
Camposen hitzetan, “egitura orokorra hasierako berbera da, arbolek urteak behar dituztelako hazteko, baina urtero espezie berriak landatzen ditugu. Dibertsitatea da gure aberastasunik handiena, eta nahi duguna da bilduma bakoitzak zerbait harrigarria eskaintzea, bisitariak deskubritu beharrekoa”. Landaketa berri asko egiten dira azoka espezializatuetan izan ondoren, hala nola Iturrarangoa, edo ikasleak, irakasleak eta oro har herritarrak elkartzen dituzten hezkuntza eta ikerketa proiektuei esker.
Juan Antonio Campos: «Dibertsitatea da gure aberastasunik handiena eta urtero espezie berriak gehitzen dizkiegu landare bildumei»
Arboretuma aire zabaleko ikasgela izateaz gain, Biologia, Botanika, Geologia, Zoologia edo Ekologiako ikasleentzat, hainbat eratako proiektuak hartzen ditu —hala nola Artemisa , basoa laborategi natural gisa erabiltzen duena—, bai eta ikastetxeentzako askotariko jarduerak ere, Nakusarbe elkartearen eskutik. “Aukera eman nahi diegu gazteei naturan murgiltzeko eta ekosistemen garrantzia ulertzeko, zuzenean eta bertatik bertara”, adierazi du Camposek.
Arnasa hartzen duen ekosistema
Hezkuntza ikuspegitik harago, Arboretuma har daiteke inguruarekin konektatutako eremu erdinaturaltzat. Lertutxe errekaren eta beste eremu natural batzuen hurbiltasunak orkatzak, basurdeak, hegaztiak eta ornodun txikiak erakartzen ditu, eta aterpe bat aurkitzen dute baso honetan. Inguruko beste eremu batzuekin duen loturari esker, Arboretuma ez da gune isolatu bat, ezpada biodibertsitatea aberasten duen paisaia zabalago baten zati.
Oreka hori zaintzeko, jardunbide egokiak erabiltzen dira: adibidez, enbor eroriak bere horretan uztea, intsektuen eta beste izaki batzuen babesleku modura, edo zona jakin batzuetan belar mozketak murriztea, belardietan bizi diren espezieak babesteko. Erabaki horiei esker, ingurua era naturalago batean garatzen da, eta faunak errazago aurkitzen ditu elikagaia eta babesa.
"Arboretuma eremu bizi bat da, eta animaliak eta landareak orekan bizi dira eremu horretan. Gure eginkizuna da oreka hori zaintzea", azaldu du Camposek.
Ingurua horrela zaintzeko, etenik gabe lan egin behar da. Basalan foru enpresa arduratzen da eguneroko mantentze lanaz, jarduera handieneko eta txikieneko garaietara egokitzen den egutegi baten arabera. Lanen artean aipa daitezke zuhaitzak eta heskaiak inaustea, ekaitzen ondoren adarrak jasotzea…, eta oso zorrotz egin beharreko lan bat: soropila zaintzea, ia etengabe hazten baita bertako klimaren ondorioz.
Concha, Arte Ederretako ikaslea: «Komunitate unibertsitariotik kanpoko pertsonekin izaten dudan elkartrukea atsegina da»
Fauna babesteko, zortzi soropil eta belardi zona mugatu dira, urtean bi aldiz bakarrik mozten direnak. Oreka horri eustea ez da beti erraza, kontuan harturik egunean 24 ordu zabalik dagoen gune bat dela eta bateragarri egin behar direla erabilera publikoa eta kontserbazio beharra. Horrek guztiak 200.000 euro inguruko urteko aurrekontua behar du, eta aurre egin behar zaie ere bandalismo ekintzek sortutako arazoei.
Esanahia duen gune irekia
Arboretumaren ezaugarri berezienetako bat da zabalik dagoela eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan. Unibertsitateko kideek eta oro har herritarrek inguru paregabe batez disfruta dezakete, paseatu, kirola egin edo egunerokotasunetik deskonektatu, besterik gabe.
Concha, Arte Ederretan ikaslea, azaltzen du nola bizi duen esperientzia:
"Ez dut jende gehiegi topatzen, baina badakit asko etortzen direla txakurrak paseatzera, unibertsitatekoa ez izan arren. Gustatzen zait komunitate unibertsitariotik kanpoko pertsona horiekin izaten dudan elkartrukea".
Paula, Getxoko auzokidea, lasaitasuna ere baloratzen du:
"Lekua naturaz betea dago, eta gustatzen zait nire txakurrekin etortzea. Nahiz eta ezin izan euren kabuz askatu, eremua ondo zainduta dago. Aste-bukaeretan etortzen naiz normalean, eta astean ahal dudan guztietan. Gustatzen zait nola mantentzen duten, eta badakit azokak edo erakusketak antolatzen dituztela, baina nik gehien gozatzen dudana paseatzea eta erlaxatzea da".
Paseatzeko eta aisialdirako espazio izateaz gain, Arboretuma ekitaldiak ere hartzen ditu, botanika gizarteratzeko helburuarekin. Adibidez, Lau Kontinentetako Landareen Azokak 6.500 bisitari baino gehiago jaso zituen azken edizioan. Garai puntualetan, gidatutako bisitak eta zientzia-dibulgazioko jarduerak ere antolatzen dira, hala nola Flora Espainiarraren Biomaratonekin lotutako bisitak, inguruko aniztasuna behatzeko eta baloratzeko gonbidapenarekin.
Arboretumak badu ere balio sinboliko bat. Bizitzaren Basoak omenaldia egiten die gorpua ikerketa zientifikoari uzteko erabakia hartu zutenei, eta olibondo mediterraneo bat du erdian, bizialdi luzearen sinboloa. Honoris Causa Doktoreen pasealekuan, aldiz, oroitzapen plakak jarri dira landatutako zuhaitzen ondoan, natura, memoria eta unibertsitate identitatea konbinatzeko modu gisa.
Campos: «Zuhaitz bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta guk nahi duguna da jendeak sentitzea baso honen parte dela»
Aurrera begira, Arboretumaren izaera multifuntzionala indartu nahi da, eta biodibertsitatea handitzen jarraitu, irisgarritasunari kalterik egin gabe. Camposen arabera, “naturaz lasai gozatzeko leku bat izatea nahi dugu, baina baita ikasteko leku bat ere”. Unibertsitate baso honek gogorarazten du baso bat zuhaizti bat baino askoz gehiago dela: ekosistema osoaren oreka zaintzen duten ehunka espezieren etxea.
Eta, batez ere, basoak zaintzea ez dela bakarrik natura babestea: gure oraina zaintzea ere badela, gure geroa ziurtatzeko.
*Erreportaje honi laguntzen dion irudi-galeriak, urteek nola eraldatu dituzten Arboretumeko hainbat gune ikuspegi beretik ikusteko aukera ematen du.
Irudi galeria
-
Manuel Costa irakaslea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna eta une horretan Valentziako Unibertsitateko Lorategi Botanikoaren zuzendaria, eta Vernon H. Heywood, XX. mendeko botanikari kontserbazionista ospetsuenetako bat, Arboretumeko lehen zuhaitza eramaten. 1989ko maiatza. -
EHUko Botanika arloko ordezkariak, Arboretumeko lehen zuhaitza landatzen, bi botanikari ospetsuren bisitaren harira. Ezkerretik eskumara: Emilio Pérez (EHU), Vernon H. Heywood (ezkerraldean tejoarekin), Antonio López-Quintana (EHU), Isabel Salcedo (EHU), Gustavo Renobales (EHU), Mercedes Herrera (EHU) eta aurrean, atzeko aldean zulua prestatzen, Manuel Costa (UPV). 1989ko maiatza. -
Duela hamarkada batzuetako Arboretuma -
Naturaren aldaketa gaur egun -
Bizitzaren basoa duela urte batzuk -
Bizitzaren basoa, denboran zehar -
Lehenagoko euskararen espirala -
Euskararen espirala gaur egun -
Duela hamarkada batzuetako beste ikuspegi bat gehiago -
Gaur egungo aldaketa
