euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

In memoriam: Joseba Juaristi Linacero

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/02

Duela egun batzuk jakin genuen gure lankide Joseba Juaristi Linacero zendu zela. Bat-bateko heriotza izan zen, agur esateko aukerarik ere ematen ez duten horietakoa, eta estimatzen genuenon artean, berriro elkartuko ez garelako samina uzten duena. Duela gutxi hartu zuen erretiroa, eta askok pentsatzen genuen oraindik izango genuela berarekin topo egiteko aukera, hain maite zuen Bilbon, edo, noizean behin, Letren Fakultatean, hainbeste urtez lantoki izan zuen lekuan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Giza Geografiako katedraduna, Joseba uste sendoak eta izaera barnerakoia zituen pertsona zen, baina beti izan zen tratu atseginekoa eta Saileko irakasle gazteoi laguntzeko prest egon ohi zen. Sendotasun intelektual handikoa, entzuten zekien, aholkuak ematen ere bazekien, eta diskrezio horren atzean guk inoiz ezagutu dugun pertsonarik jantzi eta jakintsuenetako bat zegoen.

Hiri Geografian espezialista zen, eta bere lanek nolabaiteko joera kuantitatiboa zuten. Hiria hierarkiek, zentralitateek, funtzioek eta harreman estatistikoek antolatutako espazio sistema gisa ulertzen zuen. Hala ere, hiriak zenbakietara murriztu gabe interpretatzeko gaitasuna izan zuen, eta ikuspegi historiko, politiko eta espazialetik, zorroztasunez eta espiritu kritikoaz, aztertzen jakin zuen. Eta Euskal Herriko Hiri Geografiari egindako ekarpena beti gogoan izan badugu ere (egindako ikerketek inflexio puntua ekarri zuten haien ikuspegi espaziala zela eta), geografia epistemologiaren aditua zen (eta halako jende gutxi dago). Izan ere, irakasle gisa, garai bateko Geografiako Lizentziaturan, Geografiaren Teoria eta Metodoak irakasgaia eman zuen. Horrekin lotuta, diziplinako egile nagusien irakurle sutsu bihurtu zen, eta sakon ezagutzen zuen jakintza geografikoa nola sortzen, baliozkotzen eta erabiltzen den.

Nafarroako Unibertsitatean defendatu zuen La Estructura Urbana de Vizcaya izeneko doktorego tesiak ikerketa lan ugari ekarri zituen ondoren gai hauen inguruan: Bilboko metropoli eremuko produkzio espezializazioa eta bizilekuaren eta lanaren arteko mugimenduak, Gasteizen bilakaeran hiriburutzak bete duen zeregina, eta, oro har, hiri paisaia. Azken urteotan, bere produkzioaren zati bat ondare eta paisaia industrialari ere eskaini zion (bere haurtzaroko Bilborekin hain lotuta zegoen gaia, hain zuzen ere). Behin eta berriz azpimarratu zuen garrantzitsua dela garai bateko azpiegiturak eta erabiltzen ez diren industria guneak ahanzturan ez uztea. Hain zuzen ere, gai hori nagusi da bere ikerkuntza lanean ez ezik, bere beste pasio handian ere: pinturan.

Bilbotar peto-petoa zen eta guztiok ikasi genuen Bilboko hirigintzari buruz berari esker. Hiria zehatz-mehatz ezagutzen zuen, eta landatar eremura egiten genituen irteeretan, gozatu egiten genuen bilbotar peto-peto batek bakarrik ezagutu ditzakeen bitxikeriekin. Harro erakusten zigun hiria ezagutzeko asmoz bertara joaten ginen ikasle eta lankideoi bere hiriak bizi izandako goitibeherako aldaketa, baina, era berean, galdutako hiri guneak samintasunez oroitzen zituen. Hala, bisita haietan, Zazpikaleetako edo Gurutze auzoko espazio erlikits horiek erakutsi zizkigun. Erretiroa hartuta ere, pasio hura modu boluntarioan partekatzen jarraitu zuen, Bilbo bere eskutik ezagutu nahi zutenen bisitak zuzenduz.

Eskolak arretaz prestatzen zituen, saio bakoitzerako berariaz idatzitako eskuzko apunteekin, eta ez zuen zalantzarik izaten haiek partekatzeko. Bulegoa berekin partekatu genuenok badakigu espazio hura bere munduan egoteko moduaren isla nahiko leiala zela: liburuak txukun-txukun, eta Bilboko planoak eta mapak beti eskura. Isilean egiten zuen lan, inoiz bestearen espazioa inbaditu gabe, baina galdera bat nahikoa zen esku artean zeukana baztertu eta behar zen denbora eskaintzeko. Urte haietako elkarrizketarik emankorrenetako asko ez ziren mintegietan gertatu, baizik eta bi mahairen artean, goiz erdian, irakurketa baten harira, egile bati buruzko zalantza bat zela medio edo hiriari buruzko albiste baten inguruan. Horretan ere diskretua zen: bulegotik gehiago jakinda ateratzen ginen, ikasbidea jaso izanaren sentsaziorik izan gabe.

Beti egon zen Sailean laguntzeko prest, eta Paisaiaren Plangintza eta Arkitektura Masterraren zuzendarikidetza hartu zuen bere gain, Rosario Galdósekin batera. Hitz gutxitan esanda, lankide ona izan zen, inoiz keinu txarrik egin ez zuena eta oroitzapen atsegina utzi diguna.

Geografiatik harago, Josebak askok agian ezagutzen ez zuten sentsibilitate artistikoa ere lantzen zuen. Pinturazale amorratua zen, grabatu teknikekin esperimentatzen zuen eta argazkilaritzan ere aritzen zen. Bere mihiseetan, modu ia naturalean, barruan zeraman geografoa antzeman daiteke. Euskal Herriko kostaldeak eta labarrak margotzen zituen, lurraldea aztertzen erabiltzen zuen xehetasun berarekin, eta ez zen arraroa bere margolanen artean hiri eszena txikiak, kaleak eta fatxadak aurkitzea, formei eta ñabardurei adi zegoen begiradaz jasotakoak. Baina, beharbada, industriarekin lotutako bere lanetan uztartu ziren ondoen bere bi bokazioak: tximiniak, kaiak, industria nabeak eta industria paisaiak, industria ondarea berreskuratzeari buruz idatzi zuen sentsibilitate berarekin irudikatutakoak.

Bazen beste zaletasun bat, ez hain ezaguna eta oso berea: labirintoak. Liluratu egiten zuten, eta ez da zaila ulertzen zergatik. Labirintoa, azken finean, espazio antolatua da: ibilbide bat, erdigunea, atalaseak eta ibiliz bakarrik agertzen den logika. Bizitza osoa hirien egitura irakurtzen eman zuenarentzat, labirintoa ia miniaturazko hiria zen, orrialde edo mahai batean sartzen zen orientazio eta forma arazoa. Gai horri buruz hitz egiten entzun genuenok gogoan dugu itxuraz hain zaletasun txikia zena, nahi gabe, ordenari, zentralitateari eta bideari buruzko ikasgai txiki bihurtzen zela.

Familiazalea, gozatu egiten zuen Arantza emaztearekin Bilboko Campo Volantin inguruan paseatzen edo Mikel eta Ander semeekin aisialdiko uneak partekatzen. Akademiatik kanpo ere bizitza oparoa zuen, eta duela urte batzuk aurkitu zuen Busturian bere babeslekua. Kostaldeko ertz horri begira jarraitzen duela imajinatzen dugu, bizitza osoan hiriei begiratu zien begirada arretatsu berarekin.

Agur eta ohore, Joseba. Zorionekoak izan gara zure ondoan ikasitako guztiagatik.

Itziar Aguado, Iñaki Moro y María Concepción Torres, saileko kideak