euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

In memoriam: Ramon Zallo

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/13

Ramon Zallo Elguezabalen artxiboko irudia, Euskal Kazetarien Elkartearen eta Elkargoaren Ohorezko Saria emateko ekitaldian. | Argazkia: AE-IC

Martxoaren 30ean joan zitzaigun Ramon Zallo, gure unibertsitate publikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua.

Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna zen Ramon eta Leioako "Unidad de Ciencias de la Información" atalean hasi zen eskolak ematen. Atal hori Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Kazetaritza Fakultatearen menpe zegoen eta ondoren, 1980. urtean, EHUko fakultate bihurtu zen. Beraz, gaur egun Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea dena jaioarazteko prozesuan hartu zuen parte modu aktiboan.

Gerora, fakultateko dekanotza taldeko kide izateaz gain, Ikus‑entzunezko Komunikazioa saileko katedradun eta zuzendaria izan zen, eta irakasle emeritua 2019. urtea ezkero.

Argitara emandako artikulu ugariez gain, bere bibliografian hogei liburu aurki ditzakegu. Besteak beste, honako hauek: Fundamentos para una economía crítica de las industrias culturales, bere doktorego tesia; El pueblo vasco hoy. Cultura, historia y sociedad en la era de la diversidad y del conocimiento; Tendencias en comunicación. Cultura digital y poder; Deshaciendo tópicos sobre cultura e historia vascas; Miradas en torno al proces. Del tablero catalán a la encrucijada vasca; El declive económico de Busturialdea-Urdaibai: dilemas y propuestas; eta argitaratutako azkena (beste bi inprimategian dauden arren), Retrovisión y bisturí. Memoria crítica de una resistencia, azken hamarkadei buruzko azterlan autobiografiko eta sozial oso argia, aintzat hartuta hala Euskal Herria nola Euskal Herritik haragokoa.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren aholkularia izan zen komunikazio eta kultura gaietan, eta Kulturaren Euskal Plana (2004-2015) lanaren egile nagusia. Era berean, parte hartu zuen Kulturaren II. Euskal Planerako Orientabideak: 2009-2012 eta Euskadiko Ikus‑entzunezkoen Liburu Zuria (2003) lanetan. Horiez gain, aipatzekoa da Ramonen ekarpena Irratiko Frekuentzia Modulazioaren euskal legeria prestatzeko lanean, Tokiko Telebista Digitalarena egiterakoan, eta Ikus‑entzunezko Komunikazioari eta Kontseiluari buruzko lege proiektua prestatzerakoan.

Zazpi urtez “Asociacion Española de la Investigación de la Comunicación (AE-IC)” elkartearen “Estructura y políticas de comunicación” ataleko zuzendaria izan zen, eta elkarte horrek honoris causa izendatu zuen 2020. urtean. “Unión Latina de Economía Política de la Información, la Comunicación y la Cultura (ULEPICC)” elkartearen Espainiako ataleko presidente ere izan zen. 2025eko azaroaren 5ean Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso zuen.

Ramon eta biok elkarrekin jolasten ginen umetan (Gernikan jaioak gara 1948an, hiru asteko aldearekin). Ondoren, hemen eta han, frankismoaren kontrako militantzian (ETAren VI. biltzarra eta LKI) eta, beranduago, akademia unibertsitario asko. Baina ezin dut azaldu Ramonen irudia adjektibo kalifikatzaile akademiko bakarra erabiliz. Beharrezkoak dira, niretzat, adjektibo kalifikatzaile akademiko askoz gehiago, ezaugarri ugari zituelako aldi berean. Labur esanda, hamaika injustizia sozialen aurkako aktibista aktiboa; azkena, Sarerekin Bilboko kaleetan. Intelektual demokratiko menderaziena eta kulturari zein komunikabideei egindako kritikaren gaineko nazioarteko erreferentea. Bidelaguna astearte eta ostiral goizetan Urdaibain zehar eta, asteburuan, berba eta berba Gernikako lagun taldean eta Eibarrekoan; Ultzamako basoak udazkenetan, eta aste bateko “eskapada” Pirinioetara abuztu amaieran. Baina, beste ezer baino gehiago, bihotzeko laguna, zeinarekin, gainera, artikuluak argitaratu ahal izan nituen Viento Sur aldizkarian, analisi paregabeak biltzen dituztenak: hasieran, Euskal Herrian indarkeria politikoaren alternatiba demokratikoa izateko egin behar zenaz; eta, azkenaldian, Urdaibairen etorkizun ekosozialaz. Eta, jakina, Maiterekin, Doltzarekin...

Hori guztia eta gehiago sartzen da Ramoni buruzko nire memoria akademikoan, hori guztia elkartzen delako, niretzat, bere curriculum vitae‑an. Hemen kontatu dudana.

Petxo Idoiaga. EHUko Ikus‑entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakasle erretiratua.