euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko aliantza berritu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05

Ezkerretik eskubira, Ainhoa Garayar, Juana Goizueta, José Ignacio Asensio eta Mónica Pedreira | Argazkia: GFA

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateak lankidetza hitzarmena berritu dute 2025erako, eta aliantza estrategiko bat finkatu dute, ardatz duena jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren eremuan prestakuntza eta ikerketa aplikatua bultzatzea. Hitzarmena sinatu dute José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Gipuzkoako foru diputatuak eta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizuetak.

Akordioak hiru jarduera ardatz nagusi jasotzen ditu: Jasangarritasunerako eta Ekonomia Zirkularrerako Unibertsitate-Enpresa Ikasgelaren jarraipena, "Lidergoa eta Jasangarritasunerako Aldaketaren Kudeaketa – ALDATUZ balio soziala sortzeko laborategia" masterraren edizio berria eta, berrikuntza nagusi gisa, "ETEetan jasangarritasunaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren kudeaketa" ikastaro berria abian jartzea.

Enpresa txiki eta ertainen beharretara egokitutako prestakuntza berria

ETEetan jasangarritasunaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren kudeaketari buruzko ikastaroak erantzuten dio enpresa txiki eta ertainei beren kudeaketan jasangarritasuna txertatzeko tresna eraginkorrak emateko gero eta behar handiagoari. Ikuspegi praktikoa duen programa hau 50 ordukoa izango da, modalitate mistoan banatuta (25 presentzialak eta 25 ez-presentzialak) eta parte-hartzaileei aukera emango die funtsezko ezagutzak eskuratzeko gizarte-erantzukizun korporatiboan, ingurumen-kudeaketan, gobernu korporatiboan, finantzaketa berdean eta gardentasunean.

Ikastaroaren % 85 diruz lagunduko du Jasangarritasun Departamentuak, eta, horri esker, interesa duten ETEek oso kostu txikiaren truke eskuratu ahal izango dute prestakuntza hori, horrela, errazagoa izango delarik Gipuzkoako enpresa-sarean eredu jasangarri eta arduratsuak demokratizatzea.

Lankidetza finkatua eta eragina duena

Unibertsitate-enpresa Gelak jasangarritasunari buruzko prestakuntza-ekimenak garatzen jarraituko du graduko eta graduondoko ikasleentzat (gradu amaierako lanetarako sariak, bekak, tailerrak, praktikak eta prestakuntza duala), ekonomia zirkularraren erronketara egokitutako talentua sortzeko.

Plataforma horri esker, ikasleek ikaskuntza-esperientzia errealak eta merkatuaren beharrekin bat datozenak eskuratzen dituzte, batez ere ekonomia zirkularraren eta trantsizio ekologikoaren esparruan. Unibertsitate-enpresa Gela talentua eta berrikuntza sustatzeko laborategi bizia da.

Era berean, "Jasangarritasunerako Aldaketaren Lidergoa eta kudeaketa. Balio Soziala Sortzeko laborategia ALDATUZ" masterra oraindik ere prestakuntza-proposamen aitzindaria da gizarte balioa sortzeko proiektuen garapenean. Ikuspegi eraldatzailearekin, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz, masterrak beren jardun profesionalean jasangarritasuna eta berrikuntza integratzeko gai diren liderrak prestatzen ditu.

Jasangarritasunaren arloko prestakuntzaren aldeko apustu estrategikoa

Guztira 28.500 euroko inbertsioa eginda, Gipuzkoak ekonomia bidezkoagoa, berdeagoa eta lehiakorragoa garatzeko lidergoa berretsi du, unibertsitatearen, administrazioaren eta enpresaren arteko lankidetzaren bidez.