Javier del Ser Tecnaliako Adimen Artifizialeko ikertzaile nagusia eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko ikertzaile nabarmena Clarivate etxeak egindako Highly Cited Researchers 2025 zerrendan ageri da, munduan gehien aipatzen diren zientzialarien artean. Sailkapen entzutetsu horrek azken hamarkadan beren jakintza-arloetan inpaktu handiena izan duten ikertzaileak identifikatzen ditu. Javier del Ser da ranking horretan sartu den Euskadiko ikertzaile bakarra, Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren kategorian. Estatuan eta kategoria horretan, Del Serrek beste zientzialari batekin bakarrik partekatzen du aintzatespen hori: Granadako Unibertsitateko Francisco Herrerarekin, hain zuzen.
-
Franco: Historia y/o relato moral
-
Jarduera elektrikoa detektatu da lehenengoz Marteko atmosferan
-
Adimen artifizialaren egia ezkutua
-
Gorozkietan ezkutuan dagoen DNAk erakusten du iberiar otsoaren dieta
-
EHUk bere premiak zehaztu eta Legebiltzarrari eskatu dio 2026ko aurrekontuetan finantzaketa indartzea
Javier del Ser, Tecnaliako eta EHUko Adimen Artifizialaren alorreko ikertzailea, munduko zientzialari aipatuenen artean
2025eko Highly Cited Researchers zerrendan ageri den Euskadiko ikertzaile bakarra da bere diziplinan. Clarivate etxeak egiten du zerrenda hori, eta munduko garrantzitsuenetako bat da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/19
Clarivatek, aurten, mundu zabalean aipamen ugari jaso dituzten 6.868 ikertzaile izendatu ditu, osotasun eta kalitate zientifikoa egiaztatzeko prozesu zorrotz baten ondoren. Maila globalean zientzia eta teknologiaren alorreko joerak markatzen dituzten aditu-talde txiki baten eragina islatzen du sailkapen horrek. Munduko 1.000 zientzialariren artetik bat sartzen da gutxi gorabehera Highly Cited Researchers zerrendan. Datu horrek ederki erakusten du aintzatespen horren apartekotasuna. Zerrendan ageri diren zientzialarien artean, 119 Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren kategorian ageri dira, eta Javier Del Ser da horietako bat.
Halaxe kontatu du zientzialariak berak: “Biziki eskerturik eta ohoraturik sentitzen naiz aitorpen honekin; indibidualki ematen den arren, iruditzen zait Tecnaliako (Core IA, DIGITAL) eta EHUko (MATHMODE) taldeen baterako lanaren emaitza dela. Pribilegio bat da talde horietako kide izatea”.
Javier del Serren ikerketaren ardatza da adimen artifizial aplikatua eta ikaskuntza automatikoko teknikak garatzea egiazko modelizazio- eta optimizazio-arazoak konpontzera bideratuta sektore estrategikoetan, hala nola industrian, osasungintzan, garraioan, energian eta mugikortasunean. Bere ikerketetan, Del Serrek bereziki lan egiten du Adimen Artifizialean oinarritutako soluzioak fidagarriak eta esplikagarriak izango direla bermatzeko, eta, hala, soluzio horien erabilera segurua, etikoa eta arduratsua ziurtatzen du. Bere lan-urteetan, 450 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkari eta kongresuetan, zenbait liburu argitaratu ditu, 20 doktoretza-tesi zuzendu ditu eta 80 proiektu eta kontratu baino gehiagotan parte hartu du enpresekin. Bere ikerketa-lanek 33.000 aipamen baino gehiago jaso dituzte orain arte. Gainera, Espainiako Gobernuarentzako Adimen Artifizialeko I+G+Bko estrategia nazionala diseinatzen lagundu du, eta errekonozimendu ugari jaso ditu, besteak beste, Basque Research & Technology Allianceren (BRTA) 2023ko Ikerketa Ibilbide Onenaren Saria.
TECNALIAri buruz
Tecnalia Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
EHUri buruz
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) da Euskadiko ikerketa eta berrikuntzaren motor nagusia, eta funtsezko eginkizuna du lurraldeko aurrerapen zientifikoan, teknologikoan eta sozialean. Ikerketa-ekoizpen handiak Estatuko unibertsitate nagusienen artean kokatzen du, eta nazioarteko esparruan duen aitortza sendotzen du.
Unibertsitateak ikerketa-ekosistema sendo eta askotarikoa du, talde ugarik eta ikertzaileek osatua. Haiek inpaktu handiko proiektuak garatzen dituzte eta harreman estrategikoak ezartzen dituzte erakundeekin, enpresekin eta sare globalekin. Eredu horrek sendotu egiten du herrialdearen gaitasuna etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko eta horiei erantzuteko, eta eragin biderkatzailea sortzen du bai esparru akademikoan bai enpresarialean.
Finantzaketa lehiakorra etengabe eskuratuta, EHUk bere azpiegituren modernizazioa bultzatzen du, berrikuntza sustatzen du eta trantsizio ekologiko, digital eta sozialean ekarpen esanguratsuak egiten ditu. Gaur egungo erronkak handiak izan arren, esperientziaren, talentuaren eta konpromisoaren uztarketak unibertsitatea Euskadiren garapenerako erreferente ezinbesteko bihurtzen du.