euskaraespañol

Redes sociales campusa

Javier Quel López, in memoriam

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/26

Javier Quel López zendu da, lankidea eta lagun bihotzekoa, fakultateko ikasgela bateko aurreko mahaietan elkar ezagutu genuenetik, zuzenbideko ikasketen hastapenetan. Urte haietan kontaezinezko ordu alaiak eman genituen elkarrekin ikasten, gauez lagunen baten etxean, eta egunez Konstituzio plazako udal liburutegian, diputaziokoan eta fakultatekoan, promozio bereko zenbait ikaskiderekin batera, gerora gure lankide izango ziren Mariví Iturralde, Eduardo Vírgala, Garbiñe Biurrunekin… Lizentziaturako azken mailan batzorde txiki batean egon ginen, ikasketa bukaerako ohiko bidaia antolatzeko, baina gaizki irten zen dena. Astigarragatik hara ere ez ginen heldu.

Ohorezko matrikulaz betetako espediente batekin, Javierrek garbi zeukan unibertsitaterako bokazioa zuela, eta karrera amaitu bezain laster lanean hasi zen fakultatean Nazioarteko Zuzenbide Publikoa irakasten. Handik gutxira, gure maisu Luis Ignacio Sánchez Rodríguezen eskutik, izen handia hartu zuen Espainia osoko nazioarteko zuzenbideko adituen artean, eta ibilbide profesional distiratsu bati errematea eman zion, katedradun eta erreferentzia ukaezina bihurturik estatu osoan. Noraino eta Nazioarteko Justizia Auzitegiko zenbait prozeduratan parte hartzeraino.

Hamarkada luze bat eman zuen Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Vitoria-Gasteizko Ikastaroetako zuzendari, arlo horretako ikastarorik zaharrenak Espainian, eta inoizko osperik handiena eman zien nazioartean. Horren une gorena izan zen Nazioarteko Justizia Auzitegiari Francisco de Vitoria domina eman ziotenean, eta bertako epaile guztiak saria jasotzera etorri zirenean.

Javierrek bere bizitza profesionaleko urte asko eman zituen kudeaketa lanean unibertsitatean, saileko zuzendaria eta fakultateko dekanoa izanik (2006tik 2012ra bitartean). Urte konplikatuak izan ziren, orduan jarri baitzen abian fakultatearen Leioako Atala, eta indarrean sartu oraingo ikasketa planak.

Bihotza urratuta gure lankidea mundutik joan zaigulako, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa arloa osatzen dugun kideok aldi berean gure zorte ona ospatu nahi dugu Javier izan dugulako erreferente, eta ez bakarrik eremu profesionalean, baina batez ere —batez ere— pertsonalean.

Arina izan bekizu lurra, adiskide.

Juan Soroeta Liceras

Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea