Laura Marcaidaren Marketing Ecológico: Análisis teórico, estudio empírico a consumidores y análisis del diferencial de precios gradu amaierako lanetik ondorioztatzen denez, jakiez besteko produktu ekologikoak erosteko oztopo nagusia ez da prezioa, produktuok dendetan aurkitzeko zailtasuna baizik. "Seguru asko, halako produktu gehiago kontsumitzeko irtenbidea ez da prezioak txikitzea, baizik eta kontsumitzaileei informazio gehiago ematea eta produktuok ohiko banaketa kanaletan eskuragarriago jartzea" adierazi du Laura Marcaidak, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasleak.
Jakiez besteko produktu ekologikoak erosteko oztopo nagusia ez da prezioa
Laura Marcaidak kontsumo berdearen ahulguneak eta indarguneak erkatu ditu gradu amaierako lanean
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/15
Asociación Española de Codificación Comercial (AECOC) elkarteak 1.000 euroko accesita eman dio Marcaidari Sari Akademikoetan. Elkarte horretako kide dira 25.000 enpresa baino gehiago, hau da, kontsumoaren merkatuan diharduten enpresa garrantzitsu ia-ia guztiak, hala fabrikatzaile eta banatzaileak nola banaketa kanalak.
Zenbait ondorio nabarmentzen dira lanean: hasteko, jakiak ez diren produktu ekologikoen gainean dagoen ezjakintasuna. "Aztertutako kontsumitzaile gehien-gehienek –inkesta bat egin genien etxerako erosketa egin ohi duten 63 pertsonari– elikagaiekin lotzen dituzte produktu ekologikoak, eta ez dakite bestelako produktuak ere badaudela; hortaz, gutxiago kontsumitzen dituzte" esan du Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleak.
Komunikazioan inbertitu behar da
Azterlanaren arabera, bestalde, produktu ekologiko horien kasuan, kontsumitzaileen ustez "kontsumitzeko oztopo nagusia ez da garestiago direla, lehen uste genuen bezala, baizik eta aurkitzen zailak direla". "Gure ustez, gai hau oso interesgarria da; izan ere, horrelako produktu gehiago kontsumitzeko irtenbidea ez da prezioak txikitzea, baizik eta kontsumitzaileei informazio gehiago ematea eta produktuok ohiko banaketa kanaletan eskuragarriago jartzea" azaldu du, produktu ekologikoak ohiko produktuak baino zertxobait garestiago direla egiaztatu ostean. Aztertutako 50 produktuen batez besteko gainprezioa % 66,18koa da; "produkturen bat edo beste, gainera, % 420 garestiagoa da". Produktu ekologikoak garestiagoak dira, baina behar bezala banatzen badira, elikagaiekin egiten den bezala, gehiago saltzen dira, "baita izan duguna bezalako krisialdietan ere".
"Ondasun horiek ekoizten dituzten enpresek behar-beharrezkoa dute komunikazioan inbertitzea. Alde batetik, jakinarazi behar dute elikagaiez gain badirela beste produktu ekologiko batzuk ere, ingurumena zaintzen dutenak, eta horiek kontsumitzeak mesede egiten diola planetari. Bestetik, kontzientzia sortu behar dute produktuok aintzat har daitezen, eta jendeari ikusarazi behar diote horiek kontsumitzeak planeta kontserbatzen laguntzen duela" gomendatu du Marcaidak.
Laura Marcaida Ingalaterra iparraldean dago orain, ingelesa hobetzen. Esan duenez, pozik dago bere azterlanak izan duen oihartzuna dela eta. "Sinestezina da gradu amaierako nire lana estatuko onenetarikoa izatea beste 68 lanen artean. Sariak, batik bat, hau esan nahi du niretzat: ahalegintzen banaiz eta gogor lan egiten badut, edozer egin dezaket. Oso ondo etorri zait, ahaleginak saria dakarrela konturatu naiz eta. Eskerrak eman nahi dizkiot nire lanaren tutore Maria Soledad Aguirre irakasleari, prozesu osoan lagundu eta aholkatu nauelako eta ideiak eman dizkidalako. Niretzat, garrantzitsuena izan da nigan eta nire lanean sinetsi duela; izan ere, hasieran zalantza asko nituen, eta horrek asko motibatu ninduen. Hark ere merezi du aitorpena".
Argazkia: ezkerretik eskuinera, Jaime Aguilera, Unilever España enpresako presidentea; UPV/EHUko irakasle Marisol Aguirre eta Laura Marcaida
Campusako aurrealdeko argazkia: Maksim (CC-BY-SA)