UPV/EHUn Euskal Filologia ikasitakoa da Kirmen Uribe eta dagoeneko munduan ezaguna den idazlea. ‘Bitartean heldu eskutik' (2001) poema bilduma argitaratu ondoren, eleberri, musika, literatura eta ikus-entzunezko zenbait ekoizpenei heldu zien. Gazte literaturak ere leku nabarmena du haren bibliografian.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Kirmen Uribe, idazlea
«Euskara da nire bizitzaren erdigunea»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/22
‘Garmendia eta zaldun beltza' izan zen haur eta gazteei aurkeztu zien lehen liburua, ondotik beste bi tituluz osatu da sorta. Euskal diasporari hertsiki lotuta den artzain baten abenturak kontatzen ditu hemen. Herriaren hitza edo Hitzen herria baita Kirmen Uribek munduratu nahi duena, Euskal Herria edo Euskal Hitzena alegia. Horrek gaitu bere ustetan erakargarri egiten eta bide horretatik idatzi ohi du berak. Garmendia lekuko, berezitasun hartaz jantzitako gizon arrunt baten gora beherak aipatu zituen UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Eskolan egindako hitzaldian.
Idazlea zira, hitz bakoitza neurtu ohi duzu. Bakoitzari pisu eta erran nahi zehatza lotzen diozu. Hitz gutxitan aurkeztu zaitez.
Euskal idazlea eta arrantzaleen semea naiz.
Zergatik hasi zinen idazten?
Txikia nintzenean arazoak nituen hizkuntzarekin. Lotsatia nintzenez, gutxi hitz egiten nuen eta arazoak nituen besteen aurrean nire burua azaltzeko. Hizkuntzarekin nuen kezka horretatik eta mundua ulertzeko edo mundua nire buruari azaltzeko nuen zailtasun horretatik, ekin nion idazteari. Gero irakurtzen hasten zara eta maite dituzun idazle horien modukoa izan nahi duzu. Unibertsitate garaian berriz, mundua hobetu nahi nuelako idazten nuen. Eta azkenean, orain, nik uste dut idaztea behar bat bilakatu dela. Idazten ez badut, ez naiz zoriontsu.
Literaturak garrantzi handia izan du orduan zure bizitzan eta gaztaroan?
Bai, literatura zentzurik zabalenean. Txikitan oso lotua nengoen amari, izebari, amonari, etxeko emakumeei. Beraien istorioak entzuten nituen eta gustuko nituen gainera. Beraiek ahozkotasunerako joera handia izan dute beti, istorioak kontatzeko modu aparta. Nire amaren familia txiroa zen, gerla galdu zuten horietakoa. Horrek izaera bat sortzen du eta umiltasun edota galera horretatik kontatzen zituzten gauzak. Kontatzeko modu hori da nik uste, beti eduki dudana. Bazterreko jendearen kontatzeko modua, Amonaren ahotsa, galtzailearen ahotsa.
Haur eta gazteentzako literatura den Garmendiaren hiru nobelatxo idatzi dituzu. Zure ustez, literaturak zer garrantzi du gaztaroan?
Gaztaroan irakurtzen dituzun liburuak, zure bizitza osoan jarraituko dute zure barruan. Hori horrela da. Gaztaroan irakurtzeak ikaragarrizko garrantzia dauka. Literatur testu onak irakurtzen badituzu gaztaroan, beti izango zara literatura maiteko duen pertsona bat eta irakurtzen jarraituko duzu. Neurri horretan gazte literaturak ardura handia dauka edo gazte literatura egiten duten idazleek ardura handia daukate, literatura ona idazteko, kalitatezkoa.
"Garrantzitsua da gaztetxoek ere euskaraz irakurtzea"
Nire kasuan, absurdoa, umorea, gaztetxoen eta umetxoen logika, hots arrazionala ez den hori erabiliz, Garmendiaren istorioa kontatu nahi nuen. Ez nuen pedagogiara jo nahi, oso modu errealistan beraien arazoak planteatuz. Azkenean Garmendia bera, gaur egungo guraso bat da. Ez da heroi bat. Gizon lodi bat da. Gauza batzuk ondo ateratzen zaizkio eta beste batzuk gaizki. Oso esku zabala da gauza batzuetan eta beste batzuetan ez. Umore onekoa eta umore txarrekoa da. Azkenean gaur egungo guraso bat azaldu nahi nuen, bere gauza on eta txarrekin.
Garmendia euskalduna da eta Garmendiaren istorioa euskarazko gazte literatura da. Literatura norberaren gaztaroan gako bat den bezala, zure ustez, euskarazko literatura ere gaztaroko gako bat izan behar da? Zuretzat euskaraz ikasi eta irakurtzeak ere garrantzia du?
Euskara da nire bizitzaren erdigunea. Agian euskara ez balitz, ez nintzen idazlea izango. Gure familian euskararekiko lotura eta konpromiso handia egon da beti eta hori jaso egin dut. Nire haurtzaroan edo gaztaroan gustuko nituen idazleak, asko eta asko euskaldunak ziren eta nik ere bide horri jarraitu nahi nion. Arestiren, Atxagaren, Sarrionandiaren bide horri. Nik gustuko nituen idazle horien bide horri. Beraiek izan ez balira eta nolabait nire etxean euskararenganako lotura hori egon ez balitz, agian ez nintzen idazlea izango. Orduan pentsa euskarak nolako garrantzia daukan nigan. Ez da egongo euskal idazle bat, soilik literaturagatik idazten duena. Nahiz eta batzuek esan, Saizarbitoriatik hasita, Danele Sarriugarteraino, euskararekiko konpromisoa badago dudarik gabe. Horregatik garrantzitsua da gaztetxoek ere euskaraz irakurtzea.
Garmendiaren istorioan edo Bilbao-New York-Bilbaon, zure bizipen pertsonalak edo Euskal Herriko jendartearen bizipenak leku handia du. Bide beretik, Harvardeko aldizkari batek hauxe zion: "Uriberen literaturak Euskal Herrian ditu erroak, baina zeharo unibertsala da". Idazten duzunean herri honen kultura, hizkuntza edo bizimodua munduratzeko asmoarekin egiten duzu?
Ezetz errango banu, gezurra errango nuke. Orduan bai, nik uste dut munduarentzat erakargarri egiten gaituela, bat, munduko partaide izateak, alegia munduko beste herriekin harremanetan egoteak eta bi, gu geu izateak. Nik hortik idazten dut. Non dago gure desberdintasuna? Non dago gure xarma? Euskaldunak garela eta Euskal Herritik idazten dugula. Horrek ez du esan nahi artzain edo euskal mitologiako elementuei buruz idatzi behar dugunik. Bilbon gertatutako istorio batez idatzi dezakezu, baina beti edukiko du ñabardura hori, euskaldun izatearen ñabardura hori. Uste dut askotan euskal idazleok egin izan duguna kanpoko ereduak kopiatzea eta hona ekartzea izan dela. Nik uste dut kontrakoa dela bidea, munduari guk eskaini behar dizkiogu ereduak. García Márquezek egin zuen moduan, Latinoamerikako idazteko ereduak munduari eskaini zizkion. Pentsatzeko moduak, hitz egiteko moduak, mundua ikusteko moduak.
"Garmendia, haurrei gu ere emigranteak izan garenaren kontatzeko gogotik sortu da"
Eta García Márquezek horrela idatzita, gero bere antzera idatzi zuten indiarrek edo txinatarrek, Mo Yanek, adibidez. Orduan ohartu ginen tradizio handietakoak ez garenok ere, istorioak gure erara kontatu ditzakegula eta euskaldunok ere, hori daukagu munduari eskaintzeko. Herri txiki bat gara, bere hizkuntza bizirik mantentzea lortu duena. Euskaldunok bigarren mailako komunitate bat gara oraindik eta mundua ikusteko dugun era da, kontatu behar duguna. Gure eredu propioa munduratu behar dugula uste dut. Horretan gabiltza edo nabil behintzat, baina oso zaila da.
Aurretik zenion bezala, bigarren mailako herri honen kondaira eta bizipenen munduratzean, Garmendia ere bada. Nola sortu zen Garmendia?
Garmendia, haurrei gu ere emigranteak izan garenaren kontatzeko gogotik sortu da. Euskaldunok gure historia osoan zehar atera behar izan dugu herritik. Baxe-Nafarroaren kasuan adibidez, ikaragarria da nola XIX. mendean populazioaren parte handi batek joan behar izan zuen herritik. Orain guregana datozen afrikarrak eta latino amerikarrak ez ezik, gu ere emigranteak izan garela kontatu nahi nuen.
Gogorarazi nahi nien baita, jende asko joan zela eta batzuk aberats egin baziren ere, asko bidean geratu zirela eta tartean Garmendia. Garmendia artzain moduan hasten da baina gero, artzaintza utzi eta eskale baten moduan, oso pobre biziko da. Hori da umeei umorez azaldu nahi niena.
Garmendia haurrentzako ez ezik, helduentzako ere dela entzuten zaizu maiz. Zer transmititu nahi diezu?
Pixar konpainiaren pelikuletan edo Roald Dahlen literaturan atzeman daitekeenaren antzekoa da proposatzen dudana. Umorez egindako kritika sozial bat da, Simpson en agertzen dena baita ere. Nik Simpson umeekin ikusten dut eta beraiek ulertzen ez dituzten txiste batzuk harrapatzen ditut. Elementu hori egotea nahi nuen, helduek irakurtzeko modukoa izatea nahi nuen. Garmendiaren istorioan, kazetari batek elkarrizketa bat egin eta publikatzerakoan dena aldatzen duela ikusten dutenean, orduan gizartean gertatzen den horri pentsatzen dute. Edo Clean City deitzen den hirian, Harry Garbi izeneko alkatea oso korruptoa dela irakurtzen dutenean, orduan errealitateko alkate edo politikari batzuk bururatzen zaizkie.
Multimedia baliabide asko erabili ohi dituzu. Zergatik? Halako produktuen kontsumitzea maite duzulako ala gaur egungo gizartean, literaturaren biziraupenerako ezinbesteko tresna dela uste duzulako?
Nik uste dut XXI. mendean idazten hasi garen euskal idazleok irudia oso presente daukagula. Irudiak gure bizitzan ikaragarrizko garrantzia eduki du hasieratik. Telebistako serieak, internetek, horrek denak eragin handia dauka gure idazteko eran eta baita idazten duzun hori helarazteko eran ere. Nire nobelak eta poemak irudiekin daude pentsatuak eta hor jauzi handia dago. Lehen egiten ez ziren gauza asko egin daitezke orain. Zertarako egiten diren? Irakurle gehiago lortzeko? Nik behintzat, gustuko ditudalako erabiltzen ditut tresna berriak. Zinegileekin edo musikariekin lan egitea gustuko dudan bezala.
Garmendia marrazki bizidunez ikusi nahi zenuke orduan?
Nik nahiko nuke. Oso erraza litzateke gainera. Pertsonaia hor dago eta askotan zailena hori izaten da. Garmendiaren pertsonaia oso landua da gainera eta aukera asko ematen ditu. Bai, nahiko nuke norbait animatzea eta marrazki bizidun bat egitea. Polita litzateke.
Bukatzeko, zer errango zenieke zu bezala idazteari ekiten dioten gazte guztiei?
Ilusioa da transmititu nahi niekeena. Niretzako, literatura ez bakarrik, arteak orohar pertsona aberastu egiten du, bizitzan behar duen gauza bat da. Praileaitzeko kobazuloko indusketetan lepoko bat agertu zen eta lepokoa agertu zen tokian ez zegoen janaririk, ez zegoen hezurrik. Arkeologoen ustez, toki hori kantatzeko, ipuinen kontatzeko edo pentsatzeko soilik erabiltzen zen. Argi da betidanik behar izan dugula kultura. Ni asetu egiten nau kulturak. Zoriontsu egiten nau. Hori da transmititu nahi dudana.