euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Bertsolaritzaren ikerketa

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/08

Mintzola Fundazioaren egoitzan aurkeztu dituzte, bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko bi deialdiak. Aurkezpenaz arduratu dira Zigor Etxeburua,Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Isabel Elorza, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendaria; eta Juan Kruz Igerabide, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren zuzendaria.
Zigor Etxeburua,Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak esan bezala "Ikerlariek ikerketarako behar dituzten dokumentuak eskuragarri izateaz gain, ikerlariei aholkua eta bultzada ematea da gure asmoa", eta horretarako unibertsitateak bidelagun ditu Mintzola Fundazioak. Xede horren baitan kokatu behar dira gaur burututako bi deialdiak.

Batetik, ikerketa kontratua esleituko dute Mintzola Fundazioak, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek: bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen kontratua. Isabel Elorza UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendariak azaldu duen moduan "doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak". Horiek ikusgai daude www.mintzola.eus atarian.
Urtebeteko kontratua finantzatuko da esleipen honen bitartez, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta UPV/EHUn formalizatuko da.

Hiru proiektu sari
Kontratuaz gainera, Mintzola Fundazioak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak hiru proiektu sari banatuko dituzte ikergai nagusia bertsolaritza duten master amaierako lanen nahiz ikerketa lan monografikoen artean.Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedrako zuzendariak eman ditu hiru sari hauen inguruko argibideak: "2.000 euroko hiru diru-laguntza emango dira. Eskariak aurkezteko epea datorren irailaren 11era artekoa izango da eta hautatuen izenak beranduenez irailaren 30ean emango dira". Urtebete izango dute saridunek lana osatu eta aurkezteko.

• Ikerketa kontratuaren eta proiektu sarien prozedura, baldintzak eta epeak hemen
• Deialdien inguruko informazio osagarria (ikus-entzunezkoa) hemen

 

Argazkia (ezk-esk): Isabel Elorza, Zigor Etxeburu, Juan Kruz Igerabide eta Gidor Bilbao. Egilea: Mintzola