Europak Dimas Garcia ikerlaria nabarmendu du
Europako Ikerketa Kontseiluak 1,9 milioi euroko dirulaguntza eman dio
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/08
Donostia International Physics Center (DIPC) zentroari atxikitako Dimas Garcia de Oteyza ikertzaileak ERC Starting Grant deritzon dirulaguntza garrantzitsua lortu berri du. Zientzialari gazte distiratsuenei ezagutzaren mugako ikerketa-ildo berritzaileak abiarazi eta garatzeko aukera ematea da Europako Ikerketa Kontseiluak ematen duen laguntza honen xedea, epe luzera balizko aplikazio iraultzaileak garatzeko bideak jorratu ahal ditzaten.
Dimas G. de Oteyzari emandako laguntzak munta handiko diru-kopurua du, ia 1,9 milioi eurokoa alegia, datozen 5 urteotan ikerketa-proiektu propioa lideratu eta garatzeko aukera izan dezan. SURFINK deritzon proiektu esperimental honen helburu nagusia, substratu ezberdinetan konplexu molekularren sintesi kimikorako teknika berrien garapenean aurrera egin eta bertatik sortzen diren gainazal nanoegituratuen propietateak eta funtzionaltasunak zehatz-mehatz kontrolatzea da. Funts horiez baliatzea ahalbidetuko duen DIPCren eta Europako Kontseiluaren arteko hitzarmena gaur bertan sinatuko da.
Garatzeko bidean dauden ikerketa-ildoetako liderrei laguntza ematea da Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council edo ERC) banatzen dituen Starting Grants dirulaguntza hauen helburua, ikerketa-talde independenteak ezarri eta finkatzeko aukera izan dezaten. Lehiakortasun handi-handiko programa da, proposamenak bikaintasun zientifikoaren arabera eta indar berritzailearen arabera baino aztertzen ez dituena, ikertzaileen curriculumei eta potentzialtasunei eta harrerako zentroen baliabideei ere arreta handia eginez. 2014ko deialdian, arrakastaren portzentajea % 11koa izan da, gutxi gorabehera.
2014az geroztik, Dimas Fellow Gipuzkoa bezala ibili da DIPCn, eta aipatutako dirulaguntza jaso izanak, baita orain gutxi Ikerbasque Research Professor izendatua izateak ere, DIPCk talentu zientifikoa erakarri eta atxikitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketaz abian duen programa horren balioa berresten dute.
DIPCn poz-pozik daude hainbat arrazoirengatik. Ricardo Díez Muiño zuzendariaren esanetan, "Fellow Gipuzkoa programa DIPCren apustu bereizgarria izan da hasiera-hasieratik, eta oraingoan ere argi geratu da plataforma eraginkorra dela gure zientzialari gazte bikainenak Euskadiko zientzia sisteman txertatzeko. Guretzat, harrotzeko modukoa da Dimasek bere ikerketa-karrera oparoa gurekin jarraitzea erabaki izana, eta honek oso-osorik frogatzen du hemen, Ibaetako gunean, materialen fisikaren arloan egiten den ikerketa-jardunaren gaitasun eta maila handia". Bestetik eta Fernando Cossioren hitzetan "ERC laguntzak beharrezkoak dira Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzeko bikaintasunezko ikerkuntzan".
Aipatzekoa da, Dimas G. de Oteyzak Starting Grant hau lortzen duela bere ikerketa lanaren zati nagusi bat euskal talde batean garatu duelarik, Donostiako Materialen Fisika Zentroa CSIC-UPV/EHUko zentro mistoko Nanofisika Laborategian, zehazkiago esanda. Zentro honexetan gauzatuko dira, hain zuzen ere, SURFINK proiektuko esperimentuak, indar atomikozko mikroskopia-ekorketen teknikez baliatuta.
Azkenaldi honetan, itxaropen handiak sortu dira, nanoegitura supramolekularren auto-mihiztaketan oinarritutako osagai aktibo eta funtzionalak dituzten gailu teknologikoak sortzeko aukeraren inguruan. Erronka nagusia, egitura horiek beharrizan espezifiko batzuen arabera diseinatu eta behar bezala kontrolatzea da, baina azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman diren arren, sistema horietako gehienak lotura kimiko ahulez edo ez-kobalenteez eratu izanak egituren egonkortasuna mugatzen zuten. Berrikitan, ikerketa-ildo berri bat ireki da, lotura kobalenteen sorrera barne hartzen duten auto-mihiztatutako molekula organikoen lehen sareei esker. Sare hauek intereseko substratu desberdinen gainean sintetizatzen dira, zuzen-zuzenean, huts ultra-altuko baldintzetan. Hauxe da Dimas Garcia de Oteyzak SURFINK proiektuaz esploratu eta ustiatu nahi duen estrategia estreinatu berria. Ikertzaileak berak adierazi duenez, "ideia zera da, prekursore molekular egokien laguntzaz, zehaztasun atomikoaz kontrola daitekeela egonkortasun handiko eta sofistikazio handi-handiko egitura organiko kobalenteen formazioa, eta horixe da azken finean benetako funtzionaltasuna lortzeko behar duguna".
Dimas Garcia de Oteyza
(Madril, 1978) Fisikan lizentziatu zen 2001ean Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta 2007an Fisikako doktoregoa lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, tesirako ikerketak Stuttgart-eko (Alemania) Metalen Ikerketarako Max Planck Institutuan egin zituelarik. Doktorego ondoko ikerketa-jarduna, lehendabizi, Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko Nanofisika Laborategian garatu du, Enrique Ortega irakaslearen gidaritzapean, eta ondoren,-Lawrence Berkeley Laborategi Nazionalean (Kalifornia, AEB) eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean (AEB). Horrez gain, egonaldi ugari egin ditu Tsukubako (Japonia) Materialen Zientziako Institutu Nazionalean. 2013an DIPCera itzuli eta ondoren Fellow Gipuzkoa gisa kontratatu zuten, harik eta, 2015eko maiatzean, Ikerbasqueko Ikerketa Irakasle izendatu duten arte. Azken urteotan, Dimas G. de Oteyzaren lanak gainazal metalikoen gainean auto-mihiztatutako geruza organikoen ikerketa eta hazkuntza izan ditu ardatz, grafenozko nanobanden sintesiari arreta berezia eginez.
ERC Starting Grant dirulaguntzaz gain, Dimas G. de Oteyzak Zientzia Sustatzeko Japoniako Elkartearen doktorego ondoko beka bat eta Europako Marie Curie doktorego ondoko beka bat lortu ditu, eta 2013an, Triesteko Elettra Sincrotrone-k ematen duen ikertzaile gazte onenarentzako Fonda-Fasella Award saria jaso zuen. Bi liburu-atalen egilea da, eta 47 argitalpen baino gehiago plazaratuak ditu pareka ebaluatutako aldizkarietan, osperik handieneko Science eta Nature taldeko aldizkariak tarteko direla.
Argazkia: DIPC