Víctor Gómez Pin, Honoris Causa Doktore
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/11
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak Víctor Gómez Pin Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Filosofiako katedradun emeritua honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia egin du gaur, ekainaren 12an (ostirala), Carlos Santamaria Zentroko auditoriumean. UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da ekitaldiko burua, eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendari Amaia Esquisabel ere bertan izan da.
Víctor Gómez Pinen izendapenak UPV/EHUko katedradun Nicanor Ursuaren babesa du, eta Filosofia Sailak sustatu zuen, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren, eta Donostia International Physics Center-DIPC zentroaren bermearekin. Egitasmoaren sustatzaileek irakaslearen filosofia ibilbidea goratu zuten: "erabat zehatza eta koherentea, Ontologian zentratua". UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2014ko irailaren 29ko saioan erabaki zuen Víctor Gómez Pini Honoris Causa doktorearen titulua ematea.
Errektoreak Honoris Causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, Víctor Gómez Pinek zuhaitz tradizionala landatu du Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta Zentroaren eta Materialen Fisikako Zentroaren artean. Gero, errektoreak titulua eta erramu birreta eman dizkio, Nicanor Ursua irakasleak doktoregaiaren laudatioa egin ostean; Víctor Gómez Pinen lanen garrantzia azpimarratu du: "Galdera gehiago dute, erantzunak baino; hala ere, galderek oinarri ona ematen digute, eta pentsamendurako bidea erakusten. Arrazoibidearen mutilazioari aurre egiteko (izan ere, pentsatzeari uzteak gizatasunaren mutilazioa edo ahulezia objektiboa dakar); beraz, aske izateko, pentsalari kementsuak behar ditugu, teknologiaren eta zientziaren arloko ziurtasunak auzitan jarriko dituztenak, hausnarketari bide emango dioten eta alétheiarako edo egiarako bidea erraztuko duten galderen bidez, molde sokratikoari eta aristotelikoari jarraituz. Hala eskoletan nola argitalpenetan, Víctor Gómez Pinek pentsatzen eta besteei pentsarazten eman du bizitza; gizaki orok bizitzeko eta jarduteko berez dituen gaitasunak eguneratzen, hain zuzen ere".
Zorroaga eta metafisika
Honoris Causa doktore berriak gogora ekarri ditu Zorroagaren hastapen asaldatuak (Zorroaga izan zen gaur egungo Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ernamuina), eta metafisikaren sorrera eta pizkundea. "XX. mendearen hasieran, metafisika berriz sortu zen, eta ez da kasualitatea birsortze horretan protagonistetako batek atzera Joniari erreparatu izana. Izan ere, garai hartan, zientzia bera eraldatu egin zen filosofiarako urratsa egitean, eta zientzialarietan lehenengoetarikoa zen pentsalaria, halaber, filosofoetan lehenengoetariko bihurtu zen. Eraldatze horretan datza, hain zuzen ere, Jonian, Trazian eta hegoaldeko Italian Platonen Akademia sortu aurreko mende miragarrian gertatu zenaren berritasun erabatekoa". Izan ere, Víctor Gómez Pinen esanetan, adimena itxuren oinarriari buruzko hipotesiak garatzen ari zen, zientzia egiten ari zen... "Eta, bat-batean, egiten ari zen horri erreparatu zion, bere buruari eman zitzaion, eta ohartu zen, gainera, zentzumenei aurrea hartzeko borrokan zebilela. Hala, zintzo esan ahal izan zuten giza adimenaren uste propioek bakarrik ematen dutela nolabaiteko ziurtasuna gauzen izatearen inguruan, eta, horren ondorioz, beste ikuspegi batetik erreparatu zieten adimen horrek inoiz egiteari utzi ez dien eragiketei, teknikaren eta artearen jardunbideetatik hasita. Izan zentzumenak, izan adimena... gizakiaren poloetako bakarra da lekuko, antza. Lekuko bakarra? Lekuko bakartia, gainera?".
Irakasleak dioenez, dena dago honako gertaera hauek bizitzeko zorroztasun mailaren mende: "beste hizkuntza izaki batzuen substantziazko izatearen berme gorena Alain Aspecten edo Anton Zeilingerren esperimentuen fotoia da; hau da, haien jarrera Kantek transzendental deitu zion subjektuak neurtzen du, eta subjektu horrexek bere begiz ikusi du hiriak sortu direla eta hirien barruan hilerriak eraiki direla subjektuentzat... subjektu enpirikoentzat: izaki enpiriko singularrentzat, ordea. Izan ere, horietako bakoitzean oso-osorik ardazten da bere presentzia bermatzen duen subjektu transzendental hori; hots, gu guztiok eta gutako bakoitza gara zientziaren aukerak bideratzen dituen eta esperientzia antolatzen duen ni iragankorra".
Iñaki Goirizelaia errektoreak ekitaldiari amaiera eman dio. Eta adierazi du: "Victor Gomez Pin eta UPV/EHUren arteko harremana etengabea izan da. International Ontology Congress/Nazioarteko Ontologia Kongresuak nazioarte mailan pentsamendu filosofikoaren derrigorrezko topaketa izan ezik, ziur nago, Unibertsitatearekin zein Gipuzkoako Campusarekin duen konpromisoaren aldizkako berritzea da".
Víctor Gómez Pin
Víctor Gómez Pin Honoris Causa doktore berria (Bartzelona, 1944) oso gazterik joan zen Parisa. Han, Filosofia ikasketak hasi zituen Sorbona Unibertsitatean, eta Estatu Doktore graduarekin amaitu zituen, ordena aristotelikoari buruzko tesi bat eginda. Dijongo Unibertsitatean hainbat urtez irakasle aritu ostean, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Filosofia katedra eskaini zion, gerora oposizio bidez lortu zuena. 1993az geroztik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedraduna da, eta gaur egun emeritu titulua du. Visiting professor, ikertzaile eta hizlari izan da atzerriko hainbat unibertsitatetan: besteak beste, Venice International Universityn, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalean, Parisko ENSn, Université Paris-Dideroten eta CUNYko Queen's Collegen. Saiakerako Anagrama eta Espasa sariez gain, 2009an Istituto Veneto di Scienze, Lettere ed Arti institutuaren Premio Internazionale Per Venezia saria irabazi zuen. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa da. Bestalde, hogeita hamarretik gora liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu, eta urte asko eman ditu pentsalari grekoen arazo ontologiko zaharrak egungo pentsamenduaren arabera birplanteatzen; bere buruari galdetu dio egungo diziplina zientifiko jakin batzuek zer-nolako ondorioak dituzten izadiaren kontzeptu heredatuan. Kezka horrek International Ontology Congress batzarra sortzera bultzatu zuen; hango batzordean filosofoak eta zientzialari ospetsuak daude, eta, duela mende laurdenetik, bi urtean behin antolatzen da, UNESCOren babesean.
Argazkia: Mikel Martínez Trespuentes. UPV/EHU
