Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Jonan Fernándezen zuzendaritzapean, EAEko UPV/EHU, Deustu y Mondragon unibertsitateei terrorismoari eta indarkeriari buruzko gogoeta lan bat egitea proposatu zien. Denera, iazko urri eta abendu artean, 300 gaztek parte hartu zuten jarduera horretan; horietatik 104 Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatekoak (UPV/EHU) ziren.
Ahotsak proiektua
«Etorkizunera begiratu behar da, iragana ahaztu gabe, berriz errepika ez dadin»
EAEko hiru unibertsitatetan landutako esperientzia baten bidez, gure gizartearen iragan hurbilena aztertu dute belaunaldi berrien ikuspuntutik
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/05/19
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak adierazi duenez, Ahotsak proiektuak helburu hauxe du: unibertsitate ikasleek "Euskadiko terrorismoaren, indarkeriaren, giza eskubideen urraketen eta bake eraikuntzaren inguruan" hausnartzea, alde batetik, eta euskal gazteak giza eskubideekin engaiatzea, bestetik, Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako gertakariak modu kritikoan aztertuz. Horretarako, "gure gizarteko garai horren inguruko denetariko ahots eta esperientziak biltzen zituzten" ikus-entzunezko materialak hautatu eta probatu ziren.
Euskal Herriko Unibertsitatean, Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia Fakultatean landu zuten esperientzia, Gizarte Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako titulazioen barruan. Mila Alvarez eta Gaizka Lores irakasleak eta Pello Urkidi proiektuaren UPV/EHUko koordinatzailea aritu ziren proiektu horretan, Lehen Hezkuntzako Graduko hirugarren mailako eta Haur Hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin. Ikasle gazteek Glencree dokumentala ikusi zuten, Ipar Irlandako esperientzian oinarriturikoa, zeinak ETAren eta GALen biktimen arteko topaketa erakusten baitu. Dokumentala ikusi ondoren, gai horri buruz eztabaidatu eta balorazio inkesta bat bete zuten.
"Helburua zen, hain zuzen ere, ikustea ea baliagarriak ziren dokumental eta film guztiak eta berariaz prestaturiko gida didaktikoak, hala ikusi aurretik nola ondoren gogoeta egiteko", azaldu du Pello Urkidi irakasleak.
Deustuko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean ere landu zuten esperientzia. Esperientziari esker, kasu gehienetan doan eskura daitezkeen 12 dokumental edo film bildu dira, eta eskura jarri dira gida didaktikoak ere. Hartara, gai horretan interesa duten irakasle zein ikasleek dokumental bakoitzean planteaturiko gaien inguruko eztabaida proposa dezakete.
Balorazio positiboa
20 eta 24 urte bitarteko gazteek ontzat jo dute jarduera, lagungarri izan zaielako gazteak direla-eta batzuetan urrunekoak zaizkien gertakariei buruz hausnartzeko.
Glencree dokumentala ikusi zutenean, ikasleak "errespetu eta interes handia agertu zuten dokumentalean erakusten ziren biktimen kasuekin, nahiz eta zenbait kasu ezezagunak zitzaizkien. Biktimen erresilientzia gaitasuna ere azpimarratu zuten; izan ere, ikasleen hitzetan, biktimak gai ziren euren sufrimenduan oinarrituta besteen sufrimendua ulertu eta haiekin enpatizatzeko, eta hori eredugarri da gizarte osoarentzat".
Irakasleei deigarria egin zitzaien unibertsitate ikasleek adieraztea "dokumental horrekin gertu-gertutik aztertu ahal izan dutela edozein motatako indarkeriaren biktimen sufrimendua. Gainera, askok ez zuten gure gizartean izandako antzeko esperientzien berri".
Jardueran parte hartu zuten ikasleek oso ontzat jo zuten indarkeriari buruz mintzatzeko eta gaiari buruzko denetariko iritziak entzuteko aukera hori. Pozik azaldu ziren, halaber, iragana hobeto ulertzeko eta elkarrizketarako gaitasuna indartzeko eman zitzaien aukeragatik. Horrez gain, partaideek nabarmendu zuten giza eskubideek balio handia dutela eta edozein motatako indarkeria dela larria, eta biktimekin enpatizatzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi zuten.
"Belaunaldi berriek, gure gizartean indarkeria egoera desagertu den honetan, nolabait urrun ikusten dute iragana eta, logikoki, zenbaitek ez dute gertakari jakin batzuen berri ere. Iragana ez dute bizi aurreko belaunaldiek bizi izan zuten intentsitate berberarekin, eta, era berean, ez dituzte haien klixeak eta aurreiritzi ideologikoak; ez dute saihesten gertatutakoari buruzko elkarrizketa, eta giza oinarriak eta bizitzarako eskubidea hartzen dituzte gizartea adiskidetzeko oinarri gisa", adierazi du Pello Urkidi irakasleak.
Elkarrizketa berreskuratzen
Ahotsak proiektua aurtengo urte osoan ere landuko da. "Iragan konplexu, zail eta batzuetan traumatiko bati buruzko elkarrizketa berreskuratzeko tresna erraza da, giza eskubide guztien errespetuan oinarrituz gizartea adiskidetzen lagunduko duena", esan du, amaitzeko, Urkidik.
Materialak zuzenean kontsulta daitezke hemen:
http://www.eskolabakegune.euskadi.eus/web/eskolabakegune/proyecto-ahotsak/recursos-seleccionados
Eta proiektua hemen:
http://www.eskolabakegune.euskadi.eus/web/eskolabakegune/proyecto-ahotsak/presentacion
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Pello Urkidi Elorrietarekin: pello.urkidi@ehu.eus
Oharra: gordailu horretan bertan, esperientzia baloratzeko inkesta bat dago. Inkesta eginez gero, bidali kopia bat Pello Urkidiri, mesedez, esperientziaren nondik norakoak hobeto aztertu ahal izateko.
Argazkiak: UPV/EHU