UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak Donostia / San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburua egitasmoaren baitan kokatzen den eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan burutuko den LaPublika proiektuan parte hartuko du.
Arte Ederren Fakultatea, Donostia 2016rekin elkarlanean
Tabakaleran burutuko den LaPublika proiektuan parte hartuko du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/01
Bilboko consonni ekoiztetxe eta argitaletxeak zuzentzen duen eta Donostia 2016k eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ekoizten duten LaPublikaren funtsezko helburua zera aztertzea da: arteak, interes komunetan oinarrituta, zer-nolako gaitasuna duen gizartea sortzeko. Arte-ikerketarako laborategi honen lehenengo fasea Donostia eta Bilbo artean egingo da, 2015eko azken hiruhilekoan, eta hainbat eragileren babesa dauka, besteak beste, Bilbao Ekintza, Bizkaiko Foru Aldundia eta ehukultura (Bizkaia) erakundeena.
Gaur egun, bizitza komunari buruzko eztabaidak bolo-bolo dabiltza, eta honako gai hauek hartzen dituzte hizpide: publikoaren eta pribatuaren arteko mugak, errepresentazio-mekanismoak, instituzioen krisia eta komuna den horren kudeaketarekiko konfiantza-galera, anitzak izateko eta matxinatzeko eskubidea, eta botere- eta ikusgarritasun-guneetara iristeko borroka; funtsean, elkarbizitzaren kudeaketarekin lotutako guztia. Publiko hitzak gaztelaniaz daukan genero-marka nahita aldatu dugu, horrela, protagonista ez da espazioa bera izango, ezpada espazioan gertatzen dena, espazioan barrena mugitzen dena: esparru publikoa.
LaPublikak artearen ikuspegitik heltzen die eztabaida horiei guztiei. Artelan bat publikoa da, baina ez publikotzat jotzen den toki batean kokatuta dagoelako, ezpada esparru publikoa sortzen duelako. Horretarako, artea elkarrizketan aritzen da beste jakintza-alor batzuekin, bereziki pedagogia kritikoekin eta feminismoarekin; izan ere, osagai horiek ezinbestekotzat jotzen dira komunari buruzko hausnarketak egiteko.
LaPublika jarduera-programa gisa aurkezten dugu, eta jarduera-programa horren gaiak bi dira: arte-praktikek nola eraikitzen duten esparru publikoa eta esparru publikoak nola eragiten dion arteari. Esparru publikotzat hartzen ditugu konpartitutako espazioak, adibidez, kalea, plaza eta hiria, baina esparru publiko gisa hartzen ditugu, baita ere, internet, komunikabideak eta guztiona den hori kudeatzeko erabiltzen ditugun mekanismoak: hizkuntza, errituak, arauak eta talde-prozesuen estetika. Gizarte- eta hiri-paradigma berriak sortzen ari diren honetan, LaPublikak prozesu horiek guztiak lantzeko eta horiei buruz hausnartzeko gunea izan nahi du.
Abiapuntua: ibilaldi bat basoan barrena
2014an aitzin-solas labur bat egin ondoren –bertan izan ziren ospe handiko artista eta profesionalak, tartean Magdalena Malm eta Nuria Güell–2015ean jarriko da LaPublika martxan, jarduera-programa oparoarekin. Lehenengo jarduera urriaren 18an egingo da, hain zuzen, jatorri katalana duen baina Donostian bizi den Gerard Ortín artistak ibilbide bat egingo du. Ortínen proposamenak ematen dio abiapuntua programari, eta, aldi berean, asmoen adierazpen bat ere bada: transect metodoan du oinarria (metodo horrek lur-zati bat zedarriztatzen du, hori ikertzeko), eta asmoa da hainbat gairen inguruan gogoeta egitea: paisaia eta lurraldea gisako kontzeptuak, maparen eta esperientziaren arteko tentsioa, markatutako mugen eta ibiltzearen beraren arteko tentsioa (ibiltzea ulertuta jabetze-praktika modura).
Programa. Tailerrak, hitzaldiak eta lan-taldeak
Erreferentziazko jendeak hartuko du parte LaPublikan, 2015eko urritik abendura bitartean gauzatuko den programa honetan. Besteak beste, bertan izango da Petra Bauer artista eta zinegile suediarra, Kassel-eko dOCUMENTA jaialdiaren edo Veneziako azken Biurtekoaren neurriko gertakarietan parte hartu duena. Gurean, tailer bat eskainiko du: prozesu koletiboen errepresentazio bisuala, ikuspegi feministatik. Bestalde, Kopenhageko Funen arte-akademiako komisario eta errektore Stine Hebert ere gurean izango da, arte-pedagogiei buruzko ikuspuntu zehatzago bat emate aldera. Horrez gain, Latitudes komisario-agentziako kideek arte garaikidearen gaur eguneko arazoak aztertuko dituzte, espazio kolektiboen kudeaketari erreparatuta (Max Andrews britainiarrak eta Mariana Cánepa Luna uruguaiarrak osatzen dute agentzia hori). Hain justu ere, gai horrekiko interesa nabarmen islatu zuten beren komisariotza-proiektuan: Portscapes du izena, eta hainbat artistak hartu zuten parte Rotterdameko portuari buruzko lan horretan.
Gainera, LaPublikak beste gai bati ere helduko dio, hain zuzen, aztertuko du ea zer-nolako eragina duen komunikabideen kulturak esparru publikoaren eraikuntzan, bereziki, espazio erdi-publikoetan, hala nola interneten eta sare sozialetan; izan ere, espazio horiek gizarteratzeko espazioak dira, alegia, elkarbizitzakoak, baina, hala ere, enpresa pribatuek kontrolatzen eta kudeatzen dituzte. Horretarako, Bani Brusardin etorriko da LaPublikara; Brusardinek, 0100101110101101.org media art taldearekin elkarlanean, The Influencers jaialdia antolatzen du urtero, Bartzelonako CCCB zentroan, guerrilla-komunikazioaren inguruan. Horrez gain, An Mertens software-idazle eta -artista ere gurean izango da. Mertensek literatur sorkuntzaren bidez helarazten ditu algoritmoen eta informatika-kodeen aukeren bueltan egindako esperimentuak. Gainera, Bruselako Constant taldeko kidea da; arte digitalak jorratzen ditu talde horrek, eta teknologia eta kode ireki eta publikoen aldeko defentsa lantzen dute, ikuspegi feministatik.
Publikoari irekitako programaz gain, LaPublikak bi lan-talde ditu, UPV/EHUko eta Tabakalerako bitartekaritza-sailekin elkarlanean, eta horien helburua da proiektuaren kontzeptu-markoa garatzea eta aberastea, eta 2016an gertatuko diren esku-hartze publiko batzuk diseinatzea. 2016ko azken hiruhilekoan itxiko dugu programa: nazioarteko sinposium bat egingo dugu, ikerketa-laborategiaren faseak islatzeko.
LaPublika web-irratia
LaPublikak irrati bat dauka, online gailu bat, eta proiektuarekin bat joango da, 2016ko amaierara arte. Web-irratian bilduko dira aurrez aurreko jardueretako podcastak eta, era berean, irrati-euskarrirako beren-beregi egindako edukiak ere izango ditu, hala nola elkarrizketak, kuñak eta soinu-piezak. Propio irratian parte hartzeko gonbidatutako artista eta profesionalak izango ditugu bertan.