Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) azpiegitura berri bat dauka, zentro bat, Elbira Zipitria izenez bataiatu dena, Donostiako lehenengo ikastolen sortzailea, pedagogo berritzailea eta andereñoen andreñoa izandakoa oroitzeko eta omentzeko. Gipuzkoako Campusean, emakume baten oroimenez izendatutako lehen zentroa da.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Elbira Zipitria Zentroa inauguratu da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/23
Elbira Zipitria Zentroa, ia sei milioi euroko inbertsioarekin egin dena eta 4.500 metro koadro inguruko azalera eraikia duena, Donostiako Ondarretako zabalgunean dago, UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolatik eta Arkitektura Goi Eskola Teknikotik gertu. Higiezin berriak, Arkilan Arkitektura eta Hirigintza estudioak diseinatutakoak, lau solairu ditu, eta soto bat.
Elbira Zipitria Zentroak erabilera anitzeko eraikina da eta barruan hartuko ditu UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolako eta Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleak, Esperientzia Geletako ikasleak (55 urtetik gorakoak), USAC Estatu Batuetako unibertsitateen partzuergoko ikasle bisitariak, Euskara Zerbitzua eta SINNERGIAK Gizarte Berrikuntzarako Zentroa.
2012an sortua, UPV/EHUko Sinnergiak Social Innovation sustatutako Berrikuntza Sozialeko zentro bat da, EUSKAMPUS-Nazioarteko Bikaintasun Campusaren estrategiaren esparruan. Ezagutzaren erakunde gisa sortu da, unibertsitate ikerlariek osatutako diziplina askoko talde baten inguruan egituratuta, halaber irakaskuntzaren praktikan eta esku-hartze eta transferentzi jardueretan espezializatuta dauden hainbat profesionalek ere osatuta. Sinnergiak zentroak ezagutzaren garapena sustatzen du, eragile heterogeneoekin lankidetza bultzatuz, bai ikuspegi sozialetik bai lurraldearen ikuspegitik, hala eremu lokalean nola nazioartekoan. Hori guztia desberdinen arteko lankidetza sustatuz, gizarte arazo eta eskakizunei erantzuteko, planteamendu, perspektiba eta jarduera berritzaileetatik abiatuta. Helburu zabal eta askotariko horiek betetzeko, Sinnergiak lau arlo nagusitan antolatuta dago: ikerketa, prestakuntza, ekintza eta esku-hartzea eta ezagutzaren transferentzia.
Elbira Zipitria Zentroaren ezaugarriak
Elbira Zipitria Zentrorako sarrera hormigoizko markesina baten azpian dago; markesina horrek, eguraldi txarra dagoenean erabiltzaileei babesa emateaz gainera, zentroa integratu nahi du campusaren gainerako eraikinetan.
Hegoaldeko fatxada, Ondarretako zabalgunera begira dagoena, aluminiozko xafla mugikorren taula batez dago eratuta, eta horren bidez barne espazio bakoitzaren argiztapen naturalaren maila kontrolatu daiteke.
Sarrera nagusia zabala eta argitsua da, eta horren buru eskailera handi bat gailentzen da, eraikineko solairu guztiak komunikatzen eta egituratzen dituena. Lehen solairuan, Arkilaneko arkitekto Juan Antonio Barrenecheak eginiko horma irudi handi bat nabarmentzen da.
Higiezin berria, gainera, iraunkorra da, energiaren ikuspegitik. Horretarako, geotermiako instalazio bat dauka, 125 metroko sakoneratik lurraren berotasuna jasotzen duten hodiez hornituta, eta instalazio fotovoltaiko bat, eraikinaren teilatuan.
Higiezinaren sotoan aparkaleku bat dago, eta administrazio dokumentuak gordetzeko agiritegi bat. Beheko solairuan, atezaindegia, Gizarte Berrikuntzarako Zentroa, erakusketa gune bat, eta Esperientzia Geletako ikasleen irakaskuntzarako espazioak daude.
Bestalde, eraikinaren lau solairuak luzetarako hutsune handi eta argitsu baten inguruan egituratzen dira, higiezinaren altuera osoa hartzen duena. Hutsunea, gainera, edukiontzi funtzioa betetzen du eskailera nagusiarentzat, zentro berriaren benetako identitate ikurra.
Eraikinak tamaina askotako gela eta bilera areto asko dauzka, lau solairuetan banatuta, arian-arian sor daitezkeen beharrei erantzuteko. Gelak pentsatuta daude haien tamaina eta banaketa obra txiki batekin aldatzeko. Horrez gain, areto handienek iparraldera ematen dute, eguzkiaren argiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko; hegoaldera begira dauden geletan, berriz, argiaren maila neur daiteke, kanpoko fatxadan jarritako xafla mugikorren bidez. Lehenengo solairuan ordenagailu gela bat ere badago Esperientzia Geletako ikasleentzat.
Era berean, atseden guneak daude solairu guztietan. Pertsonen arteko elkarrekintza sustatzeko diseinatutako gune horietan kolore askotako besaulki eta mahaiak jarri dituzte, eta horietako bakoitzaren buru zutikako lanpara handi bat dago.
Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU
