euskaraespañol

Redes sociales campusa

Langabeziak behera egin du

Euskadiko Lan Txostenak baieztatu du iraupen luzeko langabeziak behera egin duela, krisialdian aurrenekoz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/28

EPAren arabera, 38.000 langabe gutxiago izan dira azken hamabi hilabeteetan

FEDEA Lan Behategiak eskualdearen inguruan emandako informazioaren arabera, 2015eko 3. hiruhilekoko Euskadiko Lan Txostenak 16 urtetik gorakoen lan banaketan izandako aldaketak azaltzen ditu, Euskadiko lehenengo hiruhilekoko langabezia tasei zein landunei eta langabeei dagokienez. Sara de la Ricak zuzentzen duen ikerketa taldeak egin du txosten hori, Euskal Herriko Unibertsitatean. Era berean, hala Euskal Herrian nola Estatuan izandako lan trantsizioak erakusten ditu. Datu horiek 2007ko hiruhileko berean izandakoekin alderatzen dira (krisian sartu aurreko urtea izan zen), bai eta zehazki duela hamabi hilabete gertaturiko aldaketekin ere.

EPAren arabera, 38.000 langabe gutxiago izan dira azken hamabi hilabeteetan, eta 11.400 enplegatu gehiago. 16 urtetik gorakoak 22.900 gutxiago dira; hori dela eta, aldaketa partziala gertatu da, lanean hasi diren langabeen kopuruari dagokionez. Hala ere, ikusi da langabe kopurua gutxitu egin dela, Euskadiko biztanle helduak ere urritu egin direlako.

Urterik urte, Euskadiko langabezia tasek % 15,21etik % 13,76ra egin dute behera. Euskadi da, Errioxarekin, Nafarroarekin eta Balearrekin batera, langabezia tasa % 14tik behera jaitsi den erkidego bakarra. "Datuok itxaropentsuak dira, baina ez dugu ahaztu behar oraindik ere bide luzea dugula egiteko, krisiaren aurretik EAEn zegoen % 6ko langabezia tasa berreskuratu nahi badugu", gogorarazi du Sara de la Ricak, txostenaren zuzendariak.

Landunak

Gaur egun, Euskadin 875.700 enplegatu daude. Kolektibo horretako kideen aldaketei erreparatuta, honako hauek nabarmen daitezke:

Emakume gehiago dago EAEko landunen artean. Hala ere, landun gehienak gizonak dira. Euskadi da emakumeek presentzia handiena duten eskualdeetako bat, baina oraindik ere ez dago landunen artean gehienak emakumeak diren eskualderik.

Euskadi da landunen artean 25 urtetik beherako gutxien duten eskualdeetako bat (% 3,37). Hala ere, 12 hilabeteotan areagotu egin da haien presentzia. Bestalde, Euskadi eta Gaztela eta Leon dira landunen artean 45 urtetik gorako pertsona gehien duten eskualdeak (% 47). Gainera, hamabi hilabeteotan zertxobait areagotu da proportzio hori.

EAEko enpleguan industria sektoreak duen pisua areagotu egin da azken 12 hilotan, portzentaje puntu bat baino gehiago: ia-ia landun guztien % 22 aritzen dira sektore horretan.

Asko ugaritu dira aldi baterako lanak, hala EAEn nola Espainiako gainerako erkidegoetan. Azken 12 hilabeteetan, soldatapekoen aldi baterako lanak % 22,4tik % 24,3ra egin du gora, eta krisiaren aurreko % 28,6ko tasara hurbiltzen ari da. Gorakada horrek argi erakusten du zein den jarduera ekonomikoen aldaketen eraginez enplegua egokitzeko mekanismoa: aldi baterako kontratazioa eta/edo kaleratzea. Euskal Herriko jarduera ekonomikoa, urterik urte, % 2,4 handitzen da, eta enplegua % 1,3, baina enplegu berri horietako ia-ia gehienak aldi baterako dira. "Espainian sinaturiko behin-behineko kontratuen % 84 (9 milioi baino gehiago) 3 hilabetetik beherakoak izan direnez, begien bistan dago sorturiko enplegua ez dela batere egonkorra eta epe labur/ertainerako aukera gutxi dagoela", azaldu du De la Ricak.

Bestalde, 12 hilabete hauetan, zertxobait urritu da lanaldi partzialeko kontratazioa: % 16,4koa da egungo tasa. Are gehiago, Euskadi jada ez da Estatuan lanaldi partzialeko kontratu gehien egiten duen eskualdea.

Langabeak

Gaur egun, Euskadin 139.700 langabe daude, duela 12 hilabete baino 38.000 gutxiago. Langabeen kolektiboak hamabi hilabete hauetan izandako aldaketen artean hauek dira aipagarrienak:

Gizon langabe gehiago dago emakumeak baino, eta, gainera, ugaritu egin dira azken hamabi hilotan: langabeen % 53 baino gehiago dira.

Euskadiko hiru langabetik batek 45 urtetik gora ditu, eta proportzio horrek pixka bat egin du gora azken urte honetan. Halaber, langabeen artean 25 urtetik beherako gazte gehiago dago orain. Hiruhileko honetan, gutxi gorabehera sei langabetik batek 25 urte baino gutxiago ditu.

Zenbait hiruhilekotan lehen aldiz, gure langabeen artean behera egin du epe luzeko langabeziaren eraginak. Oraindik ere 100 langabetik 64k urtebete baino gehiago egin dute lan bila; duela hamabi hilabete, ordea, 100 langabetik 68 ari ziren lan bila. Hala, urteen artean horren beherakada nabarmena igarri den lehen aldia da. Euskadi jada ez da epe luzeko langabezia handiena duen eskualdea. De la Ricaren arabera "interesgarria litzateke beherakada horren zergatiak ulertzea; bereziki, egoera ahulean dagoen kolektibo hori berriz lanean hasteko hartutako neurri berezien ondorio ote den".

Euskal Herriko lan trantsizioak

Euskadin apur bat ugaritu da enplegu garbia; izan ere, hiruhileko honetan sortutako enplegu kopurua suntsitutakoena baino zertxobait handiagoa da. Alde hori orain hamabi hilabetekoa baino handiagoa da; hala ere, enplegu garbiaren kopurua oso txikia da oraindik.

Informazio guztia: www.informelaboraleuskadi.org